Albistea entzun

Hobe errezetarekin

'Errezetarik gabe ez' kanpaina abiatu du Gipuzkoako Farmazialarien Elkarteak: ohikoak diren hiru botikatan eta dosirik handienetan jarri dute arreta, kontsumo gehiegizkoaren arriskuez ohartarazteko. Adituek diotenez, dosi handiek ez dakarte onura handiagoa.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Maialen Unanue Irureta -

2019ko otsailak 23

Zertarako joango naiz medikutara, zer aginduko didan baldin badakit?». Edo: «Ez nazazu behartu osasun etxera joatera». Askotan entzuten dituzte halakoak farmazialariek. Ohiko praktika da automedikazioa: ondotxo daki hori Miguel Angel Gaztelurrutiak, Gipuzkoako Farmazialarien Elkarteko presidente eta farmazialariak. Errezetarik gabe ez kanpaina abiatu du kolegioak, hiru botikaren dosi jakin batzuen ohiko kontsumoaz ohartarazteko: 600 miligramoko ibuprofenoa, gramo bateko parazetamola eta 575 miligramoko metamizola —Nolotil da merkaturatzen den marka erregistraturik ezagunena—. Arruntak dira hirurak, eta hirurek behar dute errezeta dosi horietan, teorian, erosi ahal izateko, baina, batean ez bada bestean, medikuaren agindurik gabe ere eskura daitezke.

Arantxa Gartzia Peinado farmazialaria bat dator Gaztelurrutiarekin: «Hiru botika horiek etxe guztietan egon ohi dira». Horien kontsumoa zabalduta egoteak, ordea, ez du esan nahi arriskurik ez dutenik; hala ohartarazi du Gartziak. «Automedikazio arduratsua komenigarria izan daiteke, sintoma txikiei aurre egiteko erabiltzen bada: minarentzat, hotzeriarentzat, bihotzerrearentzat... Baina epe mugatu baterako». Gaztelurrutiak gogoratu duenez, izatez, OMEk berak babestu eta bultzatu egiten du automedikazioa: «Errezetarik behar ez duten botikak erostea praktika ona dela diote, betiere farmazialariaren oharrekin, lehen mailako osasun zerbitzuak arintzen dituelako».

Ez dute botiken kontra egin nahi, botika horien dosi handien aurka egin nahi dute, Gaztelurrutiaren esanetan: «Metamizolaren kasuan, 575 miligramokoa da merkatuan dagoen bakarra, baina Nolotilak errezeta behar du, eta horixe gogorarazi behar diegu: errezeta ez diegu eskatzen sudur puntan jarri zaigulako, euren hobe beharrez ari garelako baizik». Botikak itsu-itsuan erostea saihestu nahi dute. Izan ere, bada uste zabaldu bat, esaera zaharrak dioen bezala, erdia ustela duena. «Gaizki gaudenean, hala pentsatzen dugu: 'Ibuprofenoak on egiten dit; beraz, dosirik handiena hartuko dut, horrexek egingo dit ondoen'. Gauza bera parazetamolarekin: 'Zertarako hartuko dut 500ekoa, gramo batekoa har badezaket?'. Bada, ez: dosi handiak egingo digun onura ez da askoz handiagoa izango, eta, aldiz, kontrako ondorioak jasateko probabilitatea askoz handiagoa da».

Botikek sortutako gaitzak

Gaztelurrutiaren arabera, begi bistakoak ez diren kalteak sor ditzakete botiken dosi altuek, eta, legez errezetarik gabe saltzerik ez duten arren, eskaria «handia» dela nabarmendu du, eta gaixo batzuek «presio izugarria» egiten dietela. «Botika merkeak dira, jendeari ez zaio axola ordaintzea, baina beharrezkoa da praktika hori geldiaraztea».

Gaztelurrutiak azaldu duenez, botika guztiek dituzte kontrako efektuak, baina aldiro dosi handietara jotzea kaltegarria dela ohartarazi du: «Ibuprofenoa, zeina botika seguruenetako bat den, 2.400 miligramora iristen garenean [600eko lau pastilla hartuta], oso toxikoa izan daiteke». MIEZ Medikamentu Informazioko Euskal Zentroko arduradun Iñigo Aizpurua Imazek azaldu duenez, dosi txikienak hartuta ere albo kalteak jasan daitezke urdail-hesteetan: «Dosi handiak hartuz gero, eta denbora luzez, gaixotasun kardiobaskularrak sor daitezke: iktusa edo bihotzekoa jasateko aukera handitzen du». Horregatik da beharrezkoa dosi handiak baztertzea, Gaztelurrutiaren esanetan: «Dosi arruntetara jo behar dugu, kontrako efektu horiek jasateko arriskua ahalik eta txikiena izan dadin». Parazetamolaren kasuan, berriz, giltzurruneko zein gibeleko gutxitasunak sor ditzake, Aizpuruaren esanetan.

Paradoxa badirudi ere, botikak izan daitezke bestelako gaixotasunen sortzaile, baldin eta neurrian hartzen ez badira, Gartziaren esanetan. «Ibuprofenoarekin, urdaila babesten duen barrera kaltetu dezakegu: goragalea eta beherakoa sor ditzake, besteak beste; parazetamolak, berriz, gehiegi hartuz gero, toxikotasun hepatikoa sor dezake; alegia, gibelari kalte egiten dio». Ez dira albo kalte bakarrak, Gartziaren arabera: gaizki edo gehiegi erabiliz gero, intoxikazioak sor ditzakete botikek, edo eraginkortasuna galdu, dependentzia...

Metamizolak ez, baina parazetamolak eta ibuprofenoak badituzte dosi txikiagoak merkatuan, eta ez alferrik: haien eraginkortasuna defendatu du Gaztelurrutiak. «Ibuprofenoaren kasuan, badaude 200 miligramoko dosiak ere: beste herrialde batzuetan zabalduta dago, baina, hemen, gehienez ere haurrei ematen zaie; gaixoak dituen sintomen arabera, nahikoa da, berez, 200ekoa». Noiz hartu daitezke dosi handiagokoak? Bada, medikuak agintzean, Gaztelurrutiak ohartarazi duenez: «Mediku batek aztertu behar du botika baten zein dosik zein onura eta zein kalte egin diezazkiokeen gaixoari, eta konpentsatzen ote duen botika baten dosi handiak dakartzan arriskuak bere gain hartzeak».

Mitoak mito

Botikak hutsaldu egin dira, eta horregatik jokatzen da «arinkeriaz» automedikazioarekin, Gaztelurrutiaren ustez: zergatik hutsaldu diren, ordea, ez daki esaten. «Botikak dira gehien erabilitako osasun teknologiak, nabarmen: asko merkatu dira, eta erraz eskura daitezke. 500 miligramoko parazetamolaren 28 pastillako kaxa batek euro bat baino gutxiago balio du: oso merkea da». Merkea izateak izan dezake zerikusirik, haren ustez, dosi txikiagoko botikak hain eraginkorrak ez direla pentsatzeko arrazoiekin. «Jendeak esaten dizu: 'Ez, ez: eman zerbait fuertea'».

Hartu beharreko dosia desberdina da pisuaren arabera, Gartziaren esanetan: «Pertsona batek 40 kilo pisatzen badu, 100 kilo pisatzen duenak baino gutxiago beharko du, baina egia da gorputza dosi handietara ohitzen badugu gero eta dosi handiagoak eskatuko dizkigula». Baina dosien kontuarekin mitoak ere badira, Gaztelurrutiak nabarmendu duenez: «Nik, adibidez, 500 miligramoko parazetamola hartzen dut: ia 100 kilo pisatzen dut, eta ondo egiten dit». Kontuan izan behar baita, gainera, aparteko gaitzik izanez gero botika horiek nola eragiten duten: «Parazetamola oso segurua da: ez dio urdailari eragiten, eta hori inportantea da arazo gastrikoren bat dugunontzat. Eraginkorra da, sukarra gutxitzen du, eta mina kentzen du: 500 miligramo egunean hiru aldiz hartzea primerakoa da heldu batentzat; zertarako hartuko dugu gramo batekoa?».

Azaltzea, eta entzutea

MIEZ, izatez, osasun zerbitzuetako profesionalei laguntzeko sortu zen, baina badira urte batzuk herritarrei begira ere lan egiten duela. Zentroak, 2015ean, Gipuzkoako Farmazialarien Kolegioa orain egiten ari den kanpainaren oso antzeko zerbait egin zuen, 400 miligramoko ibuprofenoaren eta 500 miligramoko parazetamolaren alde. «Badirudi 500eko parazetamola desagertu egin dela, baita 200eko eta 400eko ibuprofenoa ere», esan du Aizpuruak.

Gauzak ez dira, beraz, askorik aldatu, baina ez dadila inor larritu: duela hogei urte inguru, ohikoa zen antibiotikoak errezetarik gabe erostea, eta gaur egun ez dago errezetarik gabe saltzen duen farmaziarik. Aizpuruak gogoratu duenez, kanpaina «pila bat» egin zituzten, eta farmazialariak «zorrotz» jarri ziren: «Parazetamolarekin edo ibuprofenoarekin, norbanakoak jasaten ditu kontrako efektuak: antibiotikoak gaizki erabiltzeak, ordea, jende guztiari eragiten dio; erresistentziak sor daitezke, eta, ondorioz, eraginkortasuna galtzen du».

Kanpaina martxan da, eta, Gartziak nabarmendu duenez, jendeak entzun egiten du, azalpenak emanez gero; bi aldeek jarrera horri eustea litzateke gakoa. Gaztelurrutia ere bat dator Gartziarekin: «Beti jo beharko genuke profesionalengana: osasun sare oso ona daukagu, osasun zentro oso onak, eta farmazia sare oso ona: ezin ditugu alferrik galdu».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Izuturik egon naiz; baina arrazionala da?»

Iker Tubia

Energia krisiaren eta klima aldaketaren aurrean, filosofia aldarrikatu du Basartek, erabaki eraginkorrenak hartzeko ezinbestekotzat jotzen baitu arrazoian oinarritzea. Altruismo eraginkorrean aritzen da orain.
Erreserbetan bermeak eskatzen hasi dira hainbat jatetxe. ©BERRIA

Bezeroak etorriko diren esperoan

Unai Etxenausia

Jatetxeei galera nabarmena ekar diezaieke bezeroek erreserba bat egin, ez direla joango abisatu ez eta, azkenean, ez agertzeak. Horrelakoak ez gertatzeko, hainbat jatetxe bezeroei bermeak eskatzen hasi dira erreserba egiten duenean, bezeroak lotzeko eta galerak gutxitzeko.

La Zurdako kide Andrea Ganuza, bere komikia aurkezten, La Zurda Berria jaialdian, maiatzaren 24an. ©MIRARI ETXABARRIA

Artearen jaialdia, denen esku

Itsaso Jauregi

Iruñeko La Zurda Berria jaialdian tailerrak eta arte erakusketak egin dira maiatzaren 26tik ekainaren 10era. Esperimentatzeko espazio seguru bat sortzea da helburua.

Atal berria du estilo liburuak: ikus-entzunezkoena. ©BERRIA

BERRIAren estilo liburuan atal bat sortu dute ikus-entzunezkoei buruz

Urtzi Urkizu

Irizpideak landu dituzte belarrirako nola idatzi, nola ahoskatu eta azpidatziak nola egin zehazteko

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.