Arkitektura Institutua sortuko dute Donostian

Santa Teresa komentuan izango du egoitza, eta udazkenean irekiko dute. Mugak biurtekoaren egoitza eta bulegoa ere hantxe egongo da
Euskadiko Arkitektura Institutuaren proiektuaren aurkezpena, atzo.
Euskadiko Arkitektura Institutuaren proiektuaren aurkezpena, atzo. IÑIGO IBANEZ

Peru Azpillaga -

2018ko ekainak 16
Donostiako Santa Teresa komentuan EAI Euskadiko Arkitektura Institutua sortzeko akordioa sinatu zuten Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak eta Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol diputatuak, atzo. Udazkenean irekiko dute, eta komentuaren lehen hiru solairuak hartuko ditu (1.386 m2). Eraikina, Mugak Euskadiko Arkitekturaren Nazioarteko Biurtekoaren bulego iraunkorra izateaz gain, haren egoitza ere izango da hurrengo edizioetan. Biurtekoen artean, zabalkundera bideratuko du bere jarduna EAIk.

Institutua bi helbururekin sortuko dute, agintariek azaldu zutenez: batetik, euskal arkitektura garaikidea hedatzea izango du xede, eta, bestetik, erreferentziazko espazio bihurtzea. Bere ekoizpena eta beste erakundeen ekarpenak eta nazioarteko eduki ibiltariak ere jasoko ditu. Gainera, leku egingo diete arkitektura ikertzea eta sustatzea helburu duten irabazi asmorik gabeko elkarteei ere.

Arriolak adierazi zuenez, «arkitektura egokia izateak zerikusi handia du herritarren eta ingurumenaren bizi kalitatea hobetzearekin». Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak hartuko ditu bere gain egokitzapen eta hornikuntza gastuak. Gipuzkoako Foru Aldundia, berriz, funtzionamenduaz eta mantentze eta kontsumo gastuez arduratuko da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna