AEBak eta Turkia, aliatuak baina arerioak

Bi estatuak aliatu historikoak dira, baina azken urteetan harremanak okerrera egin du. Biden presidentea oso kritikoa izan da Trumpen Erdoganekiko tolerantziarekin, eta «autokrata» ere deitu izan dio Turkiako estatuburuari.

Recep Tayyip Erdogan presidentearen aurkako protesta bat Genevan. M. T. / EFE.
Marco Santopadre
2021eko otsailaren 25a
00:00
Entzun
AEBak eta Turkia aliatu historikoak dira, eta NATOko kide. Hala ere, abenduan, Washingtonek Ankara zigortzea erabaki zuen, Errusiari misilen kontrako S-400 sistemak erostea egotzita. Turkiako Atzerri ministro Mevlut Çavusogluk esan zuenez, zigorrek ez dute inolako eraginik izango; armak saltzeko «debekuak», ordea, zenbait ondorio izango ditu.

Duela hilabete batzuk, The Wall Street Journal egunkariak hau zekarren: bai AEBek eta bai EB Europako Batasunak «geldiarazi egin behar dute Turkiaren asmo handinahia, [...] eskualdeko potentzia autonomo izateko asmoa, baina Erdogan Errusiarantz bultzatu gabe». Zigorren bidez, Washingtonek berriro bere gerizpean jarri nahi du Ankara, baina Recep Tayyip Erdogan presidenteak «Turkiaren eskubide subiranoen kontrako eraso» deitzen duen horrek baliteke hura konbentzitzea gerra industria areago sendotzeko; Moskuk, berriz, hitza eman du misilen kontrako S-400 sistemen ekoizpena Turkiara lekualdatuko duela, baldin eta hark bigarren sorta erosten badio.

AEBen eta Turkiaren arteko harremanak gero eta tirabiratsuagoak dira, Erdogan eskualdeko eta nazioarteko politika hegemoniko eta autonomo bat erdietsi nahian hasi zenez geroztik, maiz bat ez datorrena estatubatuarren interesekin. Desadostasunak, hain zuzen, 2016ko uztailaren 15ean azaleratu ziren, estatu kolpe militarrak porrot egin zuenean. Presidenteak zuzenean AEBei egotzi zien guztiaren atzean egon izana; saialdi trakets hura Erdoganen garai bateko aliatu batek antolatu zuen, Fethullah Gulenek, zeina arerio bilakatu baitzitzaion 2013an. Ankarak zera leporatu dio Guleni, Turkiaren egonkortasunaren kontra jotzea, FETO «erakunde terroristaren» bidez; erakunde hori, egiaz, Hizmet anaiartea da, eta AEBetan errefuxiatua dagoen imamarena da.

Otsailean, Turkiako Barne ministro Suleyman Soyluk berriro ere Washingtoni egotzi zion errua, eta gogora ekarri zuen EB ere poz-pozik zebilela militar matxinoen ekintza hura zela eta.

2016an, Turkiako tropek Incirlikeko base militarrari eraso ere egin zioten, eta egun batzuetan bakartuta eduki zuten; hain zuzen, Washingtonek Mediterraneoan dituen aire baseetatik handienetako bat da. Geroztik, AEBak Incirliken ordezko baten bila dabiltza, beste herrialde batean, hura itxi egingo duela mehatxatu baitu Ankarak.

Ankararekiko tentsioa areagotu egin da, bereziki Turkiako tropek eta miliziano jihadistek Siriako iparraldea inbaditu ondoren. Atzera eginarazi zieten kurduen gidaritzapeko Siriako Indar Demokratikoei: AEBak indar horietaz baliatzen saiatu dira, «infanteria» erabilgarria direlakoan Ekialde Hurbilean geratu ahal izateko, Siriako Armada Askea (Washingtonek sortutako milizia bat) desegin ostean, eta Errusiak esku hartu ondoren. Ez da kasualitatea Turkiako Defentsa ministro Hulusi Akarrek esan izana Turkiaren eta AEBen arteko arazo nagusia ez dela S-400 sistema, baizik Washingtonek Kurdistango Langileen Alderdiko eta Herriaren Babes Unitateetako «terrorista» kurduak babestea.

Moskurekin gatazka zuzena izateko arriskua izan eta gero, Ankarak itun bat sinatu zuen Errusiarekin, eskasa eta gorabeheratsua, Siriari buruz, eta Iranekin ere ados jartzea lortu zuen. AEBek, horri erantzuteko, Turkiari eragotzi egin zioten sei F-35 ehiza hegazkin erostea.

Udazkenean, Time aldizkariak berriz esan zuen Washingtonek Soudako basera, Kretara, tokialdatu nahi zituela Incirliken dituen baliabide militarrak ehun bonba nuklear ditu han. Hain zuzen, Washington hasia da indartzen Greziako hiru base militarretan duen presentzia. Greziak, berriz, AEBen babesa izango du F16 ehiza hegazkinak modernizatzeko, eta gerrako flota handitzeko; horren bitartez, Egeo itsasoa defendatu ahal izango du Turkiaren mehatxu gero eta handiagoaren aurka.

Donald Trump agintean zela zigorrak atzeratzen saiatu zen, baina, azkenean, Kongresuak ezarri egin zituen, bai demokratek eta bai errepublikanoek onartu egin baitzuten Defentsa Nazionala Baimentzeko Legea. Joe Biden presidentea, berriz, maiz nabarmendu izan da, batetik, Erdoganen kontra adierazpen gogorrak egiteagatik, «autokrata» deitu izan baitio, eta, bestetik, bere aurrekoak Turkiari erakutsitako tolerantzia kritikatzeagatik.

Orain, Bidenek Brett McGurk izendatu du Segurtasun Nazionalerako Kontseiluaren barruko Ekialde Hurbileko Departamentuaren buru, eta horrek erne jarrarazi du Turkiako Gobernua; izan ere, McGurk, AEBen eta Siriako kurduen arteko aliantzaren arkitektoa, Turkiaren oso aurka azaldu izan da beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.