Donostiako Aste Nagusia

Kantuz girotu dituzte kaleak

Euskal kantuak abestu dituzte Xelebreak kofradiakoek eta kantujirakoek Parte Zaharrean, musikak lagunduta. Pirata Bihurriek Haurren Eguna ospatu dute Flamenkan; jolasekin ekin diote egunari

Flamenkan ekin zioten atzo kantujirari, eta Parte Zaharreko kaleetan jarraitu zuten gero. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
Donostia
2018ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
«Gaurkoa kantujira pirata da», azaldu du Jexux Arrizabalagak; Xelebreak kofradiaren txaleko grisa darama jantzita, inguruko beste zenbaitek bezala. Hainbat euskal kanturen hitzekin osatutako bildumatxoa dute esku artean. Urtero legez, Donostiako kaleak girotu zituzten atzo eguerdian dozenaka lagunek. Eztarriak eta musika tresnak astindu zituzten bi ordu inguruz.

Donostiako kantujirako lagunek ederki asko dakite zein den euren hitzordua: hileko hirugarren larunbata; baina badute beste hitzordurik ere, Aste Nagusikoa, besteak beste. Hura, kantujira pirata izateaz gain, berezia ere badela azaldu du Arrizabalagak: «Hiru arrazoi daude hori esateko: ez da ohiko eguna; Flamenkatik ateratzen gara, etaalkateari abesten diogu».

«Hamabiak dira, goazen!» esanaz bildu ditu Pako Sexmilo zuzendariak kanturako prest dauden lagunak. Xelebreak kofradiako bandera darama esku artean haietako batek, eta haren inguruan egin dute korroa. Flamenkan ekin diote, pare-pareko abestiarekin: Jaiki, Jaiki. «Abestu ahala berotuko dugu eztarria!», esan du emakume batek. Laster hartu diot erritmoa, Sexmiloren eskuen mugimenduak gidatuta.

Hiruzpalau kantu abestu dituzte Flamenkan, bata bestearen jarraian, tarterik hartu gabe. Parte Zaharra dute orain jomugan: Jose Agustin Elorza eta Iñaki Larrañagak ireki dute bidea, trikitiarekin eta panderoarekin. Tertuliarako tartea izan dute abeslariek hurrengo geldialdia egin bitartean. «Orain erretiratuta gaude, eta herriz herri gabiltza, ferianteak bezala», azaldu du Alazne Olaziregik, brometan. Donostian bezala Tafallan eta Lizarran ere (Nafarroa) ibiliko baitira udan abesten.

«Askotan ateratzen gara kantuan; eguneroko ogia da guretzat», esan du Endika de Miguelek. Kantujirak Baionan hasi zirela gogoratu du: «Egunkaria itxi zutenean atera ginen hemen lehenengoz; gustatu egin zitzaigun, eta jarraitu egiten dugu». Kantuan ez ezik, zeharkako txirula jotzen ere ederki moldatzen da De Miguel. Akordeoia, gitarra, danborra eta beste izan ditu lagun.

Bizpahiru geldialdi egin dituzte Parte Zaharrean; horietako bat, Mikel Laboaren jaiotetxearen aurrean: «Beti geratzen gara hemen; omenalditxoa egiten diogu», azaldu du Esther Saguesek. Baratze bat, Herribehera, Martxa baten lehen notak eta beste abesti ezagun ugari izan dituzte ahoan. Kaleak girotzeaz gain, jakin-mina ere sortu dute turisten artean, eta izan da etxeko balkoitik begira-begira egon denik ere.

Haurrak ere pirata

Festak ez du adinik; horren lekuko izan dira ilea urdindutakoak. Ez dira bakarrak izan, ordea, umeek ere gozatu baitute jaiaz. Hain justu, Haurren Eguna ospatu zuten atzo Donostiako Piratek. «Haurrak aste pirataren parte dira. Haiek dira protagonista egun honetan», azaldu zuen Carmen Altuna Pirata Bihurrien kofradiako kideak, txaleko berdea soinean. Begirale lanetan ibili da, beste 30 lagunekin batera.

Flamenkan ekin diote ume eta begiraleek egunari. «Lotsatuta dago», esan die ordua baino lehen iritsitako ume baten amak begiraleei. Jolasean hasi orduko ahaztu ditu lotsak. Gogotsu etorri da Maddi Bengoa; 10 urte ditu, eta Ezkilaren buruhandia darama jarrita: «Abordatzea da gehien gustatzen zaidana».

Laster hartu diote neurria gaztetxoek Flamenkari, baita jolasei ere: puzzlea, zapi jolasa, urez betetako puxikarena eta beste egin dituzte. Kolorez eta ilusioz bete dute ingurua, eta hurrean izan dituzte zenbait guraso ere. Jolasak amaitzean, arratsalderako indarrak hartzeko bazkaria egin dute, abordatzerako urduritasunak zenbaiti gosea kendu badio ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.