Aske Gunea. Erreportajea

Dabilen harriari

Lan politikoa egiteagatik azken urteetan zigortu dituzten herritarrek babes handia jaso dute. Hainbat desobedientzia moduren bidez saiatu dira atxiloketak saihesten eta estatuen jarrera salatzen.

jokin sagarzazu
2013ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Badago kale bat Bilbon Esperantza izena duena. «Askaotik Sendejara, Bilbaon Esperantza oso mehar, ilun eta laburra da», utzi zuen idatzita Gabriel Arestik. Poetak. Han, kale hartan dagoen frontoian, atxilotu zuten Markel Ormazabal, beste hamazazpi lagunekin batera, Jarrai-Haika-Segi auzian ezarritako zigorra betetzeko, 2007ko otsailaren 4an. Kosta egin zitzaien ertzainei Espainiako Justiziaren agindua betetzea. Borra eta pilota jaurtigailuekin sartu ziren jendez beteta zegoen pilotalekura. Azkenean, atxilotu egin zituzten hemezortziak, istilu handirik gabe, gazteek eta haiekin batera zeudenek agertu zuten jarreragatik.

Egun hauetan askotan aipatu izan da ordukoa. Ormazabalentzat, baina, «asko esatea da» oinarria Bilboko ekimen hartan dagoela. Halere, badaude zenbait antzekotasun, haren irudiko. Oinarrizkoena: «Orduan demostratu genuen epaiketetan esandakoa, eta demostratu dute orain ere: politika egiteagatik goaz kartzelara, eta ekitaldi politikoetan atxilotzen gaituzte». «Kartzelara goaz, bai, baina politikoki irabazten ari gara», azpimarratu du.

Ezin esan espetxean emandako urteetan itxaropena galdu zuela Ormazabalek, baina bazuen kezka bat. «Ez nintzen ziur horrekin amaitzeko gai izango ginen edo ez». Azkenengo bi urteetan, baina, pizten joan zitzaion esperantza. «Ikusi nuen Errenteriakoa, ikusi nuen Izpurakoa, Aurore Martinena eta Gaizkarena».

Gaizka Astorkizagarena. Bilbo, 2012ko uztailaren 6an. Manifestazioa egin zuten ehunka lagunek, soinean kamiseta laranjak zituztela. Justizia Jauregian kateatu ondoren atxilotu zuten zigortutako gaztea. «Uste dut han aipatu zela lehenego aldiz herri harresiarena». Horrekin batera, Ormazabalek beste bi ekintza gogoratzen ditu, Ipar Euskal Herrian eginikoak biak: Aurore Martinena eta Izpurako itxialdia. «Hegoaldean egoera errepresiboa oso bestelako bazen ere, ikusi zen bazela garaia bide hori urratzeko», azaldu du.

«Martinen egoera eta euroaginduen auzia pil pilean zegoen orduan Iparraldean, eta hara joatea erabaki genuen, espetxeratze arriskua eta torturak saihesteko. Gure lan politikoarekin jarraitu nahi genuen, eta bi estatuen arteko kontraesanak agerian utzi», azaldu du Jazint Ramirezek, itxialdi hartan parte hartu zuen gazteak. Astebete egin zuten han, eta harreman ugari egin zituzten bertako eta Frantziako eragileekin. Babes handia jaso zuten. Ondoren, hainbat kargu publikoren etxeetan ezkutatu ziren, eta banaka-banaka joan ziren haiek atxilotzen. Esperientzia hartatik ikasitakoa partekatu du egun hauetan Ramirezek, Bulebarrean. «Donostiakoa ez da kopia bat, beti ere moldatu behar garelako errealitatera. Herri harresia sortzeko beste koska bat egin dugu».

Aiala Zaldibar ere egon zen Izpurako itxialdian. Halako ekintzek sentimendu «gazi-gozoak» uzten dituztela dio. «Lagunak zergatik eta nola atxilotzen dituzten ikusteak min handi ematen du». Halere, uste du emaitza «positiboa» dela, batez ere herritarrek agertzen duten elkartasun eta babes zabalagatik. «Ez dugu lortu hau amaitzea, baina nik uste dut bidea egiten ari garela. Estatuei geroz eta zailago jartzen ari gatzaizkie, baina asko dago egiteko oraindik». Ramirez ere bat dator horrekin. «Aro berri bat zabaltzen ari da. Errepresio eta epaiketa politikoak gelditzeko bidean inflexio une bat izan da». Haren irudiko, gainera, asmatu egin da «analisian eta planteamenduan». «Herritarrek eta gazteek ikusi dute edonori gerta dakiokeela, nahiz eta beste kontu batzuetan aritu».

Antzeko iritzia dauka Ormazabalek ere. «Hemen aldagai nagusiena da jendearen erantzuna. Ikaragarria izan da», dio. «Guk ere babes handia jaso genuen. Baina orduko egoerak ez zuen errazten horrelakorik; ekinbide guztiak ziren legez kanpokoak. Orain, egoera aldatu da, eta aukera paregabea dugu aurrean».

Bide horretan, urrats garrantzitsua egin zuten Oiartzualdeko hamazazpi auzipetuek. Herri harresiaren ideia oraindik gorpuztu gabe zegoela, jarri zuten lehen harria, lehen aldiz Aske Gune bat sortuz, 2011n. 2013an, epaia iritsi zenean, ostiralero bildu ziren bertan. «Ez zen erraza izan. Hutsetik hastea bezalakoa izan zen. Lanketa bat egin behar izan genuen herriko eragileekin», dio Iosu Arruabarrena auzipetuak. Azkenean, zigortuetako hiru gazte ezkutatu egin ziren herrikideen etxeetan, eta manifestazio batean atxilotu zituzten. Atxiloketa horiek denboran bat egin zuten Donostiako gazteen kasuarekin. Batzuk kartzelan sartu zituzten, eta, besteak, epaiaren zain zeuden. Azken atxiloketa horiek sortutako etsipenari erantzuteko modua bilatzen hasi ziren. Aske Gunean geratuko ziren haiek. Herri harresia osatuko zuten. Herenegun arte.

«Zer gertatuko zen mila beharrean, lau mila izan bagina?», galdetzen du, orain, Ormazabalek. Esperantza du berak. Eta berak bezala, poetak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.