Hegoaldeko hamar ikasletik seik ikasiko dute D ereduan

Hego Euskal Herriko ia 475.000 ikasle hasi dira ikasgeletara bueltatzen. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak nabarmendu du espero duela «datozen hilabeteetan» Hezkuntza Lege berri bat edukitzea

Leioako Txomin Arestiko ikasle batzuk, atzo, ikasturteko lehen egunean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Leioa
2023ko irailaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Udako oporrak atzean utzita, Hego Euskal Herriko ikasleak atzo hasi ziren ikasgeletara itzultzen. Horrenbestez, hasi da edo hastear da 2023-2024ko ikasturtea Haur Hezkuntzatik Lanbide Heziketara arteko Hegoaldeko 474.689 ikasleentzat ere. Administrazioek eman dituzte ikasturte berriaren inguruko xehetasunak; esaterako, hizkuntzari buruzkoak: hamar ikasletik seik D ereduan —euskarazko eredua, gaztelera irakasgai izanda— jasoko dituzte eskolak.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Leioako (Bizkaia) Txomin Aresti eskolan eman dio ongi etorria ikasturte berriari. Bertan izan ziren atzo, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua eta Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordea. Eskola bisitatu ostean, Urkulluk hartu zuen hitza. Ikasturteko erronka nagusietako bat izan zuen hizpide: EAEko Hezkuntza Lege berria. Argi du «beharrezkoa» dela legea ontzea: «Legea arrazoi soil batengatik behar dugu: gure ikasleek, seme-alabek eta bilobek aukera berriak merezi dituzte, erreminta berriak behar dituzte, zentro guztiek eskain diezaieten ahalik eta zerbitzurik onena ikasle guztiei». Baina noizko egongo da prest? «Legebiltzar taldeek lan handia egin dute lege horren inguruan; espero dugu datozen hilabeteetan Hezkuntza Lege berri, sendo eta adostua izatea».

Hezkuntza Legeaz ez ezik, orokorrean hezkuntzaz ere aritu zen lehendakaria. Esan zuen beraien esku dagoen guztia egingo dutela hezkuntza eskubidea bermatzeko, «baliabide guztiak jarriz eta une oro beharrezkoak diren erabakiak hartuz». Bide horretan, goraipatu zuen garrantzia eman diotela irakasleak finkatzeari, eta, gainera, ikasturte honetan aurrekoan baino 601 lanpostu gehiago egongo direla lanaldi osoan. Halaber, azpimarratu zuen 3 urtetik gorako ikasleak ingelesa ikasten hasiko direla eskola publikoetan, eta HH Haur Hezkuntzako eta LH Lehen Hezkuntzako ratioak jaitsi dituztela.

Argazkia sistemei

Baina, hitzez harago, Eusko Jaurlaritzak nahiz Nafarroako Gobernuak datuak ere eman dituzte, eta balio dute hezkuntzaren egoeraren argazkia egiteko. Hizkuntzetatik hasita: Hego Euskal Herriko ikasleen %59k ikasiko dute euskarazko ereduan.

Halere, aldea dago lurralde batzuen eta besteen artean. Gipuzkoan ikasle gehien-gehienek jasoko dute euskarazko hezkuntza. Hain zuzen, %84 eskolatuko dira D ereduan. Bizkaian ere, D eredua nagusi: ikasleen %65,1ek ikasiko dute euskaraz. Apalagoa da datua Araban, %56 joango baitira D eredura. Azkenik, Nafarroakoa da daturik eskasena: ikasleen laurdenek ikasiko dute D edo B ereduan —bi ereduen datuak ez dituzte banatuta eman—.

Gainera, PAI ere aintzat hartu beharra dago Nafarroan. Izan ere, eskolak ingelesez ere jasoko dituzten B eta D ereduetako 2.090 ikaslek, eta G eta A ereduetako 35.465ek.

Joan den ikasturtearekin alderatuta, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan tokia irabazten ari da D eredua. Hurrenez hurren, 0,7; 0,4; eta 0,2 puntu egin du gora D ereduak. Nafarroako datuek ez dute alderaketak egiteko modurik ematen.

Beraz, lurraldearen arabera aldea dago. Baita etaparen arabera ere. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak kontuan hartuta —Nafarroako datuak ez dituzte etapaz etapa eman—, euskara hasierako mailetan da nagusi. Hain zuzen ere, D ereduan ari dira HHn ikasleen %83,1; LHn, %79,3: DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, %73,5; Batxilergoan, %68,2; eta Lanbide Heziketan, %27,1.

Ikastetxeen izaerari dagokionean, berriz, ikasleen %55 joango dira eskola publikoetara, eta %45 itunpekoetara edo pribatuetara. Horretan ere aldea dago lurraldearen arabera. Sare publikoa Nafarroan dago gehien zabalduta: ikasleen %67 joango dira ikastetxe publikoetara. Araban, berriz, %56,9 izango dira; Gipuzkoan, %52,5; eta Bizkaian, %49,1.

Haur eskolak, betetzen

Hasi berri den ikasturteko nobedadeetako bat da Haurreskolak partzuergoa doakoa izango dela familia guztientzat. Horrek eragina izan du matrikuletan. Jaurlaritzak eman dituen datuen arabera, 0-2 urteko haurren matrikulazioa 2,42 puntu igo da joan den ikasturtekoarekin alderatuta. Alabaina, jaitsiera egon da HHko bigarren etapan, 3-5 urtekoan, ia lau puntu jaitsi baita.

Nafarroan, berriz, Nafarroako Gobernuaren haur eskoletan 419 ume apuntatu dituzte, eta udalen haur eskoletan, 4.515. Hezkuntza Departamentuak ziurtatu du aurrera egingo duela doakotasuna lortzeko bidean, eta gogorarazi du jada ikasturte honetan haur eskolarik ez dutela ordaindu beharko urtean 9.300 euroko errenta baino baxuagoa duten familiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.