Albistea entzun

Elkarrekin Podemos estu hartzen ari dira Gipuzkoan eta Gasteizen

Eneko Anduezak adierazi du EPrentzat ere «onuragarria» litzatekeela EAJ eta PSE babestea. Elkarrekin Podemosek baieztatu du ez duela babestuko EAJren gobernurik
Eneko Andueza idazkari nagusia PSE-EEko zuzendaritzaren bileran, maiatzaren 29an, Bilbon.
Eneko Andueza idazkari nagusia PSE-EEko zuzendaritzaren bileran, maiatzaren 29an, Bilbon. MIGUEL TOÑA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2023ko ekainak 6

Euren arteko akordioa berretsita, EAJk eta PSE-EEk ez dute PPren menpe soilik egon nahi. Elkarrekin Podemosen aukera ez dute baztertu nahi. Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak gonbidapena egin dio ezkerreko koalizioari Gasteizko Udalean eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan akordioak egiteko. Euskadi Irratiko Faktoria irratsaioan emandako elkarrizketa batean, adierazi du «haientzat ere onuragarria» litzatekeela.

Anduezak ez du zalantzan jartzen Eider Mendoza jeltzalea izango dela Gipuzkoako ahaldun nagusi, eta Maider Etxeberria sozialista Gasteizko alkate. Bi alderdien arteko akordioaren arabera, bietatik boto gehien duen zerrendako hautagaia babestuko dute batak zein besteak, baina bi erakunde horietan ez dute gehiengo osorik bermatua oraingoz.

PPk edo Elkarrekin Podemosek ziurta ditzakete bi inbestidura horiek. PP babesteko prest dago, baina, bi aukerak irekiak izatea irudikatu nahi dutenez, Elkarrekin Podemosen gaineko presioa handitu egin da.

Anduezak «koherentzia pixka bat» galdegin dio Elkarrekin Podemosi. Gobernuan sartzeko asmorik ez dutela argi utzi dutenez, Anduezak argudiatu du iragan agintaldian Gasteizen bi aldiz babestu dituztela EAJ-PSEren udal gobernuaren aurrekontuak, eta orain akordiorako aukera proposatu dietela. «Eskaera hori egin diegu, baina ez dugu erantzunik jaso».

«Gezurra da»

Elkarrekin Podemoseko iturriek adierazi dute ez dituztela bilera batera deitu ere egin. Era berean, David Soto Elkarrekin Podemoseko Gipuzkoako batzarkideak irmo adierazi du eskaera hori «gezurra» dela: «Inor ez da gurekin harremanetan jarri. Ez dezatela arreta desbideratu; PPri amore eman diote».

Elkarrekin Podemosek berretsi du ez dutela babestuko EAJrekin osatutako gobernurik. Gaineratu du gauza bat dela EAJ-PSE-EErekin gai jakin batzuetan zenbait akordio egitea, eta beste kontu bat gobernu akordioak osatzea. Presioaren jakitun, koalizioak gogorarazi du ez dutela bermatu, ez Gasteizen ez Gipuzkoan, EH Bilduren hautagaien alde bozkatuko dutela.

Inbestidurak ziurtatzeko beste aukera PP da. Eskuineko alderdiak argi utzi du EH Bilduren gobernuei atea itxi nahi diela, baina EAJri eta PSE-EEri «harrokeriaz» aritzea leporatu die, ez baitute bilera bakar batera deitu.

Anduezak ihardetsi du ez direla popularrekin bilduko: «Argi eta garbi jokatu dut, eta hasiera-hasieratik zuzenean aurpegira esan diet ez genuela inongo borondaterik alderdi popularrarekin inongo itunik sinatzeko». Haren esanetan, alderdi bakoitzak mahai gainean du zer egin: «Haiek aukera dezatela, eta kito». Haren esanetan, PPk, inbestidura babestuta, «ez du eskubiderik izango gobernuan sartzeko».

Radio Euskadin emandako elkarrizketan, Aitor Esteban Kongresuko EAJren bozeramaileak baztertu egin du PP udal gobernuetan eta foru erakundeetan sartzea, «eromena» litzatekeelako. «Ez du zentzurik, Frankenstein gobernuaz hitz egin eta gero». Elkarrekin Podemosi buruz ere hitz egin du: «Haien obsesio nagusia da EAJ ekuazio orotatik kanpo uztea, eta harrigarria da jarrera hori, lau urtez egon baikara koalizio gobernua babesten».

Era berean, ez du argitu hautagaitzarik aurkeztuko ote duten Bastidan eta Guardian. Arabako Errioxako bi herri horietan, PPk irabazi du. Iragan legealdian, jeltzaleek euren hautagaiak aurkeztu, eta EH Bilduk babestu zituen, baina, testuinguru orokorrari erreparatuta, ikusteko dago EAJk jokaldia errepikatuko ote duen: «Euzkadi Buru Batzarra eta Arabako Buru Batzarra aztertzen ari dira egoera», horixe besterik ez du esan Estebanek.

Otegi, kritiko

Espainiako Gorteetarako EH Bilduko hautagaien aurkezpenean, hauteskunde osteko itunez ere hitz egin du Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak. «EAJren modura, alderdi sozialistak arazo larri bat du. Alderdi politikoei eskatuko nieke kanpaina politikoetan esateko gero benetan zer egingo duten».

Izan ere, ez du uste EAJk eta PSE-EEk boto kopuru bera lortuko zutenik baldin eta kanpainan esan izan balute Gasteizen edo Gipuzkoan gobernatzeko «alderdi popularrarekin hitzarmena» egingo zutela.

Gainera, Elkarrekin Podemosek argi utzi du ez duela EAJren gobernurik babestuko, eta ulergarritzat jo du jeltzaleen eta sozialisten kezka: «Oso kuriosoa izango da ikustea ayusotarren laguntzarekin operazio bat martxan jartzen dutela EH Bildu erakundeetatik kanporatzeko, eta handik hamabost egunera esatea ayusotarrak gerarazi egin behar direla».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Zelaia etaBarbado Gobernu Militarrean ©Ankerkeriari Stop

Aitor Zelaia eta Galder Barbado Espainiako Gobernu Militarrera igo dira

Unai Etxenausia

Bi gazteak atxilotzera agertu dira ertzainak eta udaltzainak; 18:30ean, Gasteizko Artium Museotik abiatzekoa da da haien askatasunaren aldeko manifestazioa.

Zaballako espetxea, artxiboko argazki batean. / ©Raul Bogajo, Foku

Bi urte pasatu dira Jaurlaritzak espetxe politika bere gain hartu zuenetik

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Basauriko, Martuteneko eta Zaballako espetxeetan 1.577 pertsona daude preso. Jaurlaritzak esan du azken bi urteotan «euskal espetxe eredua» garatzea baldintzatu dutela azpiegituren «gabeziek».

Xabi Thikoipe, gaur goizean, hitza hartu duenean ©Ekhi Erremundegi Beloki

«Madrilen euskaraz egin daiteke, eta Baionan ez»

Ekhi Erremundegi Beloki

Euskal Hirigune Elkargoan euskaraz aritzeko eskubidea eskatu du Xabi Thikoipe Bil Gaiten taldeko hautetsiak ikasturte honetako lehen batzarrean. Haren ustez, momentua baliatu behar da Frantziako Estatuari eskaerak egiteko.

Euskal Hirigune Elkargoko batzarra, maiatzean. ©PATXI BELTZAIZ

Lehen bilana elkargoarentzat

Ekhi Erremundegi Beloki

Urte politiko berria abiatzearekin, funtzionamenduan, barne demokrazian eta lurraldekako inbertsioetan eragin nahiko lukete talde politikoek, hautetsiak eta herritarrak Euskal Hirigune Elkargotik hurbilago sentitu daitezen.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.