Ilusioa berpizteko puntadak

Askabide elkarteak, batik bat, emakume migratzaileentzako joskintza tailerrak antolatzen ditu Bilbon. Bestalde, Mari Makeda proiektuarekin, emakume horien egoera ikusgarri egin nahi dute.

Askabide erakundea. Marian Arias tailerrak antolatzen dituen erakundearen kudeatzailea da. ARITZ LOIOLA / @FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Bilbo
2019ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Etorkizunean jostuna eta moda diseinatzailea izan nahiko nuke». Duela zazpi urte Nigeriatik Bilborairitsi zen Deborah Izuagie, bizi berri eta hobe baten bila. Dozena bat emakume sartzen diren mahai baten alde batean eserita dago, eskuetan oihal zatiak eta parean josteko makina dituela. Hain zuzen, Askabide gobernuz kanpoko erakundeak antolatzen dituen joskintzako formakuntza tailerrean dago, eta emakume gehienbat afrikarren algaren artean, Rebeca Garcia irakaslea azalpenak eman nahian ari da.

Prostituzioaren esparruan eta baztertuta dauden emakumeez arduratzen da Askabide elkartea nagusiki. Horrez gain, emakume horien hezkuntzan eta lan egiteko aukeretan ere jartzen du fokua. Bizkaiko Foru Aldundiaren Lan Berri programari esker sortutako proiektua da, eta dagoeneko hiru urte daramatzate emakumeei arropak josten irakasten. Esparru horretan lan egiteko aukera gero eta gehiago zegoela ikusi zuten erakundeko kideek, eta ohartu ziren haiengana formakuntza bila joaten zirenak ere gero eta gehiago zirela. «Goi mailako ikasketetarako sarbiderik ez duten emakume hauentzat formakuntza tailerrak egiteko aukera ona zela iruditu zitzaigun», azaldu du Marian Arias Askabide elkartearen kudeatzaileak.

10-15 pertsonaz osatutako taldean, bost hilabetez egunero aritzen dira orratzetan haria sartu eta inspirazioari etekina ateratzen. Formakuntzaren ostean, praktikaldi garaia izaten dute ikasleek, eta, ostean, horietako batzuk enpresek kontratatzen dituzte. Halaber, Ariasen esanetan, joskintzako beste edozein ikastaro bezalakoak dira haiek eskaintzen dituztenak. Berezitasun bakarra dute: emakume horiei ematen zaien arreta pertsonalizatuagoa da. «Formakuntza bat emateaz gain, haien egoerara egokitutako arreta pertsonala eskaintzen diegu, egunerokoan dituzten arazoak bideratzen laguntzeko», argitu du Ariasek.

Rebeca Garciak du emakume horiekin harreman estuena; hura da irakaslea. Haren esanetan, joskintzako formakuntza saioetan ez zaie soilik josten irakasten. «Errutina bat eta lanerako ohiturak ere ikasten dituzte». Hori horrela, oinarrizkoa dena baino beheragotik hasten direla azaldu du. Horrez gain, arropak egin ahal izateko ematen dizkien ezagutza berriez aparte, eguna igarotzeko eta kolektibo baten parte sentiarazteko esparrua eskaintzen diete formakuntzaren bitartez. Ariasek gaineratu du berehalako emaitzak ikusteak emakume horien gaitasunean eta autoestimuan eragiten duela.

Izuagiek aitortu du emakume guztien artean «familia bat» osatu dutela, eta Askabideri oso eskertuak daudela. Joy Iyahen ere nigeriarra da, eta hiru hilabete daramatza formakuntzan. Eskuak erabiliz, neurri handiko arropak egitea da haren asmoa; «nik erabiltzeko modukoak», esan du irribarrez. Are gehiago, gustatuko litzaioke halako tailer bat bere herrialdean izatea, ikasi ezin duten emakumeak laguntzeko: «Nik lortu badut, beste emakume batzuek ere lortzea posible da», esan du.

Praktikatik errealitatera

Formakuntza tailerretako lehen belaunaldikoa da Bridget Efionayi. Joskintza tailerraren alboan dagoen Mari Makeda arropa dendako mostradore atzean dago. Formakuntzako praktikaldia bukatu ondoren, Askabidek lan munduan sartzea bultzatzeko abiatu zuen proiektuan kontratatu zuten. «Betidanik jostuna izan nahi izan dut, eta Mari Makeda errealitate bihurtutako amets bat da». Emakume atzerritarren kolektiboa ikusgarri egitea eta komunitateko lana ditu ardatz proiektu horrek. Amaia Senante gizarte hezitzailea da arduraduna: «Mari Makedak emakume hauei lan munduarekin lehen harremana eta lan baldintza egokiak eskaintzen dizkie, beste toki batean nekez aurkituko dituztenak».

Erakundera iristen ziren emakumeen profilak aldatzen zirela ikusi, eta bide berriak ireki zituen duela zortzi urte inguru; eta, besteak beste, Afrikako oihalak erostea erabaki zuten. «Emakume afrikarrentzat oihalak kulturaren parte garrantzitsu bat dira, eta San Frantziskoko bizilagunek eskari asko egiten zituzten», azaldu du Senantek. Hasieran, ez zen arropa denda gisa planteatu. Baina formakuntza tailerrekin hasi ostean, lan aukera bat zegoela ikusita, afrikar kultura eta emakume horien egunerokoa ezagutarazteko aukera zela ikusi zuten. Hala ere, argi utzi nahi izan dute lotura duten bi proiektu independente direla: «Bata eskola bat da; bestea, aldiz, lantokia». Halaber, argitu dute Mari Makedako langileek ez dutela zertan Askabideren formakuntza jaso.

Senegaldik ekarritako kotoia erabiltzen dute arropak egiteko, eta Efionayi arduratzen da mozketa eta jostearen prozesu osoaz. Diseinuak, aldiz, Euskal Herriko moda diseinatzaileek egiten dizkiete: guztira hamabi diseinatzaileren laguntza izan dute. Proiektuaren izenak badu bere azalpena: Mari Makeda izena kulturen arteko fusioa da; Afrikako kultura eta euskal kultura batzen dituzte arropek, eta baita izenak ere. Anbotoko Mari eta Makeda Sabako erreginari —Afrikako emakume beltz garrantzitsuenari— aipamen egiten die izenak.

Joan den urtean Bilbon egindako moda desfileak espero gabeko arrakasta izan zuen Askabideko kideentzat. Arropak Bilboko Gorte kalean eta Internet bidez eros daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.