Etxean ondo hasi nahian

Baskoniak Euroligako partida jokatuko du gaur Buesa Arenan, Armani Milanen kontra. 12.527 zale egon ahalko dira harmailetan

Olympiakoseko Vezenkov eta Baskoniako Enoch lehian, lehen jardunaldiko partidan. GEORGIA PANAGOPOULOU / EFE.
ainara arratibel gascon
2021eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Baskoniari kostatzen ari zaio denboraldiari neurria hartzen hastea. Arabarrek galdu egin dituzte azken hiru partidak—bi ACB ligan eta bat Euroligan—eta nabari da jokalarietako asko berriak direla, eta oraindik ere barneratzen ari direla Dusko Ivanovicen jokatzeko era eta lan egiteko modua. Halaber, teknikaria ere puzzlea osatzen ari da. Gainera, hainbat jokalari min hartuta egon dira, edo arrazoi pertsonalengatik jokatu ezinik. Walde Baldwinek, adibidez, AEBetara joan behar izan zuen aita izan zelako, eta Alec Petersek jokatu ezinik segitzen du.

Egokitzapenak egokitzapen, goi mailak ez du gupidarik, eta igandean Manresaren aurka galdu ostean, Ivanovic argi mintzatu zen: «Hobeto egin behar dugu lan. Alferrik da kexatzea edo aitzakiak jartzea. Egutegiak ez du barkatzen». Teknikariak onartu zuen taldea ez zela ondo aritu erasoan, eta baloi gehiegi galdu zituela: 22 izan ziren guztira. «Hainbeste baloi galduta, oso zaila da norgehiagoka bat irabaztea goi mailan».

Gaur dute bolada txarra eteten hasteko lehen aukera. Euroligan, Armani Milan hartuko dute Buesa Arenan (20:30). Berezia izango da gaurko neurketa, Eusko Jaurlaritzak murrizketak kendu eta gero, 12.527 zale egon ahal izango baitira harmailetan, edukieraren %80a. Haiei eskaini nahi diete garaipena jokalariek. «Guretzat pizgarri handia da. Gogo handiz gaude hobetzen segitzeko eta emaitza bolada on bat lortzeko. Talde berria gara, eta pazientzia izan behar da», adierazi du Simone Fontecchio jokalariak. Lehen jardunaldian Olympiakosen pistan emandako itxura kaskarra aldatu nahi dute. 25 punturen aldearekin galdu zuten: 75-50. Erasoan batez ere kamuts aritu ziren.

Baina Armani Milan ez da nolanahiko aurkaria. Italiarrek CSKA hartu zuten mendean lehen neurketan: 84-74. Partida hasieran 19-29 atzetik egon ostean lortu zuten, gainera. Norgehiagokako saskiratzailerik onena Baskoniako jokalari ohi bat izan zen: Shavon Shields; hamazazpi puntu sartu zituen. Italiako Ligan ere irabaztetik dator. 93-72 gailendu zitzaion Al Dolomitari. Etore Messinak, gainera, atsedena eman zien bi jokalari garrantzitsuri: Sergio Rodriguezi eta Kyle Hinesi.

Kontuan izan behar da Armani Euroligako Lauko Finalera iritsi zela aurreko sasoian, eta hirugarren lekuan amaitu zuela. Messinaren taldeak ahalmen handia du, bai teknikoki, bai fisikoki. Baskoniak ez bezala, taldearen bizkarrezurrari eusten dio: Rodriguez, Malcom Delaney, Luigi Datome, Hines.... Denboraldi honetarako, gainera, Nicolo Melli fitxatu du NBAtik. Nahiz eta bertan ez zuen askorik jokatu, Bambergen eta Fenerbahcen erakutsi zuen nolako jokalaria den, eta berriz bere onenera bueltatu nahi du.

Peters gabe

Fontecchiok argi du: «Euroliga irabazteko eraikitako taldea da Milan. Partida guztian oso adi egon beharko dugu, patxadaz jokatu, eta batuta egon. Bestela, zaila izango da irabaztea».

Gaurko neurketari begira, Baldwin jokatzeko prest dago, AEBetatik itzuli baita. Astelehenean zabaldu zen Baskonia eta jokalaria kontratua eteteko negoziatzen ari zirela. Baina, badirudi, ez dela hala izango. Gaur, Jayson Grangerrekin batera, taldea gidatzeko ardura izango du. Peters, berriz, min hartuta dago oraindik ere, baita Sander Raiest ere.

Iragan denboraldian, Baskoniak liga erregularreko bi neurketatan lortu zuen garaipena italiarren kontra. Milanen 79-84 irabazi zuen, amaiera estu batean. Baskoniaren 500. partida izan zen Euroligan. Buesa Arenan, berriz, alde handiagoarekin lortu zuten garaipena: 86-69.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.