Frantziako sindikatuek mugimendua iraunarazteko asmoa agertu dute

Ehunka mila pertsona mobilizatu dira Frantzia guzian. Hurrengo astean mintzatuko da Philippe

Parisko manifestazioaren burua, atzo arratsaldean, Philippe Martinez CGTko idazkari nagusia erdian dela. CRISTOPHE PETIT TESSON / EFE.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2019ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Aspaldi ikusiriko mobilizaziorik jendetsuenak izan ziren atzo Frantziako hiri nagusietan, Emmanuel Macron presidenteak ezarri nahi duen pentsioen erreformaren kontra. Barne ministerioak jakinarazitako datuen arabera, 245 protesta antolatu zituzten estatu guzian, eta ehunka mila lagunek parte hartu zuten. Langile sindikatuekin batera, Jaka Horiek eta ikasle andanak ere parte hartu zuten manifestazioetan: Bordelen, Tolosan (Okzitania), Naoneden (Bretainia), Lyonen eta Parisen istiluak izan ziren polizien eta manifestarien artean. Frantziako hiriburuan bakarrik, laurogei bat pertsona atxilotu zituzten. Kazetari bat baino gehiago zauritua izan da Poliziaren oldarraldietan.

Frantziako Gobernuak eman dituen zenbakien arabera, Funtzio publikoko agenteen %32,5ek egin zuten greba atzo; ez zuten daturik eman enpresa pribatuetan mobilizazioak izan zuen jarraipenari buruz. Hezkuntza Ministerioaren arabera, eskolen %51 itxi zituzten, eta kolegio eta lizeoen %42; hezkuntza arloko sindikatuek kopuru handiagoak eman dituzte. Baina lehen greba egunak garraioetan izan du eragin gehien: Air Francek barne hegaldien %30 bertan behera utzi ditu, eta Easyjet konpainiak 233 hegaldi. SNCF tren konpainiaren arabera, geldirik ziren AHT trenen %90 eta eskualdeko trenen %80, eta bihar ere greba segitzearen alde bozkatu zuten sindikatuek. Paris inguruetan ibiltzen den RATP sarean ere eragozpen handiak daude: metroaren 11 linea geldiarazi zituzten atzo, eta gutxienez igandera arte greban segitzea erabaki dute langileek.

Zenbait sektoretan asteburua greban pasatzea erabakia dute jadaneko, eta beste anitzek atzo arratsean egitekoak zituzten bilerak segidaz erabakitzeko. Batek baino gehiagok 1995eko protestak oroitu ditu, hiru aste iraun baitzuen orduan pentsioen aldeko greba mugimenduak. Philippe Martinez CGTko idazkari nagusia pozik agertu zen mobilizazioaren hedadurarekin: «Gure helburua? Sinplea da: gobernuak orain arteko pentsio sistema hobetzea eta sendotzea. Ez dugu inolaz ere erregimen berri baten beharrik». Nabarmendu zuen gaur goizean bilduko direla intersindikalean segidaz erabakitzeko. «Greba ez da gaur [atzo] arratsean geldituko, erraten dizuet. Ikusiko dugu zer iristen zaigun langileen batzarretatik, eta araberan erabakiko dugu zer eginen dugun bihar, etzi, eta ondoko astean».

Yves Verrier Force Ouvriere sindikatuko idazkari nagusiak erran zuen ez dutela gibel eginen, eta mobilizazioak «behar duen denbora» iraunen duela abisatu zuen. «Gure helburua mugimendua luzatzea da, entzunak izan gaitezen. Mobilizazio egun bakar bat edo bi ez dira aski. Gobernuak ulertu behar du ez dugula gibel eginen. Puntutako pentsio sistema bakarra ezeztatzeko eskatzen dugu». Iragarri zuen bihar greban segitzea proposatuko dutela gaurko intersindikaleko bilkuran.

Lasaitzeko mezua

Frantziako Gobernuak lasaitzeko mezua zabaldu zuen atzo arratsaldean. Emmanuel Macron presidentearen inguruan bildu zen ministroen kontseilu luze baten ondotik, frantziarren mobilizazioa «errespetatzen» dutela adierazi zuen Sibeth Ndiaye gobernuko bozeramaileak. «Ulertzen dugu erreformaren atal anitz ez dituztela argi». Haren iritziz, «normala» da hori, negoziazioak ez baitira oraindik bukatu. Esan zuen sindikatuek gobernuaren ateak «irekiak» dituztela, eta oroitarazi zuen pentsioen erreformaren ardura duen Jean-Paul Delevoye goi komisarioarekin biltzera deituak direla hurrengo aste hasieran. Elkarrizketa horien ondoren «sintesi bat» eginen dute, eta aste erditsuan agerraldi bat eginen du Edouard Philippe lehen ministroak, erreformaren «arkitektura nagusia» azaltzeko. Hurrengo egunetako mobilizazioaren heinak baldintzatuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.