UDAKO SERIEA. Etxebizitzaren zimenduak (I). Euskal Herriko etxebizitzen parkea.

Krisialdiak ekarritako oinarriekin hazten

Eraikuntzan eta salerosketetan izandako gorakada txiki baten ostean, azken urteetan egonkortze fasean sartu da etxebizitzaren sektorea. Horrek aldaketa batzuk eragin ditu: joera berri batzuk antzeman daitezke, eta desorekak herrialdeen artean.

jokin sagarzazu
2019ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Euskal Herrian 1,5 milioi etxe inguru daude: 2000. urtean baino 250.000 gehiago. Zazpi herrialdeetan handitu da etxebizitzen kopurua. Gainera, buelta ematen hasiak dira 2008an hasitako krisialdi ekonomikoak eragin zuen motelaldiari, baina orduko kopuruak urrun daude gaur egun. Prezioek, ordea, gora egin dute. Horrek eragina izan du etxe alokatuen kopuruetan izan den gorakada txikian eta erabilera iraunkorrik ez zuten etxebizitzen salerosketarenean. Hori dela eta, Hego Euskal Herrian gutxitu egin da hutsik zeuden etxebizitzen kopurua; Iparraldean, berriz, geroz eta gehiago dira bigarren erabileraren bat dutenak; bereziki, oporraldietarakoak. Datu eta aldaketa horien atzean zer arrazoi egon daitezkeen aztertuko du BERRIAk asteon argitaratuko duen erreportaje seriean. Sarrera gisa, joera batzuk.

MERKATU LIBREKOAK

Gutxiago egin,baina garestiago saldu





Azken urteetako datuek erakusten dutenez, etxebizitza berrien eraikuntzaren hazkundea moteldu egin da Hego Euskal Herrian. Krisiaren aurretik (2.000-2008ko epean), batez beste, 8.000 etxebizitza berri inguru eraiki ziren urtero Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Baina Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailaren arabera, 2011-2016ko epean, nabarmena izan da jaitsiera: urtero, 3.000 etxebizitza berri inguru egin ziren hiru herrialdeetan. Moteltzea bereziki Araban jazo da. Hori are nabarmenagoa izan da Nafarroan. Datu bat: 2006an, 6.200 etxe berri egin ziren; 2016an, 560.

Hala ere, krisialdiaren lehenengo urteekin konparatuta, azkenengo bost urteetan hazkunde txiki bat egon da Hego Euskal Herri osoan, eta egonkortu egin da etxebizitza berrien eraikuntza; 2009ko antzeko kopuruetara iritsi da, gutxi gorabehera: urtero, 5.000-6.000 lau herrialdeetan. Aldaketa nagusia banaketan egon da: aurreko hamarkadan, Araban eta Nafarroan eraiki ziren gehienak; azkenengo urteetan, Bizkaian eta, bereziki, Gipuzkoan.

Ipar Euskal Herrian, antzekoa izan da bilakaera. INSEE Frantziako Estatistika eta Ekonomia Ikerketen Institutuaren arabera, 1991tik 2001era urtero ia 2.000 etxebizitza berri eraiki zituzten Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. 2001etik 2011ra, berriz, nabarmen egin zuen gora kopuru horrek: 31.000 etxebizitza berri hiru herrialdeetan. 2010eko hamarkadako lehenengo bost urteetako datuei erreparatuta, kopurua egonkortu egin dela erakusten dute: 2.800 etxebizitza berri urtero hiru herrialdeetan: ia hamarretik bat (%88) Lapurdin. Lurraldeen arteko desoreka hori gutxienez 1990eko hamarkadatik gertatzen da Ipar Euskal Herrian.

Hegoaldean, bizitegi berrien eraikuntza moteldu bada ere, ez da gauza bera gertatu salmentekin. INEk Espainiako Estatistika Institutuak eman berri ditu aurtengo datuak. Iaz iritsi zen merkatua krisia sortu zeneko mailara. Izan ere, 2008. urteko lehen sei hilabeteetan, 13.800 etxebizitza salerosi ziren lau herrialdeetan, aurten bezalatsu. Krisiaren garairik okerrenean, 2013an eta 2014an, 8.200era jaitsi ziren. Ordutik hona, beraz, %65 handitu dira salerosketak.

Badago, ordea, desberdintasun handi bat 2008ko eta egungo etxebizitza merkatuen artean: orduan, etxebizitza salduen ia erdiak (%47,8) berriak ziren. Azken urteetan, ordea, bostetik bat baizik ez dira berriak. Beste joera bat nagusitzen ari da: salerosi diren babes ofizialeko etxeen kopuruaere behera ari da egiten.

Egonkortzeko joerarik erakusten ez dutenak prezioak dira. Urteko lehen hiruhileko datuek erakusten dute etxeek 2015ean hasitako garestitze prozesuarekin jarraitzen dutela: Nafarroan, %4,9 hazi ziren, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, %5,8. Edonola ere, oraindik asko falta da 2008ko prezioetara iristeko. Orduan baino %38 merkeago daude Nafarroan, eta Hegoaldeko beste hiru lurraldeetan, %25 merkeago.

BABES OFIZIALEKOAK

Desoreka handiak herrialdeen artean





Babes ofizialeko etxebizitzen kasuan ere moteldu egin da horien eraikuntza eta salmenta. Euskal Herrian, etxebizitza babestuen edo etxebizitza sozialen batezbestekoa %12,2 da. Europako Batasuneko batezbestekoaren gainetik: %8,5 da EBn; Finlandiaren (%16) eta Poloniaren artean (%10) kokatuko litzateke Euskal Herria. Espainian, berriz, %2 da babes ofizialeko etxebizitzen parkea,eta Frantzian, %17. Euskal Herrian, baina, alde nabarmenak daude herrialdeen artean. Hego Euskal Herrian daude bizileku gehien-gehienak; Iparraldean, oso eskasa da etxebizitza sozialen parkea, eta Lapurdin biltzen da ia osoki.

Azken urteetako bilakaerari dagokionez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %36 gutxitu da gisa horretako etxebizitzen eraikuntza, krisialdiaren ostean. Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, 2003-2009ko epean, babes ofizialeko 32.500 etxebizitza eraiki zituzten hiru herrialde horietan. 2010-2016ko seiurtekoan, berriz, 20.830.

2000ko hamarkadan,etxebizitza babestuen eraikuntza Arabako lurraldean zentratu zen batik bat, eta Gasteizen ia esklusiboki. Jaurlaritzak sustatutako etxebizitza publikoaren guztizkoaren % 42 han egin zen. Hurrengo hamarkadaren hasieran (2010-2016ko datuak), berriz, Bizkaian metatu ziren Jaurlaritza eraikitzen hasitako etxebizitza gehienak: guztizkoaren % 56. Eta Araban, %10 baino ez —%32ko jaitsiera—. Azken urteetan, Gipuzkoan eraikitzen ari dira gehienak; 2016an, Jaurlaritzak babestutako etxebizitzen erdiak baino gehiago han egin ziren.

Nafarroaren kasuan, %38 gutxitu da babes ofizialeko etxebizitzen eraikuntza, krisiaren ostean. Horien guztien %68 Iruñerrian metatzen dira, eta %19 Erriberan. Antzera gertatzen da Ipar Euskal Herrian. Euskal Elkargoak emandako datuen arabera (2019koak), etxebizitza sozialen %77 Baionan daude, eta Lapurdin, %99,5: guztira, 7.105 etxebizitza. Nafarroa Beherean eta Zuberoan ezdeusa da bizitoki sozialen kopurua: 35.

Frantziako Estatuko lege baten —Duflot legearen— eraginez, udalerri bateko etxebizitzen %25ek izan behar dute sozialak, 100.000 biztanleko aglomerazio batean dauden 3.500 biztanletik gorako herrien kasuan. Ipar Euskal Herrian, Lapurdin soilik betetzen du baldintza hori, baina Baionak bakarrik betetzen du legea.

HAMARRETIK BAT HUTSIK

Ipar Euskal Herrian hazten; Hegoaldean, gutxitzen





Azken urteetako bilakaerak beste bi joera erakusten ditu. Batetik, Ipar Euskal Herrian, hutsik dauden etxebizitzen kopurua handitzen ari da etengabe. 2000. urtetik %37 hazi dira Lapurdin; Nafarroan Beherean, %56; eta Zuberoan, %44. Hegoaldean, berriz, inor bizi ez diren etxeak gutxitzen ari dira. Krisialdia hasi zenetik, Araban %10 jaitsi da kopuru hori; Bizkaian, %8; Gipuzkoan, %21; eta Nafarroan, %14 gutxiago.

Euskal Herrian, oro har, hamar etxebizitzatik batean ez da inor bizi egunerokoan. Etxe hutsen artean, bigarren etxebizitza gisa aitortutakoak ere hartu behar dira kontuan. Herrialde batetik bestera alde nabarmena dago, nolanahi ere: etxe huts gehien Araban eta Lapurdin daude, baina horrek bi errealitate ezberdin islatzen ditu: etxe hutsak, erabilerarik ez dutenak; eta etxe hutsak, bigarren etxe gisa edota aisialdirako erabiltzen direnak.

Aisialdirakoetan, Lapurdiko datuak dira nabarmenak: bost etxetik bat baino gehiago erabiltzen dituzte aisialdirako. Ez eskualde guztietan berdin. Lapurdiko Itsas Hegikoa da Euskal Herri osoko ehunekorik handiena. Eskualde horretan daude, adibidez, Donibane Lohizune, Getaria eta Urruña. Gainerako eskualdeetan gutxiago dira bigarren etxeak: BAM Baiona-Angelu-Miarritze eremuan, adibidez, %19 dira, batez ere Miarritzeren eraginagatik —%41 dira bigarren etxeak—.

Euskal Herri osoan, oro har, kostaldean gehiago ageri dira era horretako etxeak. Gipuzkoan, adibidez, Urola Kostak du proportziorik handiena, tartean baitago Zarautz —bost etxetik bat da bigarrena—. Bizkaian, hori gertatzen da Mungia-Plentzia inguruan: Bakio eta Gorliz daude eskualde horretan; Bakion, erdiak baino gehiago dira bigarren etxeak. Lea Artibain ere sumatzen da joera hori, batez ere Lekeition —hirutik bat dira bigarren etxeak—.

Barnealdeko eskualdeetan, gutxiago dira aisialdirako etxebizitzak. Etxe hutsak ageri dira askoz gehiago eskualde horietan, Nafarroako mugen inguruan eta Araba hegoaldean batez ere. Adibidez, Baztanen: %32 etxetan ez da inor bizi; %25 hutsik daude. Bizkaian, Enkarterrin dago etxebizitza hutsen ehunekorik handiena: Karrantzan, esaterako, %25. Gipuzkoan, Urola Kostan eta Debabarrenean: Mutrikun, adibidez, %23, eta Eibarren, %12.

Bihar: Etxebizitzaren eskubide subjektiboa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.