«Ezohiko derbia izango da erabat»

Miarritzek eta Baionak datorren denboraldian Top14an aritzea izango dute jokoan bihar, Aguileran. Bi taldeetako jarraitzaileek azpimarratu dute «gauza anitz» dagoela jokoan, baina lasaitasun mezu bat igorri nahi izan dute: «Gertatzen dena gertatzen dela, partida bat baino ez da».

Baionako eta Miarritzeko jarraitzaileak, euren taldeak animatzen. BAIONA-MIARRITZE.
Julen Etxeberria.
2021eko ekainaren 11
00:00
Entzun
Baiona eta Miarritze. Miarritze eta Baiona. Aspaldikoa da bi errugbi talde horien arteko lehia. Bada, lehia horrek goia joko du bihar. Miarritzeko (Lapurdi) Aguilera estadioan ariko dira, datorren denboraldian Top14an aritzea jokoan dutela (17:30, Canal Plus Frantzia). Baionak onenekin jokatu nahi du hirugarren sasoiz jarraian. Miarritzek, ordea, maila nagusira itzuli nahi du, azken zazpi denboraldietan Bigarren Mailan aritu ondoren. Bietako batek bakarrik jasoko du saria. 5.000 lagun izango dira harmailetan: Miarritzeko 4.162 zale; Baionako 734; eta Frantziako Ligako 104 ordezkari.

Pil-pilean dago giroa. Agerikoa da oso partida berezia dela, eta ez duela antzik orain arte jokatutako derbiekin: «Ezohikoa izango da erabat. Ez da izango adiskidantza festa bat, ezta euskal errugbiaren festa ere. Tentsio handia egongo da. Gauza anitz dago jokoan», dio Xexili Foix Baionako zaleak (Baiona, 1972). «Derbiak beti dira derbiak, baina oso ezberdina izango da: ez daude jokoan puntu batzuk, Top14an aritzea baizik. Sari handia da», zehaztu du Mikel Amilibia Miarritzeko zaleak (Baiona, 1983).

Foixek eta Amilibiak desio bera zuten aurreko larunbatean: lehenbizi, Miarritzek Bigarren Mailako finala irabaztea Perpinyan (Herrialde Katalanak), eta mailaz igotzea; eta, gero, Baionak gutxienez puntu bat lortzea Stade Françaiseren aurka etxean, eta mailari eustea. Biek bertatik bertara ikusi zuten euren taldea, eta penaz hartu zuten patuak ekarritakoa: «Aukeren artean txarrena zen Baionak eta Miarritzek elkarren aurka jokatu behar izatea», dio Foixek. Amilibiak, berriz, txarrenari onena bilatu dio: «Txarrenean, ziur ariko da euskal talde bat Top14an. Espero dut Miarritze izatea». Beste horrenbeste nahi du Foixek ere.

Foixen arabera, bi taldeek «asko» dute jokoan. «Baionarentzat kolpea litzateke jaistea: batetik, egitasmo batzuk ditu martxan, eta horien artean garrantzitsuena, estadioaren eraberritzea; bestetik, zenbait jokalari ditu fitxatuak. Lanak zailduko litzaizkioke maila galduz gero. Baina Miarritzek ere asko du jokoan: Bigarren Maila uztea eta Top14an aritzea». Ez dago ados Amilibia: «Miarritzek ez du ezer galtzeko. Galtzen badu, dagoen tokian geratuko da. Aldiz, Baionak galtzen badu, maila galduko du, eta sekulako kolpea hartuko du, kirol arloan zein diru kontuetan».

Ez daude ados faboritoa nor den esateko orduan ere: «Baiona da Top14ko taldea, baina azken urteetan beti irabazi du Bigarren Mailan ari zen taldeak. Halako partidetan ezer gutxirako balio du logikak. Ziur naiz Miarritzen Baionari sartu nahi diotela presioa», esan du Foixek. Bete-betean asmatu du: «Baiona da faboritoa. Hura da Top14ko taldea, eta Miarritze Bigarren Mailakoa. Aldea dago, kalitatez eta diruz», azaldu du Amilibiak. Partida «gogorra» izango dela eta «buruak zeresan handia» izango duela; horretan, ordea, bat datoz. Eta gertatzen denak «arrastoa» utziko duela. «Irabazleak uda polita pasatuko du; galtzaileak, aldiz, bizilagunaren txantxak entzun beharko ditu denbora luzez», dio Amilibiak.

Horren harira, ez dute nahi giroa oker dadin. Foix: «Partida bat baino ez da, eta errugbiak oso balio argiak ditu: adiskidantza eta errespetua. Horiei eutsi behar zaie». Amilibiak, berriz, egoera ekarri du gogora: «Koronabirusak argi utzi digu gauza askoz garrantzitsuagoak daudela bizitzan. Izan dadila gozatzeko egun bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.