Beltza gailendu zitzaion zuriari

'Film noir' edo 'zinema beltza' izeneko korrontea duela 80 urte hasi zen zabaltzen, AEBetan. Narratiba eta estetika beltz, ziniko eta etsigarri batek hartu zituen zuri-beltzeko pantailak, garai hartako egoeraren erakusgarri. Emakumeen bestelako irudi bat ere sortu zuten: 'femme fatale' pertsonaia.

Femme fatale. Barbara Stanwyck aktorea aritu zen femme fatale-aren rolean 1944ko Double Indemnity filmean. BERRIA.
Iker Tubia.
2021eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Urratsen hotsaren oihartzuna karrika ilunean aurrera zabaldu da. Argi apal batek argitzen ditu karrikaren zenbait gune. Hezetasuna nabarmena da, putzu txikiak ageri dira asfalto gainean. Kapela bat, beroki luze bat eta zapatak. Eraikinetatik kanpora ihes egiten duen lurrunak areagotzen du eszenaren ezinegona. Klisk, zigarroa piztu du protagonistak. Ke zutabe bat gora abiatu da, bere bizitza bezain iheskor, gaseoso. Pun! Tiro bat. Beste behin ere, beltza gailendu zaio zuriari.

Film noir edo zinema beltzak 80 urte bete ditu. 1940ko eta 1950eko urteetan AEBetan zabaldu zen zinema korronteari esaten zaio horrela. Alemaniako espresionismotik edan zuen, eta estetika eta narratiba estilo zehatz bat garatu zuen: iluna, garai hartako giroaren lekuko. Ostiralean Leire Ituarte EHUko ikus-entzunezkoetako doktorea Elizondon (Nafarroa) izan zen, (H)ilbeltzan, korronte horri buruz solasean. Zehazki, haren zirrikituez aritu zen.

«AEBetako gerra eta gerraosteko testuinguruen ezinegon, etsipen eta ezegonkortasunak islatzen dituen mugimendu bat da. Film hauek jorratzen zituzten gaiak, eta erakusten zuten estiloa eta giro iluna ulertu behar dira garaiko desesperantza, antsietatea eta nihilismoaren sintoma bezala», esan du Ituartek. Berak lau faktore aipatu ditu zinema beltzaren gorakada ulertzeko: «Ilusio galtze eta etsipen orokorra, eta gizarte horrekiko zabaldu zen begirada kritikoa; errealismoaren eragina; Alemaniako espresionismoaren ondarea; eta hard-boiled literatura tradizioaren eta idazle eskolaren eragina».

Esther Marin Alacanteko Unibertsitateko irakaslea, zinema kritikaria eta kulturaren soziologian doktore da. Zinema ikertzerakoan, filma ez ezik, haren egilearen testuingurua ere aztertzen du. La (re)evolucion social a través del cine (Gizartearen iraultza eta garapena zinemaren bidez) saiakeran bi garai bereizten ditu egileak: ilusioa galdu zuen zinemaeta ilusioa berreskuratu zuena. 1990. urteak banatzen ditu.

«Zinema beltza zinema desilusionatuaren gailurra litzateke, eta hori argi ikus daiteke haren estetikan eta istorioetan», azaldu du. «Bizitzarekiko ikuspegi iluna dute, gizakiaren alderdirik ustelenari heltzen diote. Kontuan izan behar dugu garai eta gizarte bereziki ilun batean garatu zela». Zinemagileen egoera eta presioa ere aipatu ditu; izan ere, garai hartan, gerraren eta nazismoaren itzalpean garatu zen makartismoa AEBetan. «Zinemaren industriak sekulako boterea zuen, politikoak baino gehiago, eta Amerikar Jardueretako Batzordeak, batez ere 1940ko urteetan, neurriak hartu zituen horren eta ezkerreko ideien zabalpenaren kontra». Zinema beltzak usteldutako sistema kritikatzen zuen.

Zinemagileen jazarpena

Propaganda nazia kontrolatzeko eta ikertzeko «aitzakiarekin», soziologoak esan du ideia sozialista eta komunisten kontra legeak egin eta jendea jazarri zutela. Zinema jopuntuan zuten: «Monopolioaren kontrako legea onartuta, estudioek areto asko itxi behar izan zituzten; lehenbiziko aldiz, zinemako zerrenda beltza sortu zen: Hollywoodeko hamarrak; eta orduan hasi zen ere telebista zabaltzen».

Famatuenak ez ziren jazarpen horretaz libratu: John Huston zuzendaria eta Humphrey Bogart aktorea, adibidez. Zerrenda beltzeko kideak babestu zituzten, eta azkenean atzera egin behar izan zuten, beren lana jokoan zutela ikusirik. Egoera horrek guziak eragina izan zuen zinema beltzak eskaini zuen irudian eta ikuspegian, Marinen arabera: «Etsipena da nagusi film hauen ikuspegian: ezin da ezertaz fidatu. Zinemagileen mundua erortzen ari zen, eta hori ikusarazi zuten lanetan».

Aditu askok The Maltese Falcon hartzen dute korrontearen aitzindaritzat. John Hustonek zuzendu zuen, 1941ean. Hala ere, aurretik egin ziren film noir-aren zakuan sartu daitezkeen lanak. Carlos Bassas gidoigilea eta idazlea da, eta Iruñea Beltza jaialdiaren zuzendari ohia. Hark aipatu duenez, honako film hauek zehaztu zuten zinema beltzak 1950eko hamarkadaren bukaerara arte izan zuen bidea: The Maltese Falcon, «aitzindaria»; The Postman Always Rings Twice (1946); Out of the Past (1947) eta Double Indemnity (1944), «gailurra». Hala ere, zinema beltzaren aurrekaritzat jo du gangsterren zinema, 1920ko eta 1930eko urteetan nagusitu zena.

Zinema beltz klasikoan irudi zuri-beltzak ageri dira, argi gutxikoak, baita mozketa zorrotzeko argiztapena ere. Estetika hori Europatik AEBetara esportatu zen. Gerra arteko garaian hasi zen Alemanian, espresionismoarekin, eta zenbait zinema eta argazki zuzendari AEBetara emigratzearekin batera ailegatu zen argi dramatikoa ere.

Istorioei dagokionez, Bassasek uste du pulp fikzioaren eta eleberri beltzaren eragina nabarmena dela. «Seguruenik zinematografia nihilistenetakoa izan da; literatur zein zinema generoaren atzean badira zenbait dotrina soziologiko eta filosofiko; munduari eta gizakiari begiratzeko modu berezi bat». Kode dramatiko edo narratiboei dagokionean, Bassasek uste du westernarekin zerikusia ere baduela: indarkeria, justiziaren dikotomia... estetikan ere bai. «Westernak nazio berri baten eraikuntzaren oinarri biolentoa agertzen du, sortze zinema da, eta esanen nuke zinema beltza horren bururatzea dela, amets amerikarraren haustura». Uste du testuinguruak duen garrantziarengatik egiten duela gorakada zinema beltzak krisi sozial eta ekonomikoetan.

Ondoren izan du eragina zinema beltzaren korronteak. 1982ko Blade Runner aipatu du Marinek, besteak beste. «Detektibeak erabat kanpoan egon nahi du, baina, azkenean, saltsan sartuta dago, denak bezala. Hainbat gairi buruz mintzo da: hain gizatiar ez garela erakusten duten egiak ezagutzeaz; desilusioaz; etsipenaz; mugen kontzientziaz; eta aterabiderik ez dagoela ohartzeaz, inor ez baita bere bizitzaren jabe».

Film noir-az hitz egiterakoan, nabarmentzeko gaia da emakumearena. Izan ere, ordura arte ez bezala ageri dira pertsonaia femeninoak: femme fatale edo zorigaitzeko emakumearen irudia sortzen da. «Ordura arte ikusi genuen emakume otzan, pasibo eta ezti hori emakume makur eta etsai bihurtzen da. Uste dut mesfidantza sentsazio hori indartzeko baliatu zutela. Izan ere, etsipena eremurik zaurgarrienera daramate: harreman intimoetara», azaldu du Marinek.

Gaia aztertu duten batzuen arabera, garai hartako gizonen beldurra aurkezten dute pertsonaia horiek, gerratik itzultzean emakume «boteretsu bat» aurkitu zutelakoan. Marinek ez du hori ukatzen, baina zinemagileak ez zirenez gerran aritu, beste irakurketa bat egin du: «Agerian xaloa dirudien horren atzean zerbait iluna gordetzen dela erakusteko modua da. Maitasunak zaurgarri egiten du protagonista; beraz, mina eta makurra indar handiagoz lehertzen da ikuslearen aurrean». Metafora bat da, eta emakumea da hori gorpuzten duena, gizonek egin baitzituzten filmak. «Gizonek erakusten dute zerk egiten dituen zaurgarri, zer den haientzat traizio bat; emakumearen begirada ez da existitzen zinema beltzean».

Zinema beltzaren zirrikitua

Ituartek nabarmendu du «patriarkatuaren ohiko roletatik kanpo» dagoela emakume«subertsibo, anbibalente, sexualki aktibo eta boteretsu» hori. Baina, era berean, «erabat sexualizaturik» agertzen dute. Gogora ekarri du garai hartan emakume asko soldatapeko lanean hasi zirela. «Gizartean indarrean zeuden genero rolen ideologia, botere harremanak, tentsioak eta kontraesanak islatu zituen zinema beltzak». Femme fatale horrek emakumearen ahalduntzeak eta emantzipazioak patriarkatuari ekarriko liokeen mehatxua irudikatzen zuela azaldu du.

Elisabeth Cowi eta Mary Ann Doane teorialari feministek uste dute emakumearen estereotipo klasiko hori ezin dela feminismoaren subjektutzat hartu, feminismoak ideologia patriarkalean piztutako beldur maskulinoaren sintoma gisa baizik. Baina Ituartek uste du pertsonaia horiek «zirrikitu bat» ireki zutela «inkontzienteki». «Film horiek fantasia maskulino gisa ulertu behar dira, baina, oraingoan bederen, fantasia horien emakumeak sexualki aktiboak dira gizona manipulatzeko eta galbidera eramateko bada ere, ez estatikoak, suntsitzaileak baina boteretsuak, azkarrak, independenteak, ahaldunduak, eta narrazioa bultzatzeko gaitasuna dute. Horrek narratiboki zigorra ekartzen badie ere, kultura patriarkalari aurre egiteko erresistentzia gisa uler daitezke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.