Danel Agirre.
SASKI DA!

Atleta iaioak... eta kaskarin samarrak

2019ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Askoz errazagoa da. ACB ligako partidak jasanezinak bilakatu dira, egun batetik bestera. Instant Replay sistemaren efikazia areagotu nahian, kamera gehiago dituzte epaileek erabilgarri, ikuspuntu kontrajarriekin. Eta gura duten bakoitzean kontsultatu ditzakete, zalantzazko erabakiarekin eroso sentitu arte behar duten astia hartuta. Emaitza: bi ordu eta laurden irauten duten norgehiagokak gero eta ohikoagoak dira, bizpahiru minutuko geldiune gogaikarri mordoxkarekin. Aipatu antiklimax-ak kriminalak dira etxeko ikusle neutralarentzat, eta pabiloian daudenei ere aharrausika antzeman ahal zaie, epaileak zirt edo zart noiz egingo zain. Real Madril eta Bartzelonaren arteko azken urteetako finaletan bizitako liskarrek eragin duten giro gaiztotua da gehiegikeria horren erantzulea. Eta igandeko Buesa Arenako azken bi jokaldietan baieztatu ahal izan zen moduan, azken txanpako lantze zalantzagarriak ez dira desagertuko. Europan, akzioa bizkortu eta adeitsuago bihurtzeko irtenbide sinpleena probatzera ez da inor ausartzen: behingoz protestak NBAn bezala zigortzen hastera, alegia, guztiok epaileen lanaz ahaztu gaitezen.

Dilema klasikoa. Hogei segundo jokatzeke, partida berdindurik, jaurti baino lehen jabetza agortzen saiatuko den aurkariak hutsartea eskatu du. Betiko zalantza: jokalariei falta azkarra egiteko agindu edo defentsarekin emaitzari eusten saiatu. Zapatuko bigarren luzapenean, Obradoiroko antolatzailea marrara bidaltzea erabaki zuen Alex Mumbruk, hurrengo jokaldian konpentsatzen saiatzeko. Ustel irten zen. Galiziarrek biak saskiratu, eta Jaylon Brownek ez zuen erantzutea lortu. Bere bostekoaren zaintzari mesfidantza, ala erasoan asmatzeari fede osoa? Batek daki zerk eragin zuen Mumbruren erabakia. Beste aukera bihozberago bat ez da komeni baztertzerik: ia hiru ordu pasatxo zen lehia hasi zenetik, eta sufrikarioa bukatzen saiatzeko bidezidorrik laburrena zen falta egitea. Kale edo bale, jendea behingoz etxera joan ahal izateko.

'Peras' eskoltaren hoztasun. Lau partida baino ez dira behar izan, eta udan lantaldea atondu zuenerako Baskoniaren bertute eta hutsune nagusiak ziruditen horiexek kantxan modu garden samarrean islatuta agertu dira. Atletikoki multzo oso deigarria dute gasteiztarrek, defentsan ia edonor itotzeko aproposa, trantsizioan bizkor irten ahal badu ia urakana dirudiena. Arlo teknikoan gabezia gutxi: antolatzailea izan ez eta pasean trebea den piezaren bat falta du, eta jaurtiketan are zehatzagoa den piboten bat, baina biak ala biak ez dira ezin estalizkoak. Aski kezkagarriagoa da jokalari garrantzitsuenen tenple falta. Luca Vildozari aurpegia zuritzen zaio azken laurden esturen batean akats bat egiten duen aldiro. Pierria Henryk burua galdu zuen joan den Eurokopako finalerdietako presiopean (hamabost hiruko jarraian huts egin zituen astebeteren buruan, eta Valentziari jabetza erabakigarriak oparitu zizkion azken partidan). Lau hegalekoak exekutatzaile bikainak dira, baina sormena falta zaie. Gauzak horrela, Toko Xengelia izango da partiden azken txanpak gobernatzearen ardura bere gain hartuko duen hirugarrena. Baskoniak jokatu dituen lehen bi lehia estuak galdu dituela gaur azpimarratzea oportunista eta ezkor samarra da. Baina Velimir Perasovicen erronka ez da nolanahikoa: jokalari kaskarin samarrei une erabakigarriak patxadaz jokatzen erakustea oso egiteko konplexua da. Peras eskoltari natural irteten zitzaion azken minutuko hoztasun hura, asmatuko ote du sekula transmititzen.

Ez da zorte kontua. Euroligako lanak hasterako talde bakoitzak min hartuta zuen jokalari kopurua: Khimki (5), Alba (4), Real Madril, Bartzelona, Bayern eta Milano (3), Baskonia, Fenerbahce, Efes Pilsen eta Izar Gorria (2), Panathinaikos, CSKA, Olympiacos, Zalgiris, Valentzia, Zenit, Asvel eta Maccabi (1). Zerrendako gehienek 80 partidako sasoia dute zain, behetik jota. Zalantza ez da lesioak izango ote dituzten, pairatuko dituzten ezbehar guztiei erantzuteko egoki prestatu ote diren baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.