Irla bat zurrunbiloan

Espainiako ligan ari diren bost euskal taldeetako prestatzaileek beren bizipenez eta futbolari buruzko hausnarketez hitz egin dute Gipuzkoako Futbol Entrenatzaileen Batzordeak Donostiako Aquariumean antolatutako mahai inguruan. Elkar hartuta aritu dira moderatzaileek plazaratutako gai gehienetan.
Mikel Etxarri, Gaizka Garitano, Jagoba Arrasate, Imanol Alguacil, Jose Luis Mendilibar eta Asier Garitano, atzo, Donostiako Aquariumean.
Mikel Etxarri, Gaizka Garitano, Jagoba Arrasate, Imanol Alguacil, Jose Luis Mendilibar eta Asier Garitano, atzo, Donostiako Aquariumean. JON URBE / FOKU

Jon Ander De la Hoz -

2019ko abenduak 10
Behin-behinekotasunaren zurrunbiloan murgilduta dago futbol profesionala. Baleko emaitzen beharrak eta foku mediatikoak tarte gutxi uzten du azterketa sakon eta pausaturako, eta zer esanik ez sasoia bete-betean denean.

Gizartea nola, likido bihurtzen ari da futbola; orain jazo denak hurrengo gertakariari uzten dio lekua minutu gutxiren buruan. Hargatik, berezia izan zen atzo iluntzean Gipuzkoako Entrenatzaileen Batzordeak Donostiako Aquariumeko auditoriumean antolatutako mahai ingurua: zurrunbiloaren erdiko irla bat izan zen, non oinak bertan pausatu eta futbolaz patxadaz mintzatu ahal izan ziren Espainiako ligan diharduten bost euskal taldeetako prestatzaileak.

Ikusmina piztu zuen Asier Garitano, Jose Luis Mendilibar, Imanol Alguacil, Jagoba Arrasate eta Gaizka Garitano batu zituen ekitaldiak. Galdera bat salbu, gaztelera hutsean egin zen saioa, eta mukuru bete zen aretoa. Gipuzkoako futbol taldeetako ordezkari asko ziren publikoaren artean; baita Lehen Mailako jokalari ohi eta prestatzaileak ere, klubetako agintariez gain.

Hasi eta berehala futbolaren bilakaerari buruzko galdera plazaratu zuen Mikel Etxarri moderatzaileak, eta azkar heldu zion amuari Mendilibarrek: «Futbolaren bilakaera nabarmena da. Lehen, taldeen posterretan hogeita bi jokalari eta lau teknikari agertzen ziren. Orain, esate bat da, baina beste hainbeste dira teknikariak ere».

Zaldibarko (Bizkaia) prestatzaileak jarritako hariari tiraka, entrenatzaileek alboan dituzten laguntzaileez mintzatu ziren bostak, luze eta zabal. Arrasateren esanetan, teknikarien ugaritzea ez da prestatzaile nagusien eskaera bat izan: «Aurrerapenak egon dira, prestatzaileak ohartu dira horretaz, eta baliatu egin dute hori. Gainera, nik balio handia ematen diot giza alderdiari. Garrantzitsua da pertsonak izatea alboan». Osasunako prestatzaileak esandakoarekin ados agertu zen Asier Garitano; bergararrak azaldu zuen «modu horretara, prestatzaileari laguntzen» hasi zuela ibilbidea, eta «balio handia» ematen diola orain dituen laguntzaileek egiten duten lanari.

Bostak ahoan bilorik gabe mintzatu ziren araudi aldaketek jokoan duten eraginari buruz. Gaizka Garitanok VAR sistemak eragindakoa azpimarratu zuen: «Araudi aldaketak daude urtero, eta horrek lan egiteko metodologia aldatzen du. Esaterako, baloia ateratzeko era aldatu du lege berriak, baita VARak ere; penalti gehiago daude orain, eta oso atzean defendatzen duten taldeek tentu handiagoz aritu behar dute».

Horri eutsiz, bideo bidezko sistema hori ondo erabiltzeko beharra nabarmendu zuen Arrasatek: «VARaren aldekoa naiz, baina azkenaldian nahasmen asko dago. Garrantzi handia dute aretoan egoten diren epaileek, eta garrantzitsua da jakitea zein kasutan erabiltzen duten; lanabes gisa gustatzen zait, baina ez bada ondo erabiltzen, ezbaian geratzen da».

Haiek esandakoekin bat agertu zen Imanol saioaren zatirik handienean. Realeko prestatzailea izan zen gutxien hitz egin zuena, baina adierazi zuen futbolak «aurrera egiteko» ezinbestekoa dela «bilakaera» bat izatea. Oriotarraren ustez, «sarri, zaila da epaileen lana, eta guk are gehiago zailtzen dugu askotan».

Lan egiteko moduaz hitz egitean ez zuten erreparorik izan bost entrenatzaileek. Zuzenketak egitean taldean edo jokalari bakoitzari egiten dizkieten galdetuta, bakoitzak bere estiloa agerian utzi zuen. Jokalarien iritzia jakin bai, baina entrenatzailearen irizpideari pisu handia ematen dio Gaizka Garitanok: «Zuzenketa orokorrak taldean egiten ditugu. Gero, ez naiz oso zalea jokalari bakoitzak une oro zer pentsatzen duen jakiteko; jakin behar da zer iritzi duten, baina entrenatzaileak ere izan behar ditu gauzak argi».

Antzera mintzatu zen Mendilibar ere; Eibarren gidariak esan zuen banakako zuzenketa gehienak «beste teknikariengan delegatu» egiten dituela, eta «zuzenketa orokorrak» bere ardura direla: Imanol, berriz, bitariko lanaren alde agertu zen: «Oso talde gaztea dugu, eta denetarik egiten dugu. Taldeak bideoan, banaka... Hazten segitzeko beharra duten jokalari asko ditugu, eta lan taktiko berezitua ere egiten dugu». Hori entzunda, Asier Garitanok gehitu zuen hobetzeko nahiak ez duela zertan adinarekin loturarik eduki: «17 urterekin hobetzen dira gauzak, baina 30 dituztenek ere hobetzen dituzte. Beraz, erabiltzen ditugu banakako bideoak».

Sistemak, presioa...

Sistemak hizpide hartuta aritu zirenean jardun zuten sakonen. Mendilibarrek adierazi zuen «aldatu» egin dutela aurten, eta aurkariaren arabera ere egokitzen dutela: «Realaren aurka egin genuen, orain bi aste».

Arrasatek, berriz, aitortu zuen «bere zigilua» ezartzen saiatzen dela denboraldiaurre bakoitzean: «Nik gehiago sinesten dut joko ideian sistemetan baino. Aurkariaren atera azkar iristea gustatzen zait, baina aurkariaren araberakoa ere izan ohi da». Imanolek, berriz, «asteko lana» partidan islatzea izan ohi du xede: «Garrantzitsuena jokalariak jokoa ondo irakurtzea da. Hori egiten dugu asko, eta estilo propio bat mantendu. Partidaren pisua izaten saiatzen gara, eta aurkaria zenbat atzelarirekin ari den kontuan hartu gabe»,

Amaitzeko, beren lanak sortutako presioaz aritu ziren. Denen ustez, «karguarekin doan zerbait da», eta «onartu beharra» dago kanpotik datorren presioa. «Jende eta diru asko dugu atzean», esan zuen Asier Garitanok. Urrunago joan zen Gaizka, Athleticekoa: «Sare sozialena ikaragarria da. Hor dago, ez dit eragiten. Gehiago arduratzen naiz neure burua kudeatzeaz. Entrenatzaileak indartsu egon behar du».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna