Nerea Osinalde.
ARGI ALDIAN

Zuria, beltza, zuria…

2021eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Eboluzioa ikertzen duten adituen arabera, gure aspaldiko arbasoek ilez estalitako azal argia zuten, gaur egungo txinpantzeen antzekoa. Baina duela bi milioi urte inguru Afrikan bizi ziren hominido haiek bi hanken gainean ibiltzen hasi zirenean, azaleko ilea galtzen hasi ziren. Izan ere, jarduera fisikoak gorputz tenperaturaren gorakada eragin zuen; eta ilea galdu zuten tenperatura erregulatzeko. Ondorioz, ordura arte babestuta zegoen azala babes gabe geratu zen.

Besteak beste, eguzki izpien argi ultramorea oso kaltegarria izan daiteke azalarentzat. Alde batetik, DNAn akatsak eraginda, mutazio genetikoak sor ditzake; eta, bestetik, berebiziko funtzio fisiologikoa duen molekula bat, azido folikoa, suntsi dezake.

Berriki gizaki albinoekin egindako ikerketa batek erakutsi du Saharaz hegoaldeko afrikar albino gehienak oso gazte hiltzen direla melanomak jota. Horrek pentsarazten digu antzinako gizakien azala biluzik geratu zenean hautespen naturalak azal iluneko banakoak faboratu zituela, melanina pigmentua ekoizteko gai zirenak, alegia. Melaninak, eguzki-izpiak xurgatu eta barreiatzeko ahalmena duenez, ezkutu babesle gisa funtzionatzen baitu.

Melanina mota ugari existitzen dira, eta gizakiok horietako hiru ekoizten ditugu: neuromelanina, kolore marroixka duen eumelanina, eta sufre atomoz osatua egoteagatik kolore gorri-horixka duen fenomelanina. Azaleko zelulek edo melanozitoek azken biak ekoizten dituzte, eta, hain zuzen ere, eumelanina-fenomelanina mailek finkatzen dute zein izango den gure azalaren kolorea.

Zenbat eta melanina gehiago, orduan eta azal ilunagoa izango dugu; eta ondorioz, eguzki izpiekiko babes handiagoa. Eta eguzkiaren argi ultramoreak melaninaren ekoizpena sustatzen duenez, are babestuago. Aurtengo uda Euskal Herrian igaro duzuenok agian ez, baina gainontzekoek azala urtarrilean baino beltzaranagoa izango duzue, ezta? Bada, hori eguzkiari esker ekoiztu duzuen melaninari zor diozue.

Era berean, zenbat eta melanina gutxiago, orduan eta azal zuriagoa, eta ondorioz, eguzki-izpiekiko babes txikiagoa. Informazio hori izanda, pentsa genezake komenigarria izango litzatekeela guztiok azal iluna izatea. Alabaina, oker geundeke. Dakigunez, eguzki gutxiko lekuetan azal zuriak gailentzen dira. Biztanleek eguzkiaren energia xurgatu beharra dute D bitamina ekoizteko, eta horrela hainbat osasun arazo ekiditen dituzte, errakitismoa, adibidez.

Beraz, badirudi azken bi milioi urteetan, gizakia leku ezberdinak kolonizatzen joan den heinean, lekuan lekuko baldintzak tarteko, hautespen naturalak azal kolore ezberdinak faboratu dituela. Horren ondorioz, azal zuriko antzinako arbaso hura tente jartzean belztu eta Afrika uztean berriro argitu zen, gutxi gorabehera Michael Jacksonek bizitzan zehar izandako kolore aldaketaren antzera, baina pare bat milioi urteren buruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.