Jon Uriarte. Athleticeko, presidentegaia

«Klubaren joera negatiboa irauli gura dugu»

Bilboko enpresariak ilusioa sortu du Athleticeko bazkideen artean, baina, zenbait presio direla medio, Ibaiganerako lehia uztear egon da. Min eman diote esandakoek.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
haritz gallastegi
Bilbo
2022ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Jon Uriartek (Bilbo, 1978) aspalditik dauka begiz jota Ibaigane. Gaztetako ametsa alboratuta eduki du, baina, klubari ikusten dizkion premiek bultzatuta, presidente izateko ahalegina egiten ari da.

Zein da Jon Uriarte?

44 urteko bilbotar bat naiz. Enpresa Ikasketak egin nituen, eta zazpi urtez aritu nintzen Londresen lanean. Zorte handia eta arrakasta apur bat izan duen ekintzaile bat naiz. Arduraz jokatu, eta Athleticeko presidente izateko lehian murgildu naiz.

Zerk arduratzen zaitu? Zergatik izan gura duzu presidente?

Athleticen jarraitzaile sutsua naizelako. Aspaldiko ametsa da. Baina, batez ere, kluba okertzen ari delako aurkeztu naiz. Athleticek aldaketa behar du.

Zertan?

Arlo guztietan hobetu gura dugu. Jarraitzaile asko eta fidelak ditugu. Hala ere, joera negatiboa dela nabaritu dugu. Zaleen eta taldearen arteko lotura estua galtzen ari da. Bestalde, kirol arloan gizonezkoen zein emakumezkoen taldeak lehiakorrak dira, baina indarra galtzen ari gara. Azken urteotako emaitzak ez dira espero genituenak izan. Autokonplazentzian erortzen ari gara. Errazegi konformatzen gara. Bestalde, diru kutxa nahiko beteta daukagu, baina jokalarien salmenten ondorioz da. Guk ez dugu jokalaririk saldu gura, eta, gainera, bide honetatik jarraituz gero, dirua amaitu egingo da. Gastuak diru sarrerak baino dezentez handiagoak dira. Hala jarraituz gero, erabaki mingarriak hartu beharko genituzke.

Nola gauzatzen da aldaketa?

Arlo ekonomikoan, gastua kontrolatu eta buruarekin inbertitu behar dugu. Teknologiaren arloan inbertsio okerrak egin dira, eta gainerako arloetan ere zer hobetu aurkitu dugu. Gainera, Athleticen aurrekontuaren %85 jokalarien soldatetarako da. Larregi da. Kontratuen zati batek lorpenei lotuta egon behar duela iritzi diogu. Diru sarrerei dagokionez, telebistatik eta bazkide kuotari esker eskuratzen dugunaren dependentzia handiegia daukagu. Bestalde, diru sarrerak eskuratzeko ekinaldiak abiaraziko ditugu. Ideia asko ditugu.

Eta gainerako arloetan?

Kirol arloan, ezinbestekoa da Athleticen ezaugarriekin bat egiten duten teknikariak fitxatzea. Izen itzaltsua izan zein ez, goi mailakoa izan behar du. Jokalari gazteei aukerak emateko ausardia duen entrenatzaile bat behar dugu. Horrez gain, irabazle sena garatu behar dugu. Bestalde, emakumezkoen eta gizonezkoen organigrama bat izan behar da. Baliabide guztiak elkarbanatu behar dira. Emakumezkoetan, gainera, arreta berezia jarri behar diogu oinarria indartzeari. Inbertitu egin behar dugu emakumezkoen futbola errentagarria izateko, gaur egun defizitarioa baita. Inbertituz gero, irabaziak lortuko ditugu. Emakumezkoen futbola marka askoren arreta ari da pizten. Hau da, emakumezkoen taldeak bere bidea egin behar du. Eta, arlo sozialean, argi izan behar dugu Athletic astero partida bakar bat jokatzea baino askoz gehiago dela. Bide horretan, fundazioaren lana hobetu eta, era berean, erakutsi egin behar dugu.

Argi dago ordu asko eskaini dizkiozula Athletici. Baina zaleek jakin gura dute zergatik daukazuen horrenbesteko interesa Athleticeko presidente izateko. Izan ere, ez duzu soldatarik izango, zure ondarea jokoan jarriko duzu, denbora asko kenduko dizu...

Egiari zor, ez da erraza azaltzea. Nire kasuan, pasioa eta ardura elkartu dira.

Zuen hautagaitzak ilusioa sortu du. Haize freskoa ekarri duzue kanpainara?

Bai, Athleticen zalea nekatuta dago beti gauza berak ikusteaz. Bazkide askok argi dute aldaketa behar dela. Beste bi zerrendek ez diete bermatzen hori.

Eta, hala ere, amore ematear egon zara. Zergatik?

Amore eman bainoago, hausnartzeko denbora hartu dugu. Aste gogorrak izan dira. Ez da joko garbia egon: gezurrak pairatu ditugu sare sozialetan, kritikak komunikabideetan, etaikusi ez diren eta kontatu ezin daitezkeen erasoak. Nik ez dut arazorik horri guztiari aurre egiteko, baina, ingurukoak sufritzen ikusiz gero, kezka sortzen da. Presio edo joko zikin honek merezi duen edo ez erabakitzeko denbora hartu dugu. Batuta gaudela ikusi ondoren, aurrera egin dugu.

Non dago joko zikinaren jatorria?

Leku askotan. Gure hautagaitza independentea da. Ezgaitu inork kontrolatzen: ez komunikabide batek, ez botere talde batek, ez enpresa talde batek... dirua guk jarriko dugu. Hori ezohikoa da Athleticen. Orain arte, enpresaburuen edo talde indartsuen babesean aurkeztutako zerrendak ikusi ditugu. Antza, horiei ez zaie gustatu guk egin dugun apustua.

Uzteko izan duzuen tentazioa ahultasun gisa har lezake bazkideak. Kezkatuta zaude?

Niretzat ez da ahultasun kontua: gardentasuna erakusten du. Edozein aitzakia erabil genezakeen gure isiltasuna justifikatzeko, baina egia esan dugu.

Zuei ere aurpegiratu dizuete sare sozialetan modu txarrak erabili izana. Hala da?

Gauza asko aurpegiratu dizkidate: Opuseko kidea naizela, drogazalea naizela, Realak jarritako hautagaia naizela, Voxeko kide bat daukagula taldean... astakeria itzelak entzun behar izan ditut. Egunkari baten inkesta manipulatu izan bagenu, gauzak hobetu egingo genituzke. Harrituta nago.

Kea saltzen ari zaretela ere entzun da. Ez daukazuela ez proiekturik, ez egitasmoa aurrera eramango duen inor.

Begiak zabaltzeko eskatuko nuke; inozokeriarik ez esateko, alegia.Gure proiektua ez da ideia zerrenda bat: askoz sakonagoa da. Helburuak jarriko ditugu, eta helburu horiek betetzeko baliabideak. Bete ezean, kontuak eskatuko dizkiegu lanean ari direnei.

Marco Rose ezagutzen duzu?

Oso entrenatzaile ona da. Baina ez dakit zergatik galdetzen didazun Roseren inguruan.

Athletic entrenatzeko aukeratu duzuen teknikaria omen da.

Ez.

Mauricio Pochettino eta Marcelo Bielsa dira beste bi hautagaiek lotu omen dituzten entrenatzaileak. Zer iritzi daukazu?

Entrenatzaile moduan, interesgarriak izan daitezkeen lorpenak dituzte. Hori esanda, ez lukete lekurik gureproiektuan. Batetik, ez dakit zer soldataren truke entrenatuko luketen Athletic. Pochettino PSGn aritu da, eta Bielsak ere soldata handiadauka. Horrez gain, Bielsak ez du inoiz talde lana sustatu. Entrenatu duen leku guztietan liskarrak izan ditu.

Zuek lotu dituzue teknikaria eta kirol zuzendaria?

Bai. Datorren astean aurkeztuko ditugu.

Urtero Europarako sailkatzeko eskatu ahal zaio taldeari?

Gaur egungo Athletici, bai.

Filosofia eztabaidagarria da?

Ezin da aldatu.

30 edo 40 milioi euro kostatuko liratekeen jokalariak ekartzearen aldekoa zara?

Gastuak eta sarrerak orekatuz gero, bai. Bestela, klubaren jasangarritasuna arriskuan jar daiteke.

Zer erlazio izan behar du Athleticek beste euskal taldeekin?

Ona. Baina, gure filosofiaren ondorioz, eragina izan dezake. Hala ere, ez dut ulertzen zer aurpegiratzen diguten. Realak nafarrak fitxatzen ditu, Vila-realek begiraleak ditu Bizkaiko zelai askotan... denok ari gara gauza bera egiten. Ez dakit zergatik den txarragoa Athleticek egiten duena, gainerakoek egiten duena baino.

Lorpenei lotutako kontratuen alde agertu zara, baina lortzea esateabaino gaitzagoa da.

Jokalariek ulertu behar dute lorpenei lotutako kontratuak ez duela esan gura gutxiago irabaziko dutenik. Anbiziotsua bada, gehiago irabaz daiteke, kluba arriskuan jarri barik.

Iraia Iturregi da zuen apustua emakumezkoen talderako?

Bai. Lan bikaina egin du. Teknikari ona da, kluba ezagutzen du, eta gauza berriak ikasteko jakin-mina dauka. Kirol zuzendaria ere lotuta daukagu.

Emakumezkoen taldeko izarrak mantentzea gaitza da.

Jokalari onenek taldea ez lagatzeko, profesionalizatu egin behar dugu taldea. Diru sarrera gehiagorekin, baldintza hobeak eta talde indartsuagoa izango ditugu.

Euskarak zer leku izango luke zuen Athleticen?

Euskara arlo guztietan bultzatu behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.