UDAKO SERIEA. Komunismoak Euskal Herrian ehun urte (I). Sorrera.

Ehun urteen urtea

Europako alderdi komunista asko mendeurrena ospatzen ari dira aurten. EPK 1935ean sortu zen alderdi gisa, baina Euskal Herrian komunistak askoz lehenagotik egon ziren, PCEn zein PCFn integratuta.

Portugalgo PCk ere mendea bete du aurten. Irudian, urteurren ekitaldia, Lisboan. A. CABALLERO / EFE.
gotzon hermosilla
2021eko abuztuaren 25a
00:00
Entzun

Munduko alderdi komunista asko mendeurrena ospatzen ari dira 2021 honetan. Frantziako Alderdi Komunistak 2021. urtea iritsi aurretik ireki zuen urteurrenen segida: SFIO Langileen Internazionalaren Frantziako Atalak 1920ko abenduan egin zuen Tourseko biltzar historikoa, eta hortik jaio zen SFIC Internazional Komunistaren Frantziako Atala, abenduaren 30ean; horregatik, PCFk iazko abenduan egin zituen pandemiak galarazi ez dituen ospakizun urriak. Geroago etorri dira Italiako Alderdi Komunistaren mendeurrena 1921eko urtarrilaren 21ean sortu zen, Portugalgoarena 1921eko martxoaren 6an sortua eta Txinakoa 1921eko uztailaren 1ean sortua. Espainiakoak azaroaren 14an beteko du mendea, eta, dagoeneko, zenbait ekitaldi iragarri ditu hori ospatzeko.

 

Horrek badu azalpen historikoa. 1917ko urrian, iraultza boltxebikea gailendu ostean, Errusia ezinbesteko erreferentzia bilakatu zen mundu osoko langile mugimenduarentzat. Iraultza gainerako herrialdeetara hedatzeko asmoz, 1919ko martxoan, III. Internazionala sortu zuten Moskun. Baina II. Internazionala ez bezala, hura ez zen sozialismoaren esparruan kokatzen ziren alderdi eta langile erakundeen bilgune zabal bat. Aitzitik, II. Mundu Gerraren aurreko jarrera kontrajarriek langile mugimenduan sortutako arrakala gogoan, boltxebikeek uste zuten erreformistek ez zutela lekurik izan behar Internazionalean, eta hark sozialismo iraultzailearen inguruan kohesionaturiko erakundeen topagune izan behar zuela.

Grigori Zinovieven zuzendaritzapean, III. Internazionalak biltzarra egin zuen Moskun, 1920ko udan, eta, han, agiri bat plazaratu zuten, gerora 21 baldintzak izena hartu zuena. Dokumentu horretan zehaztu zituzten alderdi batek III. Internazionaleko kide izateko bete beharreko baldintzak: sobiet errepublikei babesa ematea, Internazionalaren erabakiei men egitea, erreformistak alderditik egoztea, «langileei traizio» egin zieten erakunde sozialistekin lotura guztiak etetea, eta abar.

Zirt edo zart egiteko abagunea iritsi zitzaien langile alderdiei. Horietako askok biltzarrak egin zituzten III. Internazionalarekin bat egiten ote zuten erabakitzeko; 21 baldintzak onartu ez zituzten zenbait alderditan banaketa gertatu zen, eta Internazionalaren aldekoek, erakunde berria sortu, eta alderdi komunista izendapena eman zioten. Eskuarki sozialismo eta komunismo gisa izendatuak izan diren bi ildo historikoen arteko banaketa gauzatu zen horrela.

Euskal komunistak

EPK Euskadiko Partidu Komunista 1935ean sortu zen, PCEren barneko federazio gisa, baina Euskal Herrian komunistak hasiera-hasieratik egon ziren, PCEn zein PCFn antolaturik. Are gehiago: esan daiteke 1921 baino lehenago ere egon zirela III. Internazionalaren ildoarekin bat egin nahi izan zuten euskal komunistak.

PSOEn eta UGTn, adibidez, gai horrek tentsio handiak sortu zituen, militante batzuk hasieratik agertu baitziren boltxebikeen ildoaren alde. Komintern edo Internazional Komunista sortu ondoren, PSOEk ohiz kanpoko biltzarra antolatu zuen 1919ko abenduan, hara sartu ala ez erabakitzeko, baina ez ziren ados jarri, eta azken ebazpena hurrengo urtean egin beharreko beste biltzar baterako utzi zuten.

Gaztedi Sozialistetako Federazioak ez zuen atzerapena begi onez ikusi, eta bere V. Biltzarrean erabaki zuen PSOEtik aldentzea. Horren ondorioz, alderdi berria sortu zuten, Espainiako Alderdi Komunista, 1920ko apirilaren 15ean.

Lehenengo erakunde komunista hartan bazeuden euskal militanteak. Eduardo Ugarte idazle eta zinema zuzendaria (Hondarribia, Gipuzkoa, 1900 Mexiko, 1955), esaterako, han ibili zen. Dolores Ibarruri (Gallarta, Bizkaia, 1895 Madril, 1989), berriz, urtebete lehenago hasia zen El Minero Vizcaíno izeneko agerkarian artikuluak argitaratzen, Pasionaria ezinena erabilita; hark ere bat egin zuen erakunde berriarekin, PSOE III. Internazionalean sartzeari buruzko barne prozesuan jarraitu bazuen ere.

21 baldintzak argitaratu zirenean, are gehiago korapilatu zen PSOEren barne eztabaida. Azkenean, 1921eko apirilaren 9an, PSOEk erabaki zuen III. Internazionalarekin bat ez egitea, eta horrekin ados ez zeudenek alderdi berria sortu zuten lau egun geroago, apirilaren 13an: PCOE, Espainiako Alderdi Komunista Langilea.

Alderdi horretan ere Euskal Herriko militanteek zeresan handia izan zuten. Facundo Perezagua (Toledo, Espainia, 1860 Bilbo, 1935) euskal sozialismoaren buruzagirik garrantzitsuenetako bat izan zen, 25 urterekin Bilbora iritsi zenetik, eta bat egin zuen alderdi berriarekin. Berdin egin zuen Leandro Carrok (Zarraton, Espainia, 1890 Dresden, Alemania, 1967), EPKko buruzagi eta atzerriko Eusko Jaurlaritzako sailburu izatera iritsi zenak.

Denbora kontua zen PSOEtik aldendutako bi adar komunistek bat egin zezaten. 1921eko arazoaren 14an izan zen hori, eta, PCOE eta PCE bateratzearen ondorioz, Espainiako Alderdi Komunista sortu zen.

Ipar Euskal Herrian, berriz, I. Mundu Gerraren osteko gizartea nagusiki katolikoa eta tradizionalista zen, baina industria guneetan bazegoen apurka-apurka garatzen ari zen langile mugimendu bat, batez ere Baionako portuaren inguruko industrian eta Mauleko espartin lantegietan. Hara ere, iritsi zen SFIC eta SFIO erakundeen arteko banaketa, eta garai hartakoak dira komunisten lehen urratsak Ipar Euskal Herrian, nahiz eta horren inguruan informazio urria dagoen.

Historikoki, PCFk ez du indar handirik izan Ipar Euskal Herrian, baina zenbait lekutan egon da denboran iraun duen tradizio xume bat. Bokalen (Lapurdin), esaterako, metalurgia industrian aritzen ziren beharginen artean arrakasta izan zuten Moskutik zetozen haizeek, eta SFIOko langile ia guztiek III. Internazionalarekin bat egitea erabaki zuten. 1928ko bozetan, komunistek botoen %4,9 lortu zuten Baionako hauteskunde barrutian, eta %3,2, berriz, Nafarroa Behereak eta Zuberoak osatutakoan, batez ere Maule inguruko industrietako langileen botoen ondorioz: Nafarroa Beherean PCFren indarra hutsaren hurrengoa zen.

Bokalen, eta II. Mundu Gerraren eta nazien okupazioaren parentesia alde batera utzita, auzapez komunistak izan zituzten 1921etik 1965era arte. Mauleko gaur egungo auzapez Louis Labadot ere komunista da.

Bihar: Elkarrizketa Ludger Mees historialariarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.