Qatarko Munduko Kopa. F multzoa

Maroko. Zeharkaldia amaituta, oparo

Bigarren Munduko Kopa jokatuko du jarraian, hogei urteko etenaren ondoren. Teknikariz aldatu zuen abuztuan, eta Moha Marokoko jokalari ohiak uste du erabakia ez zaiola damutuko.

Marokoko jokalariak Arabiako Kopan Jordaniari sartutako gol bat ospatzen. OUSHAD THEKKAYIL / EFE.
enaut agirrebengoa
2022ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Desertuan oasia aurkitu du Marokoko selekzioak. Hogei urtez izan zen Munduko Kopan aritu gabe, 1998tik 2018ra, baina azken bi aldietarako sailkatzea lortu du. Atlaseko lehoiak aspaldi izan duten belaunaldirik onenaren iturritik edaten ari dira. Txapelketa jokatze hutsak ase zituen Errusian; orain, ordea, gehiagoren egarriz daude. Final-zortzirenetara heldu ziren 1986an, eta bigarrenez kanporaketetan sartzeko aukera daukate Qatarko zerumugan. Akaso ispilatzea izango da, baina ilusio horren atzetik ilusioz ariko da Maroko, Walid Regraguiren esanetara.

Taldea aparretan dabil, eta herrialdea, ametsetan. Hala azaldu du Moha el-Yaagubik (Taurirt, Maroko, 1977). Marokoko jokalari ohiaren hitzetan, zaleak «aspaldi ez bezala» ari dira gozatzen beren selekzioarekin. «Ez dakit inoizko belaunaldirik onena den. Gurea hobea zen agian... Txantxak alde batera utziz, zoratzen gaude jokalari hauekin. Urte luzez poz gutxi eman du selekzioak, baina talde hau beste hariko ezpala da. Eta onena zera da: hazten jarraitzeko aukera duela».

Onaldi betean egonagatik ere, hautatzailez aldatu zuten abuztuan, Munduko Kopa hasi baino hiru hilabete lehenago. Vahid Halilhodzicen agindupean sailkatu ziren, baina bosniarrak garesti ordaindu zuen Hakim Ziyetxekin eta Nusair Mazrauirekin izaniko kalapita. Diziplina falta egotzita, biak bazter utzi zituen. Federazioa jokalarien alde lerratu zen azkenean. Regraguik du orain lema. Egoera «bitxia» iruditu zaio Mohari, baina uste du taldea esku onetan gelditu dela. «Pena da hiru urtez proiektu bat eraiki, eta Munduko Koparen aurretik ezerezean gelditzea. Halere, uste dut taldea ondo ariko dela teknikari berriarekin. Ezagutzen dut, eta langile petoa eta oso kudeatzaile ona dela esan dezaket. Gainera, asko gustatzen zait bere joko filosofia».

Jite erasokorra du Regraguiren Marokok. Baloiaren jabetza eta bizitasuna ditu oinarri. Hala azaldu du Osasunako eta Realeko jokalari ohiak: «Maila tekniko handiko taldea da, eta estiloa bat dator jokalarien ezaugarriekin: baloia eduki eta ahalik eta aukera gehien sortzea du helburu». Taktikoki anarkikoak izatea leporatzen zaie maiz Afrika iparraldeko selekzioei. Haatik, Marokok ez omen du arazo hori: «Uste dut talde hau oso ondo antolatzen dela zelaian. Ez du ordena galtzen baloirik ez duenean. Gauzak zentzuz egiten ditu taktikoki».

Desio bat du Mohak: taldeak 2018ko irudi bera eman eta, ahal dela, emaitza hobea lortzea. «Espainia eta Portugal gurutzatu zitzaizkigun bidean, eta beste bi aurkari handi izango ditugu aurten: Kroazia eta Belgika; hau da, azken aldiko txapeldunordea eta hirugarren sailkatua. Oso erronka zaila dirudi, baina, urduritasuna kudeatu eta dakigun bezala jokatzen badugu, kontuz».

Abde, bere aukeraren zain

Mohak 2003tik 2007ra bitarte ordeztu zuen bere herrialdea, eta Regraguirekin bat egin zuen Alemaniako Munduko Koparako sailkatzear izan zen taldean. Azken partidan Tunisiarekin berdindu, eta ezin izan zuten ametsa bete. Halere, «heroien moduan» hartu zituzten zaleek. «Eta beste horrenbeste gertatu zen Afrika Kopako finala galdu genuenean. Marokoarrek urteak zeramaten futbolaz gozatu gabe, eta oso esker onekoak izan ziren gurekin».

Espainiako Ligan ere aldi berean jardun zuten Mohak eta Regraguik. Hautatzaile marokoarra Santanderko Racingen aritu zen, eta Mohak, berriz, bost sasoi egin zituen Osasunan. Geroago, urtebetez aritu zen Realean. «Zoriontsu» izan zen Iruñean, eta gauza bera opa dio Ez Abderi. Bere arrastoan al dabil? «Ez, bide propioa egiten ari da. Gazterik iritsi da Osasunara, ni bezala, baina ez dugu zerikusirik jokalari moduan: Abde ni izan nintzen baino hiru aldiz hobea da. Ni langilea nintzen; hark, ordea, baldintza fisiko eta tekniko ikusgarriak dauzka». Alta, oraindik badu zer hobetu: «Aurkariak desorekatzeko gaitasun itzela dauka, baina batzuetan erabaki hobeak har ditzake. Dena den, asko ematen ari zaio Osasunari. Eta Marokon ere distira egin dezake».

Oraingoz, Abde ordezkoa da Regraguirentzat. Ziyetx, Sufiane Bufal eta Yusef En-Nesiri dira titularrak erasoko postuetan. Kontuan hartzeko moduko aurrealdea da. Defentsa ere izenez ondo hornitua dauka Marokoko selekzioak: Mazraui, Atxraf Hatximi. Yasine Bunu, Romain Sais... Alabaina, talde gisa jardutea da garrantzitsuena. «Denek egin behar dute bultza, ezustekoa eman nahi izan ezkero. Amets hori daukagu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.