Kaleak berriro ere hartuta

Oinezkoak eta txirrindulariak parke eta pasealekuen jabe egin dira arintze neurriekin. Baina jendea pilatzen ari da eremu horietan; izan ere, hiriek gune gutxi eskaintzen dituzte aisialdirako.

Baiona. Bizikletaren erabilera deskonfinamenduaz arago bultzatu nahi du Bizik. GUILLAUME FAUVEAU.
Iñigo Satrustegi.
Gasteiz
2020ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Azken asteetan, konfinamendua arintzeko neurriekin,Espainiako eta Frantziako gobernuek baimenak eman dituzte, pixkanaka bada ere, kalera ateratzeko. Ordutegi, adin tarte, baimen eta duda askoren artean, herritarrek kaleak hartu dituzte berriz. Parkeak, zelaiak eta plazak dira kirolarien eta paseatzaileen jomuga nagusia, eta hain erakargarri bihurtu dira hiriguneetako espazio zabalak, ezen ia masifikatzeraino bete diren lekuok. Hiriburuetako udalek hainbat neurri hartu dituzte, errepideak oinezkoentzako egokitzea eta bizikletentzako ibilbideak sortzea, adibidez. Egoera horrek eztabaida piztu du egungo hirigintza ereduak dituen lehentasunen inguruan, eta oinezkoentzat zein bizikletentzat leku gehiago eskatzen zuten herritarren eskaerak mahai gainean jarri ditu atzera.

Igor Ahedo (Bilbo, 1973) EHUko Politika Zientzietako irakasleak azpimarratu du zer garrantzi duen sistema ekonomikoak hiri ereduaren auzian: «Sistema neoliberal batean murgilduta gaude; ikusi besterik ez da egin behar zer-nolako zentraltasuna duten autoek gure hirietan», eta gaineratu du zentraltasun hori «gutxiengo» batentzat egina dagoela. Izan ere, Ahedoren esanetan, gutxiengo batek dauka auto bat izateko gaitasuna. Era berean, erantsi du «paradoxa» iruditu zaizkiola egunotan Bilboko Autonomia kalean ikusitako irudiak: autorik ez, eta supermerkatuetan sartzeko jende ilara luzeak.

Espazio publikoaren erabilerak eta funtzioak aldatu direla adierazi du Ahedok: «Garai batean, kaleko eserlekuak gizarte erreprodukziorako ziren; hau da, egoteko, sozializatzeko, konspiratzeko eta beste gauza askotarako leku bat ziren». Aitzitik, salatu du gaur egun funtzio produktiboaren elementu bilakatu direla bankuak: «Erosten ari zaren bitartean esertzeko baino ez dute balio».

«Historia bizia»

Itsaso Larramendi arkitektoa (Bilbo, 1990) bat dator ekonomiak hirigintzan duen eraginaren baieztapenarekin, baita autoek gaur egungo hirietan hartzen duten espazio «handiegiarekin» ere. Larramendik esan du «historia bizia» direla hiriguneak; izan ere, arkitektura unean uneko ekonomiaren interesei egokituz joan da, eta gaur egungo hiriak horien guztien nahasketaren emaitza dira. Arkitektoaren arabera, hasierako hiri bilbeak, gaur egungo alde zaharrak, prestatuta zeuden etxebizitza eta lantegia espazio berean izateko. Industrializazioarekin batera hasi ziren auzoak eraikitzen, kanpotik etorritako langile saldoari aterpea emateko.

Zabalguneak ere industrializazio garaikoak direla adierazi du Larramendik, baina «hiritar aberatsentzat». Larramendiren esanetan, berriz, azken mendeetan zonakatzean oinarritutako paradigmak izan dira irizpide hiriak eraikitzeko: «XX. mende hasierako egitura nagusiak mantendu dira: auzoak, saltoki guneak, lantokiak hirietatik at». Hiria antolatzeko eredu horrek auto bidez mugitzera bultzatzen duela gaineratu du. Bilboko Miribilla eta Gasteizko Zabalgana edo Salburua auzoak jarri ditu adibide: «Ia ez da komertziorik, eta etorbide handiak dituzte. Ondorioz, auzoak ez dira atseginak oinezkoentzat».

Orain, baina, parkeak eta zelaiak txiki geratu dira hiriburuetan. Hori dela eta, hiriburuetako udal askok neurriak hartu dituzte: Iruñean, Bilbon, Donostian eta Baionan, adibidez. Lapurdiko hiriburuan, esaterako, asteburuetan hainbat kilometro egokitu dituzte paseoan ibili edo kirola egin nahi duten herritarrentzat. Marion Pichery Baionako Bizi mugimenduko kide da, garraiobide alternatiboen aldeko lantaldean. «Momentuz jendeak autoa gutxiago hartzen duela ikusi dut, eta jende gehiago dabil oinez edo bizikletaz eguneroko gauzak egiteko», adierazi du Picheryk.

Bidegorriaren kasuan «berandu» dabiltzan arren, larrialdi egoerarekin aspaldiko eskaera bat beteko du Baionako Herriko Etxeak: bidegorriko obrak laster abiatuko ditu, eta Bizikoek «baikor» begiratzen diote erabakiari. Gainera, adierazi duenez, orain moldatzen ari diren bideetako batzuk behin betiko utziko dituzte. Neurriok gerora nola gauzatuko dituzten ikusi beharko dutela gehitu du Phycherik, eta ahalegin hori eskertu du.

Autoa hartzeko arriskua «begi bistakoa» dela esan du Biziko kideak, baina auto ilarak sortuko direla ondorioz: «Auto pilaketak ekarriko ditu, eta, beraz, gure alde dago. Ikusiko dute azkarrago doazela oinez eta bizikletaz». Ideia horretatik abiatuta, planoak banatuko dituztela jakinarazi du, herritarrek konpara dezaten.

Eredu berriak sortzen

Arkitektoak dira Aitana Perez (Donostia, 1991) eta Maria Melo ere (Donostia, 1990). Kalean Bizi egitasmoa jarri zuten martxan 2018an Donostian, espazio «komuna» birplanteatzeko asmoz. Arkitektoen ustez, «etekin handia atera dakioke Donostiari. Naturarekin harreman handia du, eta gizarte harremanak sustatzeko eskala ezin hobea dauka». Kontrara, hiria «argazkirako bezala» pentsatua dagoela adierazi du Melok: «Donostia oso zentralizatuta dago. Oso zainduta dago erdigunea; kanpora begira, oso polita. Hala ere, parke eta zelai asko ezin dira erabili».

Donostiarentzako beste proiektu bat nahiko lukete, espazio publikoak «leku» bihurtzea helburu duena. Perezek azaldu du lekuak erreferentziazkoak eta kalitatezkoak direla erabiltzaileentzat: «Leku horietara joaten zarenean, lekua disfrutatzea eta erabiltzea duzu helburu». Hainbat modutan egiten dute lan: espazioen analisiak egiten, komunikazio zerbitzuen bitartez, aldi baterako plataformak eskainiz eta egindako proiektuak gainbegiratuz. Udalak arintze neurriekin oinezkoentzat eta bizikletentzat egokitu dituen ibilbideak ez zaizkie nahikoak iruditzen: «Gauza asko egiten dira asmo onez, baina erdibidean geratzen dira», adierazi du Perezek. «Ematen du Donostian betiko lau paseoak baino ez daudela. Beste ingurune asko daude, eta ez ditugu ezagutzen. Edo ez dira erakargarriak, ez daudelako zainduta». Erantsi du egun hauetako jende pilaketak horren ondorio zuzena direla hein batean.

Hain zuzen ere, jakinarazi dute mapa ez-turistiko batzuk sortzen ari direla auzoz auzoko gune erabilgarri eta interesgarriak biltzeko, auzoko bizilagunentzat propio pentsatuta.

Pandemia bukatzerakoan, «normaltasun berria» delakoan, hiriek nolakoak izan beharko luketen adierazi dute. Donostiarren kasuan, aurrez egindako proiektuen emaitzetan bildutako irizpideak azaldu dituzte: hesirik gabeko espazio natural zabalak, kalitatezko kaleak, hiri tresneria ona, espazioak aktibatzeko ekintzak eta garraio publikoaren sare sendo bat.

Larramendik ere uste du garraio publikoan indarra jartzea beharrezkoa dela hiri eredu berri baterako bidean. Halaber, beharrezkotzat jo du erabilera eta zerbitzuak bermatzea gertuko distantzietan; gainera, ikuspegi feminista batetik, egungo hiri eredu horri egindako kritika mahaigaineratu du:«Ikuspegi maskulinotik daude pentsatuta hiri zonakatuak. Emakumeak izan dira zaintza lanetako arduradunak. Ez ditu kontuan hartzen erosketak, eskolak, osasun zentroak... Lanpostuak eta etxebizitzak baino ez». Gainera, hiriaren erabiltzaileen aniztasuna kontuan hartzeko gako nagusitzat jo du.

Garraioaren ildotik jo du Picheryk ere: «Bizikletarekin bakarrik ezin da moldatu. Eta helburua ez da autoa kentzea, baina bizikleta eta tren sare on batekin ideala litzateke». Bizi mugimenduko kidearen arabera, larrialdi egoeraren ondorioz aurkeztu den egoera berri horretan, «oinezkoen eta bizikletaren aldeko bihurgunea hartzeko garaia iritsi da. Orain da garaia».

Orokorrean, igarri dute herritarrek hirietako ikuspegia aldatudutela espazio publikoari dagokionez konfinamendua arintzearekin batera. Kaleaz disfrutatzeko inoiz baino gogo gehiago dute herritarrek, eta hori argi ikusi ahal izan da azken asteetan. Horrekin batera, batzuk ohartu egin dira hiriak eskaintzen dituen espazioen gabeziez. Pilota, orain, instituzioen teilatuan da, aldi baterako neurriak behin betiko jartzen dituzten ikusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.