Roland Barthes autorearen heriotza

Gaur dira 40 urte Roland Barthes pentsalari eta idazlea hil zela. Haren idazkerak milaka irakurle erakarri zituen, eta haren lanek irakurle guztientzako eskuragarri bilakatu zituzten estrukturalisten pentsamenduaren tresna kritikoak. Haren bizitza estuki lotuta dago Lapurdirekin.

BERRIA / BERRIA.
Inigo Astiz
2020ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Autorearen heriotza. Topiko bilakatzeraino hedatu, erabili eta murriztu da dagoeneko literatura ulertzeko modua eraldatzen lagundu zuen 1967ko artikulu ezagunaren titulua, baina lehen kolpean izenburuak kontrakoa irudi lezakeen arren, testuaren azken esaldiak argi adierazten du gogoeta horrek antz handiagoa duela jaiotza ziurtagiri batekin, hileta martxa batekin baino. «Autorearen heriotzaren bidez ordaindu behar da irakurlearen jaiotza». Gaur bete dira 40 urte Roland Barthes pentsalari, literatura kritikari eta semiologoa hil zenetik (Cherbourg, Frantzia, 1915- Paris, 1980), eta ezinbesteko dirudi haren artikulurik ezagunenetakoari aipamena egiteak; batetik, haren heriotzari buruz hitz egiteko aitzakia argia eskaintzen duelako, noski, baina, bestetik, baita, haren heriotzaren detailea gorabehera, haren testuek bizirik jarraitzen dutela aldarrikatzen duelako ere. «Ez dago adierazpenaz bestelako denborarik, eta testu guztiak eternalki daude orain eta hemen idatzita».

Mythologies izeneko gogoeta laburren bildumarekin hasi zuen Barthesek izar bilakatzeko bidea, 1950eko hamarkadan. Ikerlariak literatur testu bat osatzen duten elementu guztiak ikertzeko baliatzen zuen zorroztasun berarekin aztertzen zituen eguneroko bizimoduan errotutako elementurik ezdeusenak testu horietan, eta, hala, edonoren eskura jarri zuen gogoeta intelektual estrukturalistak sortutako tresneria kritiko guztia. Bestseller moduko bat bilakatu zen obra, eta nabarmena da autorearen begirada zientifiko eta, aldi berean, poetikoa, besteak beste, striptease-ari, patatekin zerbitzatutako okelari edota Citroen 19 auto modeloari eskainitako piezetan. «Uste dut autoak katedral gotikoen baliokide zehatzak direla gaur egun; sasoiko sorkuntza gorena, alegia, artista ezagunek pasioz bururatuak eta populazio zabalak, hala irudi forman nola erabilera bidez, objektu magikoa balira bezala hartuak».

Adituek diotenez, Frantziako intelektualtasunak estrukturalismotik postestrukturalismora egindako bidea marrazten du Barthesen liburuz liburuko ibilbideak, eta sekula sistematikoki aztertzera iritsi gabeko hamaika ikerketa ildoren tantaz tantako arrastoa uzten du haren bibliografiak. Gehienetan, txatal laburrak bilduz idazten zituen bere lanak, eta, besteak beste, S/Z (1970), Roland Barthes par Roland Barthes (1975)Fragments d'un discours amoureux (1977), eta argazkigintzari buruzko La Chambre claire : Note sur la photographie (1980) liburuak dira haren lanik aipatuenetako batzuk. Oharrak. Txatalak. Apunteak.

Hil aurretxoan eskainitako hitzaldi batean gazte sasoiko gehiegikeria estrukturalistatzat jo zuen autorearen heriotzari buruzko artikulua, eta urteen joanarekin, berak ere, gero eta joera biografikoagoa hartu zuen bere testuetan. Eta, paradoxikoki, izan zen autorearen heriotza aldarrikatu zuen idazleari homosexuala eta ezkertiarra izatea barkatu ez zionik ere.

Ahurtiko hilobia

Euskal Herriarekin estu lotuta dago Barthesen bizitza. Cherbourgen jaio arren, Baionan eman zuen haurtzaroa, helduaroan Lapurdin pasatzen zituen udak, eta han idatzi zituen bere obra esanguratsu gehienak ere: Baionan lehenik, Hendaiako hondartza inguruetan ondoren, eta, behin arrakasta lortu ostean, Ahurtin. Bertan ehortzi zuen bere ama lehenik 1977an, eta bertako hilerrian dago haren hilobia ere.

Barthesen lau lan irakur daitezke euskaraz egun, eta laurak kontsulta daitezke doan sarean. Juan Garziak itzulita, elkarrekin argitaratu zituen Euskal Herriko Unibertsitateak Idazkuntzaren zero gradua eta Testuaren atsegina lanak, Klasikoak izeneko bildumaren barruan. Koldo Izagirrek Incidents artikulu bildumatik jasotako bi pieza ere irakur daitezke www.armiarma.eus atarian: Frantziako Turra epopeia gisa izenekoa, batetik, eta egileak Baionari ikusten dizkion argilunak biltzen dituen Sud-Ouestaren argia, bestetik. «Burgesia probintzia da niretzat», dio Barthesek bertan, «eta probintzia Baiona da; baserria (nire haurtzarokoa) Baionaren barnelurrak dira beti ere, ibilaldi, bisita eta ipuinen multzoa». Eta borobil bukaeran: «Horregatik da haurtzaroa herri bat ongien ezagutzeko daukagun errepidea. Funtsean, haurtzarotik ez bada ez dago Herririk».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.