EZTARRIA BELTZ

George Floyden erailketak arrazismoaren aurkako borroka bizitu du, AEBetako kaleetatik beste hamaika plazataraino. Komunitate beltzak esklabotzaren ilunenetik baliatu du musika elkarrengana batzeko, eta ia ereserki bihurtu diren kantuak utzi ditu kateak ordutik. Euskal kantutegian ere badira zenbait ale.

Nina Simone Parisko Olympia aretoan, 1969an. BERRIA.
itziar ugarte irizar
2020ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
«Hegoaldeko arbolek fruitu arraroa dute/ Odola hostoetan, odola sustraietan,/ hegoaldeko brisaren gorpu beltzak balantzaka/ fruitu arraroak zumarretatik zintzilika». Testuinguruan kokatu gabe lehenengo entzunaldian nekez antzeman daiteke kantuak biltzen duen sumina. XX. mendearen lehen herena AEBetan. Hilotz beltzak zintzilik herrialdearen hegoaldean. Eguneroko ogi dira beltzen aurkako krimenak. Zuriak bestaldera begira. Eta ahots geldo baina indarrez betetako batek arrakala bat dakar erdi oharkabe. Zortzi hamarkada igaro dira, eta arrazakeriak zeharkatzen ditu afro-amerikarren bizitzak. Ez da beltzik makaletatik zintzilik; polizia zuriak asfalto gainean etzanda zapaldu zion eztarria George Floydi, 2020ko maiatzaren 25ean. Esklaboz betetako ontziak AEB hegoaldeko portuetan itsasoratu zirenetik salatu du komunitate beltzak eurenganako jazarpena. Eta hor izan da beti musika; injustizietan zutiarazten, oinazean baretzen. Eta kantuen eta kantuen jario bat utzi du horrek.

Garai hartako klub gehienetan, soilik musikari moduan har zezaketen parte beltzek iragan mendearen hasieran; Louis Armstrongek fokuen argia baliatu zezakeenean halako ironia salagarri batez kantatzeko: «Nire bekatu bakarra/ nire azala da/ Zer egin dut/ hain beltz eta hain triste izateko?». Korneta jotzen ume beltzen erreformatorio batean ikasi zuen hori bazen nor ordurako jazzaren munduan. 1920ko urteak ziren, eta jazza segregazioaren legeak desafiatzeko egoerak sortzen hasia zen, musika beltzak entzule zurien artean interesa piztu zuenean.

Baina 1929ko Depresio Handia heldu zen, eta orduko musika industriak kolpe gogorra jaso zuen. Emigrazio olde handiak jazo ziren, eta arraza diskriminazioa irmotu. Hor heldu zen beltzen eskubideen aldeko gogoetari dei egingo zion kantu ausartenetako bat, Billie Holidayren Strange Fruit. Urkatutako biztanle beltzen sinbolo ziren zumarretatik zintzilika zeuden fruitu arraro haiek, Holidayren ahotsak milaka etxetara zabaldu zituenak. Abel Meeropool izeneko irakasle zuri batek idatzi zituen olerkiak, egunkari batean lintxamendu baten argazkiak ikusi zituenean. Thomas Sipp eta Abram Smith ageri ziren argazkietan. Meeropoolek sortutako kanta sasoi batez haren emazteak abestu zuen lagunarteko bilkuretan, harik eta irakasleak berak Holidayri erakutsi zion arte, 1939an. Hasieran, Holidayk berak ez zuen kantua kontatzen ari zena bere jendearen errealitatearekin lotu, baina, urte batzuetara Meropoolek kontatuko zuenez, egun gutxira berriz elkartu ziren biak, eta, abeslariak erakutsi zizkion moldaketekin eta kantatzeko erarekin, inoiz ez bezala ikusi zituen jasota irakasleak sortzetik kantuak erakutsi nahi zituen izugarrikeria eta samina. Milioi bat aletik gora saldu ziren AEBetan, eta senatari bakoitzak ere kopia bana jaso zuen.

[youtube]https://youtu.be/Web007rzSOI[/youtube]

Hiru bat hamarkada igarota, pistola bat hartu eta justizia bila kalera ateratzeko bulkada batek hartuko du Eunice Waymon, hots, Nina Simone, Ku Klux Klanekoek eliza bati su eman eta lau neska erail dituztela kontatzen diotenean. Hiru hilabete lehenago, Medgar Evers aktibista etxeko atarian hil zuten dute tiroz, emaztearen eta seme-alaben ondoan zela. Ku Klux Klanekoak joko ditu erruduntzat epaimahai zuri batek, denbora luzera. 1964. urtea da, eta bi gertakari mingarrien bulkadak kantu bihurtuko ditu Simonek: Mississippi Goddam. «Piketeak/ boikotak eskoletan/ komunisten jukutria bat omen da/ berdintasuna baino ez dut nahi/ ahizparentzat, anaiarentzat, nitarrentzat eta neuretzat». Ekintzarako deitzat hartuko da, eta mugimendu beltzaren barruan ikono bat bihurtuko. Gori dago giroa 60ko urteetan: sektore bat borroka armatuaren alde lerratuko da; emakume beltzak ere antolatu egingo dira.

[youtube]https://youtu.be/LJ25-U3jNWM[/youtube]

Kantua plazaratuko den urte berean oihukatuko du Martin Luther Kingek amets bat duela, eta Lyndon B. Johnson presidenteak Civil Rights Act hitzarmena sinatuko du, segregazioarekin amaitzeko, Baina odoltsu segituko du gatazkak; 64an bertan erailko dute Malcolm X —beste kantu askok oroituko duten figura—, eta 68an Martin Luther King. Hiriek eztanda egingo dute, eta James Brownek ozen abestuko du: «Beltza naiz eta harro nago». Aretha Franklinek errespetua galdegingo du.

Poliziaren indarkeriak eta arrazakeriaren injustiziak utzitako kantu zerrendetan falta ezin den horietako bat da Marvin Gayeren What's going on (1971) ere. Al Clevandek Vietnamgo gerraren kontrako protesta baten ondoren idatzi zuen, eta, Four Topseko kideei ez zitzaienez interesatu, Gayeri eskaini zion kantua. Soul kantariak olerki batzuk erantsi zizkion, Los Angelesko Watss hirian milatik gora zauritu eta 30etik gora hildako utzi zituen gertakaria eta Vietnamen zuen anaia gogoan.

[youtube]https://youtu.be/fPkM8F0sjSw[/youtube]

Beste garai emankor bat arrazakeriaren inguruko kantagintzarentzat 80ko hamarraldikoa izan zen, non apartheidaren borroka lehen lerroan zen. Asko dira sasoia jasotzen duten kantuak; horien artean dago Peter Gabriel kantari ingelesaren Biko (1989), torturatu eta erail zuten Steve Biko ekintzailearen omenez idatzia. «Kanpoko mundua zuri-beltza da/ eta kolore bakarra hilik».

[youtube]https://youtu.be/dAjv7QCQkzw[/youtube]

«Eta beltza hintzelako»

Itsasoaren beste aldean, 1960ko urteetatik aurrera hedatu ziren arrazakeriaren aurkako kantua eta musika beltzaren eragina Euskal Herrian. Ameslariak taldeak beltzen eskubideen aldeko lan oso bat atera zuen 1969an, eta oihartzuna agerian uzten du, halaber, Benito Lertxundiren ahotik New Yorkeko Harlem auzoaren aipamena entzute hutsak: «Goseen Harlem, doinu zakarra,/ izen gabeko mixeri zarra,/ bular legorrak zintzilik eta/ irentsitako karraxi latza». Eta kantuari izena zor dion errepika: «Ez kanta, beltza, alperrik ez kanta,/ indarren kontra jaso indarra».

[youtube]https://youtu.be/13AhgJ1kNns[/youtube]

Sasoi berekoa da Imanolen George Jackson (1973) ere. Orain borrokarenean diskoan eman zuen, Mikel Azurmendiren hitzekin: «Xuri guziak ez dira irinak/ ezta beltz guztiak ikatzak». Pantera beltza zen Jackson; kartzelan sartu zuten 18 urterekin gasolindegi batean 70 dolar osteagatik, eta tiroz hil zuten espetxean. «70 dolar xuri/ eta beltza hintzelako, Jackson,/ beltza hintzelako/ aski dituk izan/ 70 dolar xuri,/ Jackson,/ hi akabatzeko/ gosez/ eta beltza hintzelako». Eta hamarkada bereko beste ale bat Guk taldearena, 1976. urtekoa, eta protesta kantuaren elementu guztiekin ondua. «Oi amerikano beltzak/ iragaiten dituzue oren latzak/ zurien eskubide berdinak/ nahi dituzte eta/ herioan edo kartzelan/ guzien saria».

[youtube]https://youtu.be/itiFEittv-c[/youtube]

Baina, arrazakeriaren kontrako konpromisoa eta kantagintza esanda, Fermin Muguruzaren kantua entzungo du askok, Kolore bizia-n (1993), adibidez. «Hauxe da arrazakeriaren kontra/ manifestazioa zeren eta/ Lucreziari eskaini nahi izan nion/ olerki xamur eta labur bat./ Eta estatuaren/ segurtasun indarren kontra/ panfleto bat atera zitzaidan/ politikari guztiak/ faltsuak baitira». Kortatu, Negu Gorriak eta Dutekin ere makina bat utzi zituen; Desmond Tutu eta gaztelerazko beste batzuk tartean.

[youtube]https://youtu.be/LAHrE3TydFA[/youtube]

Musikari beltz euskaldunak kontatzen hasita, aldiz, sobera dira hatzak. Afrika Bibang da horietako bat. Ke No Falte reggae taldean hasi, eta Muguruzarekin aritu zen Brigadistak Sound System (1999) diskoan. Bakarkakoari heldu zion gero, soularen errailetik, eta iazkoa du lanik berriena: Nomada. BERRIAri aurreratu dionez, hain zuzen belztasunaz ariko den proiektu batean ari da orain lanean.

Reggae musika eta jatorri afrikarra aldarrikatzen duten beste estilo batzuk jorratu dituzten proiektuak ere izan dira Euskal Herrian. King Mafrundi izan zen horietako bat, 90eko hamarkadan. Jimmy Arrabit (Itoiz) bateria jotzaileak bultzatu zuen, Ipar Euskal Herrian bizi ziren afrikar jatorriko beste musikari batzuekin. «Konplikatua zen», oroitu du. «Konplikatua zen, betiko ilegalitate arazoak tarteko. Baina, beste aldetik, asko jotzen genuen, bazen publikoa». Jatorri afrikarreko euskal herritarrekin elkarlanean aritzea izan zen proiektuaren motorra, eta, Arrabitek dioenez, arrazakeriari berari kantatu gabe, auziari heltzeko beste modu bat izan zitekeen. «Artistikoki ere beti maitatu dut musika beltza, eta posible izan zen elkarrekin egitea. Gainontzean gauzak ez dira asko aldatu, eta tristea da».

[youtube]https://youtu.be/PrPCOAeP7SM[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.