Arrate Orueta

Futbola «dagokion» lekuan jarriz

Athleticeko jokalari ohi eta Gurutzetako ospitaleko sendagileari zer pentsatua eman dio koronabirusa eragiten ari den guztiak, eta, besteak beste, gogoeta hau egin du: «Futbola ez da gauzarik garrantzitsuena».

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Arrate Orueta (Bilbo, 1984) ez da edozein futbol munduan. Athleticen 270 partida jokatu zituen 2002tik 2015era, eta lau aldiz irabazi zuen Superliga. 53 gol ere sartu zituen. Futbola barru-barrutik bizi izan zuen, bertatik bertara, eta barrutik bizi izatea ez da zelaian aritzen zelako: «Pasioa da niretzat», esan dio BERRIAri, telefonoaren beste aldetik. Baina hala izateak ez dio galarazten hainbeste maite duen kirolaren inguruan gogoeta sakonak egitea. Orain, koronabirusaren gaitza eragiten ari den guztiarekin, bizkortu bezala egin zaizkio, gainera, pentsamendu horiek. Sendagilea ere bada Gurutzetako ospitalean, 2 urteko alaba baten ama ere bai, eta ari da zer pentsatua izaten egoera honetan.

Orueta sendagileak gaixo ikusten du futbolaren ingurua, «gauzak neurritik kanpo aterata erabat». Mundu horretan mugitzen den dirutzara joan zaio begi zorrotza: «Milioiak eta milioiak mugitzen ditu, erabat neurriz kanpo, eta orain ari gara ikusten edo konturatzen balio handiegia eman izan diogula. Azkenean, kirol bat baino ez da». Koronabirusaren era guztietako eraginaren ondorioz horretaz jabetu behar izanaz, ondorengoa adierazi du: «Pena da hau gertatu behar izatea konturatzeko, baina futbolaz aparte eta hortik kanpo badaude gauza askoz garrantzitsuagoak». Bat nabarmendu du guztien gainetik: «Osasuna da lehendabizikoa». Garbi dauka egoera honek guztiak futbola non jarri duen: «Dagokion lekuan ipini du».

Futbolaren gaitzari izen-abizenak jarri ondoren eta sendabidea zein den azalduta, gero etorriko denari erreparatu dio, eta onartu du bere burua lehengoan ikusten duela, baina ñabardura handi bat gehitu dio: «Oso futbolzalea naiz, asko gustatzen zait Athleticen partidak eta beste asko ere ikustea, eta horretan jarraituko dut, baina buelta eman behar diogu edo diote neurriz kanpo dagoen guztiari. Azkenean, diru gehiegi mugitzen da futbolean, eta ez da beharrezkoa hainbeste mugitzea».

Mugimendu horretan, ordea, dirua batera eta bestera darabiltenek ez dituzte kopurutzar horien zatirik txikienak ere emakumezkoen futbolera mugitzen, eta errealitate gordin hori ondo baino hobeto ezagutzen du Oruetak. Gai horretaz gogoeta plazaratzeko orduan, beste gogoeta interesgarri bat egin du: «Ezin dugu jarrigizonezkoen futbolaren pare, haiek sekulako dirutza mugitzen dutela eta. Garbi dago emakumezkoen futbolean diru gehiago behar dela, baina ez naiz ari eskatzen gizonek irabazten dutenaren pare jartzeko. Gure irabaziek gora egin behar dute, baina, aldi berean, gizonezkoenak asko jaitsi behar dira».

Emakumezkoen eta gizonezkoen futbola berdindu edo ez berdindu horretan, bada beste ertz bat ere oso interesgarria: balioak.Gizonezkoen futbolak sustatzen, sortzen eta bultzatzen dituen balio berberekin hazi behar al du emakumezkoenak? Oso garbi dauka erantzuna Athleticeko jokalari ohiak: «Gizonezkoen futbolean dena dago esajeratuta. Dirua aipatzen ari gara, eta erabat desitxuratzen du dena. Nik jokatzen nuenean, ez nuen diruagatik jokatzen, gustatzen zitzaidalako jokatzen nuen, pasioa zelako azken batean. Horrekin ez dut esan nahi gizonezkoek diruaren atzetik egiten dutenik, baina badakite aukera ederra daukatela diru asko irabazteko». Balio zehatz bati heldu dio segituan: «Errespetua gauza nabarmena da. Emakumezkoen kasuan, zakurkeria gutxiago dago, eta epaileei ez gatzaizkie kexatzen hainbeste. Aldiz, gizonezkoetan, hori ere neurriz kanpo dago. Epaileei sekulako astakeriak esaten zaizkie, harmailetan irain arrazistak ere izaten dira jokalarien aurka. Hori ezin da onartu. Jokalariek jokoan bakarrik jarri behar lukete arreta, eta ahaztu telebistaz, epaileez eta zaleez. Eta, zaleek, beren taldea animatu, eta aurkariaz ahantzi egin beharko lukete».

Zelaitik ospitalera, lanera

Futbolaren osasunaren diagnosia egin duen bezala, egunero haren kontsultatik igarotzen direnei ere gauza bera egiten die. Baina ikasketak lanbide bihurtu aurretik, ikasi zuen hori ikasteko hautua egin behar, eta medikuntzari nola heldu zion kontatu du Oruetak: «Osasunaren inguruko kontuak beti gustatu izan zaizkit, eta, kirola ere gustuko dudanez, ikusi nuen fisioterapia izan zitekeela biak uztartzeko aukera bat. Gustatzen zitzaidan, gainera. Baina hemen ez zegoen hori ikasterik, eta kanpora ezin izan nintzen joan, aita gaixotu egin zitzaigulako. Medikuntzatik jo, eta lesioak osatzeko adarrari heldu nion azkenera». Horretan ari da orain Gurutzetan: «Bizkarrezurreko muin lesioekin nabil». Badaki zerbait lesioez, hirutan hautsi zitzaizkiolako lotailu gurutzatuak jokalari zenean: «Orduan bizi izandakoak lagungarri zaizkit orain», esan du.

Erietxe bateko langile izanda, baina, ezinbestean ari zaio tokatzen koronabirusaren pandemia bertatik bertara ezagutzea, oso gertutik ez bada ere: «Ez nago lehen lerroan. Ez, behintzat, oraindik. Baina edozertan laguntzeko prest nago, tokatzen bazait».

Sendagile den aldetik, badaki gaitzari aurre egiteko botikak eta tratamendua lortzeko lasterketa bizia ari dela izaten, baina horrek ez du esan nahi berehala lortuko dutenik sendabidea aurkitzea: «Inork ez daki pandemia honek zer bilakaera izango duen. Pila bat entsegu eta proba egiten dabiltza, eta ikusi dute botika batzuk sendagai direla, baina horrek ez du esan nahi behin betiko sendagaia berehala lortuko denik».

Onartu du egoera «zaila» izaten ari dela erietxean, «lankideak lan asko ari direlako egiten eta tentsioa dagoelako», baina beste leku batzuetan baino hobeto ari direla nabarmendu du: «Osakidetza lan ona ari da egiten gurean, nahiko ondo antolatuta gaude, eta lekua dago oraindik erietxean».

...eta etxean, alaba zain

Lana amaitzean, etxeak behar luke izan atsedenleku eta ihesbide, baina ez da horrela Oruetaren kasuan. Bi urteko alaba dauka, eta erietxetik etxera joandakoan ari da nozitzen gehien egoera petral hau: «Daukadan lana daukat, eta, etxera iristean, distantziak zaindu egin behar ditut, prebentzioagatik. Horixe da gogorrena. Alaba ni besarkatzera etortzen da segituan, eta ez diot ezetz esaten, baina ez dira betiko besarkadak. Muxuak ere ezin dizkiot lehen bezala eman. Eta alferrik da hari azaltzea, ez duelako ulertzen, txikia delako oraindik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.