Naia Torrealdai eta Elene Lopetegi. Euskal Herriko Bilgune Feministako kideak

«Ez zaintzea gaur egun pribilegio bat da»

Zaintza eskubidea unibertsala den sistema bat du jomugan Bilgune Feministak, baina ertz asko daude jorratzeko. «Urgentziak askotarikoak dira, zaintzak dena gurutzatzen duelako».

Naia Torrealdai eta Elene Lopetegi, Euskal Herriko Bilgune Feministako kideak. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Bilbo
2023ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Martxoaren 8a da gaur. Zaintza sistema iraultzeko premia aldarrikatuko du Euskal Herriko Bilgune Feministak, eta, hain zuzen, horren eta beste hainbat eztabaidaren, ertzen eta korapiloren inguruan aritu dira Naia Torrealdai eta Elene Lopetegi Bilguneko kideak.

Zaintza erdigunean jartzeko eskatuko da gaur. Zein dira aldarrikapenak?

NAIA TORREALDAI: Urte batzuk daramatzagu zaintzaren problematika mahai gainean jartzen. Gure aldarrikapen maximoa zera da, zaintza eskubide unibertsal izendatzea. Zaintzak erpin edo ertz asko dituela uste dugu, eta identifikatuta dauzkagu lehentasun edo urgentzia batzuk: zaintza erregimenaren erregularizazioa, Atzerritarren Legeagaz zerikusia duten kontuak eta zaintza komunitarioaren inguruko aldarrikapenak. Ez da baldintza batzuk lortzeko borroka soilik: sistema oso bat eraldatzekoa ere bada. Hezkuntzan ere behar ditugu aldaketak, zaintza curriculum bat akaso.

ELENE LOPETEGI: Lanketa ideologiko oso bat dago gizartea transformatzeko bidean.

TORREALDAI: Berrantolaketa oso bat behar dugu. Beraz, urgentziak dira, baina askotarikoak, zaintzak dena gurutzatzen duelako.

Mugimendu feministak 2018ko eta 2019ko greben bidez plazaratu zuen zaintzari buruzko diskurtsoa. Mugarri bat izan zen?

TORREALDAI: Lehenengoarekin,feminismoarekiko beste pertzepzio bat egotea lortu genuen; agian, feminismoarekiko deslotura hori lausotu egin zen. Bigarren grebak mugimendu feminista oso indartsua lortu zuen, eta benetako gutasunak sortzen hastea. Esparru guztietan azaleratu zen zaintzaren problematika. Bestalde, inportantea da behetik gorako prozesu bat osatu izana.

LOPETEGI: Gainera, jendea antolatu zen, eta herri askotan lehenengo aldiz sortu ziren asanbladak eta taldeak, gerora ere iraun dutenak. Zentzu batean, politizatzailea ere izan zen, nahiz eta gero, beste zentzu batean, agian azaleko geratu. Beti gertatzen da: pausoak aurrera ematen ditugunean, gure diskurtsoa kapitalizatzeko ahalegin bat dago. Adibidez, Zarak Feminismoa jartzen duen kamiseta bat ateratzea.

Zein da ordutik egin den bidea?

LOPETEGI: Pandemia bat pasatu da, eta, aktibazioari dagokionez,geldialdi edo apaltze bat ekarri du. Ez diskurtsoari dagokionez. Uste dut lehengo bide beretik jarraitzen dugula.

TORREALDAI: Bazegoen anbizioa agenda feminista konpartitu bat eraikitzeko, eta nahi horrekin jarraitzen dugu. Hori da Denon Bizitzak Erdigunean plataformak egiten duen proposamena: berriro aktibatu eta indar metaketa hori norabidetzea. Pandemiak bistaratu du ez dela pandemiagaz ahuldu gure sistema, euskal oasi hori iruzur hutsa zela. Ezin izan zaio eutsi, eta kolapsatu egin da.

Izurrian asko hitz egin zen zaintzaz, eta agerian geratu ziren egiturazko gabeziak. Horri emandako erantzuna diskurtsora mugatu dela uste duzue?

TORREALDAI: Bai, EAJren zaintza ekosistema oso familiarista da, eta orain arte egon dena birproduzitzen du, baina beste diskurtso polit batekin. Zaintzaren problematikarekin halako bandera more bat hartu dute, eta egiaz azaleko proposamenak izan dira.

LOPETEGI: EAJ eta konpainia diskurtsora mugatzen dira. Egiten ditugun aldarriak kontuan hartuta hasiko balira aldaketak egiten, haien negozioa bukatu egingo litzateke, eta ez daude prest horretarako. Ez dute asmorik ezer publifikatzeko; alderantziz, gero eta gehiago pribatizatzen ari dira zaintzaren bueltako esparruak.

Borroka dinamika bati ekingo diozue: Denon Bizitzak Erdigunean. Nolako zaintza eredua nahi du mugimendu feministak?

LOPETEGI: Zaintza eskubidea unibertsala den sistema bat nahiko genuke, eta denok aukera berak izatea zainduak izateko. Pribatua izango ez den sistema bat, zaintzaren kontura inor aberastuko ez dena... Ez zaintzea gaur egun pribilegio bat da.

TORREALDAI: Eztabaidak ere baditugu egiteko: zer den zaintza sistema publiko-komunitario bat, zelan lotzen den, zer hibridazio dauden hor... Epe ertaineko eta luzeko prozesuak dira, baina argi dugu: zaintza aitortzea bada helburu bat, ulertzen dugulako bizitza bera sostengatzen duela. Batzuetan zaintza erromantizatzen dugu, baina orain berba egin behar dugu eta esan zaintza esplotazioa dela, zaintza pobrezia dela, zaintza migrazioa dela, zaintza 24 orduko lanaldiak egitea dela. Feminizatua eta familiarizatua dago, eta hori erdigunera ekartzea ere inportantea da.

LOPETEGI: Eta ez bakarrik pertsonen arteko zaintzari edo enpleguari dagokionez.

Bilguneak hogei urte bete zituen iaz. Aldaketa asko izan dira Euskal Herrian eta feminismoan. Nola ikusten duzue bidea?

TORREALDAI: [Arnasa sakon hartu ostean] Hogei urte. Bilgunea sortu zenean, bazegoen Euskal Herriko feminista ezberdinak saretzeko anbizioa. Hortik hasi zen bidea, trantsizio feminista baterako ardatzak zehaztu bitartean. Orain badago sare feminista bat, eta Bilgunearen nahia ere bada mugimendu feminista indartsua eta interpelatzailea izatea. Hogei urte hauetan, zorionez, gero eta feminista gehiago gaude, eta hori bada borroka feministaren ondorio.

Urteurren ospakizuna egin zenuten Oñatin, eta baita hainbat aldarrikapen ere. Pankartetako leloak gogoratu besterik ez: Inoiz ez da berandu bollera izatea erabakitzeko, Feminismoa klase borroka da eta Bizitzak erdigunean jartzea burujabetza kontua da, besteak beste.

LOPETEGI: Pankartak baziren, nolabait, Bilgune Feminista ezaugarritzen dituzten esaldi nagusienak. Bollerena... Bilgunetik urte luzez egin zaio kritika heteroarauari, eta familiaren beste ulerkera bat egin da, gizartearen beste ulerkera bat, harremanak eraikitzeko beste modu bat, plazera beste leku batean jartzekoa... Klase borrokarena gehiago lotuta dago egungo testuinguruarekin.

TORREALDAI: Klasearena hasieratik erdigunean egon da guretzat. Emakume langile eta abertzale moduan ulertzen genuen gure errealitatea, eta hortik eraiki eta kritikatzen genuen gure ingurua. Argi dugu: feminismoa, bere horretan, bada klase borroka bat. Ezin da gaur egun ulertu neoliberalismoa edo kapitalismoa bere erro patriarkala kontuan hartu barik: patriarkatuak berak esplotatzen du. Bizitzak erdigunean jartzea burujabetza kontua izatea, berriz, gure proiektu politikoaren oinarria da.

Hainbat ertz landu dituzue urte hauetan guztietan. Gogoeta horietatik sortu zen Lisipe bildumako liburua: Araka ditzagun gure bazterrak. Hainbat galderari tiraka ondutako obra da. Birpentsatzeko balio du?

LOPETEGI: Erantzun baino galdera gehiago dituen liburu bat da. Nolabait, bada Bilguneak azken urteetan pribilegio zuriaz hausnartuz egin duen ariketa handi baten ondorio. Ez da bukaera bat: etengabe jarraituko dugu horren inguruan gogoetatzen; ohartzen gara gure zuritasunagatik pribilegio batzuk ditugula.

TORREALDAI: Emakumeen Mundu Martxa espazio inportantea izan zen, eta interpelazio asko jaso genituen. Ez da bakarrik pentsatzea: ardura hartzea ere bada. Liburua batez ere emakume zuriontzako irakurraldi bat da, aliatu sare zuriekin gure hausnarketak konpartitzeko erreminta bat. Zer da Euskal Herri dekolonial bat? Zer imajinario berri behar ditugu? Zelan egiten dugu guk-zuek hori apurtzeko? Intersekzionalitateaz asko hitz egin dugu, pribilegioez, zapalkuntzez...

Feminismoak, hain zuzen, planteamendu intersekzionala proposatzen du. Bestela borrokak mailakatzeko arriskua dago?

TORREALDAI: Intersekzionalitatea zapalkuntzen zeharkatzea identifikatzeko erreminta gisa ulertzen dugu. Gure kokalekuaren jabedun egiten gaitu, pribilegioak zeintzuk diren ulertzeko. Eskubideen lehia etengabe batean, guztia ezin da izan pribilegio, pribilegiotzat hartzen bada ere.

LOPETEGI: Intersekzionalitatearen bidez ere ulertzen dugu jasaten ditugun zapalkuntza guztiak nola dauden dialektikan.

Euskararen inguruko gogoeta ere egin du mugimendu feministak. Nolako pisua izan behar du?

TORREALDAI: Guretzat euskara bada zentrala den zerbait, eta euskaratik eta euskaraz egiten dugu praktika eta teorizazioa. Euskarak harrera hizkuntza izan behar du, eta hori gure ardura ere bada.

Laburbilduz, zer mezu helarazi nahi duzue?

TORREALDAI: Martxoaren 8 honetan gure helburua bada esatea feminismoa alternatiba dela, eta ez dela, askok esaten duten moduan, jendartearen erdiaren kontu bat bakarrik. Lehen lerroan egon behar du borroka honek.

LOPETEGI: Eta herri eta auzoetan antolatzeko deia egiten dugu. Ardurak hartu behar dituenari ere ardurak hartzeko exijitzen diogu; gizonei, adibidez. Gure aldarria ez da kaleak hartu eta batzea bakarrik: ardurak exijitzea ere bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.