Diasporatik 'brexit'-ari begira

'Brexit'-ari buruz hitz egitean, ziurgabetasun sentipena da nagusi Euskal Herrian bizi diren ingeles eta eskoziar zenbaiten artean. Halere, gehienek ez dute aldaketarik espero eguneroko bizitzan Erresuma Batua Europako Batasunetik ateratzen bada.

Pat Cowie.
Pat Cowie. GORKA RUBIO / @FOKU

Zihara Jainaga Larrinaga -

2019ko irailak 26

Erresuma Batua Europako Batasunetik ateratzeko data jarria dago: urriaren 31. Egun horretarako espero da brexit-a gauzatzea. Baina urriaren amaieratik aurrera gertatuko dena idatzi gabe dago. Euskal Herrian bizi diren zenbait ingeles eta eskoziarren artean zalantza da nagusi. Hedabideetatik jarraitzen diote euren jatorrizko herrian gertatzen denari; oro har, segurtasun falta sentitzen dute. Kezkatuta daude, inork ez dakielako ziur zer gertatuko den. Brexit-aren baldintzen berri izanda, berriz bozkatzearen aldekoak dira gehienak. Hala ere, gertatzen dena gertatzen dela, espero dute konponbideren bat egongo dela eta Euskal Herrian bizitzen jarraitu ahalko dutela. Europar gisa lasai etorri ziren Euskal Herrira, eta baliteke egun batzuen buruan haien egoera erabat aldatzea.
 

1. PAT COWIE Portgordon (Eskozia)

«'Brexit'-a gauzatuz gero, pentsiodunok eragin latzak izan ditzakegu»

Euskal Herritik begiratuta, brexit-a «antzerki bat» dela uste du Pat Cowiek. 32 urte daramatza Gipuzkoan bizitzen; egun, Zarautzen bizi da, eta ingeleseko irakasle izan da hamabost urtez. Eskozia iparraldeko Portgordon herrian jaio zen; 39 urte zituela iritsi zen Euskal Herrira, senarrarekin.

Gehienbat pentsioek arduratzen dute Cowie. «Brexit-a gauzatuz gero, pentsiodunok eragin latzak izan ditzakegu». Brexit-a gauzatuz gero, Europako herrialdeen artean duten akordio hori hautsi eta kolokan geldituko da beraien egoera.

Azpimarratu du brexit-ak eragin nabarmena izango duela Erresuma Batuko merkataritzan, industrian, osasun sisteman eta hezkuntza sisteman ere. «Legeak, normak edo tasak aldatzeak herrialdeen arteko akordioak aldatzea ere ekarriko du». Horrekin lotuta, Erresuma Batuan kanpotik joandako langile asko dagoela ohartarazi du Cowiek: «Are gehiago Eskozian». Egoera berezia da eskoziarrena, bi alde baitituzte. «Ikusi beharko da brexit-a gauzatuz gero Eskoziak bigarren erreferenduma egiteko eskatzen duen», esan du Cowiek. Eskozian, Galesen eta Ipar Irlandan konplexua da egoera, eta, dioenez, «hau hasiera baino ez da izango; gero gai denak eztabaidatu beharko dira parlamentuan».

Bestalde, Cowiek uste du brexit-ak herrialdeko agintarien denbora gehiegi bereganatu duela. «Gai garrantzitsu asko alboratu eta gerorako utzi dituzte». Ez du inoiz planteatu sorterrira itzultzea, baina badaki hurrengo asteetan bere egoera alda litekeela: «Brexit-a aurrera ateraz gero, Espainiako nazionalitatea eskatzea planteatu beharko dut hemen bizitzeko». 2.» 

2. JUDY HART Londres (Ingalaterra)


ARITZ LOIOLA / FOKU

«'Brexit' posiblearen ondorioz, erretiroa aurreratu behar izan dut»

Judy Hart oporretan etorri zen lehenengo aldiz Euskal Herrira. Aitona bertakoa zuen, eta senitartekoak ezagutzera etorri zen. Tokia gustatu zitzaion, eta, urte batzuen ostean, bueltatzea erabaki zuen. «Hemengo bizimoduak erakarri ninduen». Bigarren hartan, baina, gelditzea erabaki zuen, eta ordutik ia 50 urte daramatza Bilbon bizitzen. Bizkaiko hiriburuan dagoen Kikarea Coffee & Bakery kafetegi ingelesean aritu da lanean urte hauetan, alabak erreleboa hartu dion arte. «Brexit posiblearen ondorioz, erretiroa aurreratu behar izan dut, herrialdeen arteko akordioak aldatu baitzitekeen gerorako utziz gero».

Erresuma Batuan «gauza oso arraroak» gertatzen ari direla dio. Ziurgabetasun sentsazioa nagusi du gorputzean: «Inork ez daki benetan zer ondorio izango dituen brexit-ak, eta horrek segurtasun eza sortzen du». Euskal Herrian jaiotako senarra eta seme-alabak ditu Hartek, baina berak Erresuma Batuko nazionalitatea soilik du. «Ezin ditut biak eduki, eta, badaezpada, ez dut hangoa galdu nahi, egunen batean itzuli nahi badut ere». Bizitza erdi baino gehiago hemen darama, baina, brexit-aren kasuan, atzerritarrek eskatzen duten nortasun agiria eskatu beharko duela uste du; hori da bere egunerokoan espero duen aldaketarik handiena. «Denbora asko daramat hemen, eta horrek laguntzen dit, baina ez dit ziurgabetasuna kentzen». Hala ere, berak baino denbora gutxiago daramatenek arazo gehiago izango dituztela uste du.

Erresuma Batuan elur bola handi bat egiten ari direla dio. «Jendea nazkatuta eta arduratuta dago. Okerrenean, baliteke sendagaiak eta ura faltako diren egoera batera iristea».

Oraindik 50. artikulua baliogabetzeko esperantza du Hartek. «Bigarren erreferendum bat egiteak emaitza irauliko luke». Halere, erreferendum berri batekin, kanpoan bizi direnei ere bozkatzen utzi beharko lieketela uste du, emaitzak azken finean euren bizimoduan ere eragiten duelako.

3. VINCENT WEST Southampton (Ingalaterra)


LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

«Ezjakintasunean bizi gara; ez dakigu zer gertatuko den»

Erresuma Batua Europako Batasunetik aterako dela uste du Vincent West argazkilariak. Ingalaterra hegoaldeko Southampton herrian jaio zen, baina 22 urte daramatza Gernika-Lumon (Bizkaia) bizitzen. «Amodio kontuengatik etorri nintzen». Nazioarteko argazki agentzia baterako lan egiten du, eta azpimarratu du autonomoen kuotak ordaintzen dituela duela hogei urtetik.

Ardura puntu batekin ari zaio jarraitzen jaioterrian gertatzen ari denari: «Ezjakintasunean bizi gara; ez dakigu zer gertatuko den, ezta prozesua nolakoa izango den ere ». Halaber, bere egunerokoan zehazki zein eragin izango duen ez badaki ere, ez du espero arazo aipagarririk brexit-aren ondorengo egunean. «Espainiako kontsulatuan galdetu dut hemen bizitzeko arazorik izango dudan, eta ezetz ziurtatu didate».

Azken orduko akordio bat posible izan daitekeela uste du Westek: «Hala, denok egongo gara egoera normalizatu batean».

4. RICHARD WEINDLING Glasgow (Eskozia)


IÑIGO URIZ / FOKU

«Munduan dauden arazoak ikusita, gai hau oso erlatiboa da»

«40 egun inguru falta dira, eta tunelaren bukaeran ez da argirik ikusten». Hala definitzen du Erresuma Batuko egungo egoera Richard Weindling kazetari eskoziarrak. Baina adierazi du ez duela merezi egoera konplexuaren aurrean arduratuta egotea. Weindlingek 25 urte daramatza Iruñean bizitzen, eta emaztea eta seme-alabak bertakoak ditu.

Gaia asperdura maila «ikaragarrira» iritsi dela esan du. Jendeari haserrea eta urduritasuna gailentzen zaizkio, baina prozesua asko luzatzeak brexit-aren alde daudenei kalte egiten diela uste du. «Munduan dauden arazo guztiak ikusita, gai hau oso erlatiboa da». Bukaeran, gutxieneko soluzio arrazional bat egotea espero du. «Politikariek ez dute arazo handirik sortu nahi; ezin dira arriskatu». Erresuma Batuan beste herrialde batzuetako milaka herritar bizi direla gogoratu du Weindlingek «Britainia Handiko ekonomiarentzat oso garrantzitsuak dira, eta, biztanle horiek galduz gero, arazo larria sortuko luke».

Eskoziarra da jaiotzez Weindling; alde horretatik lasai egoteko arrazoiak dituela esan du: «Brexit-a gauzatuz gero, Eskozian bigarren erreferenduma egingo da; orduan, Eskoziako nazionalitatea eskatu ahalko dugu, eta hala, Europako Batasuneko herritar izango gara». Okerrenean, Erresuma Batuko herritarren eskubideak galtzen baditu ere, behintzat esperantza hori du Weindlingek. 

5. STUART KELLING Edinburgo (Eskozia)


BERRIA

«Erresuma Batuak dena zeukan; gainontzekoek inbidia zioten»

Euskal Herrian dauden ingeles akademia askok sorterriko irakasleak izaten dituzte. Stuart Kelling eskoziarra da adibideetako bat. Lazkaoko (Gipuzkoa) The Academy ingeles ikastegiko irakaslea da. Duela 25 urte iritsi zen Euskal Herrira, eta brexit-ari dagokionez, adierazi du zaila dela, herritik kanpo, ulertzea han bizi duten egoera nolakoa den. Kellingek emozio asko pilatu ditu hilabete hauetan: haserrea, frustrazioa... «Guztien gainetik, baina, bat gailentzen da: ziurgabetasuna. Oso gogorra da ez jakitea zer pasatuko den».

Brexit-a, alderdi politikoen arteko estrategia bat zena, orain herrialdearen arazo bilakatu da, Kellingek azaldu duenez. «Erreferendumeko emaitza inork ez zuen espero. Alde bozkatu zuten hamazazpi milioi pertsonek ez zekiten zertan ari ziren». Bozketaren hurrengo egunean Erresuma Batuan Interneteko bilaketarik arrakastatsuena «zer da brexit-a?» galdera izan omen zen, Kellingek esan duenez. Horrekin batera, lagun taldeak eta familiak hautsi direla ere azaldu du eskoziarrak: «Herrialde banatuaren isla dira familiak eta lagun taldeak ere».

«Erresuma Batuak dena zeukan, gainontzeko herrialdeek inbidia zioten», adierazi du Kellingek. Brexit-a dela eta, baina, egun guztiz kontrako itxura ematen dutela adierazi du. «Atzerapauso handia eman dute». Etorkizunean, Euskal Herrian jarraitzeko arazorik ez du izango berak, urte asko baitaramatza hemen, baina penaz begiratzen du jatorriko herrialdera. «Boris Johnson lehen ministroari munduko oztopo denak jarrita ere, lortuko du berak nahi duena; abisatu zuen legeak apurtzeko prest ere badagoela».

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna