Euskara eta gazteak. Euskaraldia. Olatz Altuna eta Jone Miren Hernandez. Ikerlariak

«Gazteek ez daukate erraza euskarara gerturatzea, eta hori gizartearen kontua da»

Euskararen biziberritzeaz gazteek ez dutela diskurtso propiorik garatu, eta euskaraz aritzeko borondatea dutenek ere askotan zaila dutela hautua egitea, inertzia asko daudelako atzean: horiek Altunaren eta Hernandezen ikerketaren ondorioetako bi.

JON URBE / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Zubieta
2020ko azaroaren 15a
00:00
Entzun

Gazteek euskararen inguruan zer ikuspegi duten aztertu duen ikerketa kualitatibo bat argitaratu berri du Soziolinguistika Klusterrak: Gazteak euskararen eszenatokian: erabileraren auzia. Azterketatik abiatuta, gazteen hizkuntza errealitateari buruzko jardunaldia ere egin zuten urriaren 28an, Eskoriatzan (Gipuzkoa). Jone Miren Hernandez (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1970) EHUko Antropologia irakaslea izan da ikerketaren zuzendaria, eta Olatz Altuna (Usurbil, Gipuzkoa, 1971) klusterreko ikerlariak koordinatu du lana. Zumaiako, Pasai Donibaneko (Gipuzkoa) Gernika-Lumoko eta Zornotzako (Bizkaia) gazteen errealitatean sakondu dute, eta hiru atal aztertu dituzte: euskararen inguruan dituzten diskurtsoak, hizkuntzarekin dituzten praktikak eta emozionalki euskararekin duten atxikimendua.

 

Hizkuntza ideologia aldetik gazteak hustuta daudela dio ikerketak, euskarak gazteen kulturan presentzia txikia duela, eta erreferenterik ez dutela. Gazteen arazoa al da bakarrik?

OLATZ ALTUNA: Ez, eta, gainera, ikerketan atera diren ondorio askotan aipatu dugu gauza berak esan genitzakeela helduen inguruan. Baina gure helburua izan zen ulertzea gazteek euskararekin duten lotura, eta, diskurtsoari dagokionez, ikusi genuen ez dutela arrazoibide sendorik. Hori helduetara eramanez gero, seguru halako errealitate batekin topo egingo genukeela.

JONE MIREN HERNANDEZ: Gazteak ispiluak dira, eta, beraz, gazteez ari garenean oro har gizarteari buruz ari gara. Eurek ere hartzen dituzte euren erabakiak, baina egoera orokorragoa islatzen dute. Hori da jaso duguna.

Ondorioetan diozue gazteek ez dutela politizatu euskararen erabilera. Horrek zer ondorio izan dezake aurrera begira?

J.M.H.: Ikerketan ikusi dugunez, gazteek eskolarekin eta familiarekin lotzen dute euskara nagusiki, eta, oro har, hizkuntza ideologia bi bide horietatik jasotzen dute. Hortaz, badute diskurtso bat, baina gizartean dagoen diskurtsoa da, eurek jaso eta erreproduzitzen dutena. Esango nuke ez dutela ekarpen handirik egiten: betiko leloak topatu ditugu haien ahotan. Ematen du gazteek ez dutela tresnarik, edo ez dizkiegula eman, haiek ere zerbait gehitzeko diskurtso horri. Beraz, irentsi egin dute betiko leloa: euskara hizkuntza zaharra dela, zaindu beharra dagoela, galtzera doala... Hor hutsune bat ikusten da, euren aldetik ez dagoelako gogoeta propio bat, eta nik neuk ez dut uste euren akatsa denik. Guk, heldu moduan, zer aukera eman dizkiegu, zer espazio, euren ekarpena egin ahal izateko?

Espazio erosoak falta zaizkie?

J.M.H.: Gune batzuetan, hitz egin baino, praktikara eraman dituzte jarduera batzuk, eta hori ere ondo dago. Baikorrak izateko aukera ematen dute, baina praktika horiekin lotuta, ideia eta espazio berriak behar dira. Hizkuntza ideologia nolabaiteko zubia da praktika batera iristeko. Euskarak denetarik behar du, eta ideologia eta diskurtso berriak behar ditu.

Euskalgintza urrun ikusten dute gazteek, eta ez dira bertako kide sentitzen; euskalgintzak dio, era berean, ez duela asmatu gazteengana hurbiltzen. Transmisio horretan huts egin al da?

J.M.H.: Feminismoak izan du berritzeko gaitasun hori, baina basamortua ere pasatu du. Une honetan, gazte feministak sekulako ekarpena egiten ari dira, eta mugimendu dinamikoa da. Euskararen kasuan ez da hori gertatu.

O.A.: Irudikatzen dute helduagoen kontua dela. Orain arte egindakoaren aitortza badago, baina ez dute euren burua hor ikusten; horrek ematen du zer pentsatua.

Zergatik izan liteke hori?

O.A.: Askok aipatu digute erruduntasun sentsazioa dutela, eta onartzen dute euskaraz hitz egiten duten baino gehiago egin beharko luketela. Euskalgintzatik etengabe jasotzen dute euskaraz aritzeko mezua, eta horrela zaila da gazteak gerturatzea. Gainera, betiko ideiekin goaz gazteengana, D eredua zabaldu izanagatik gaitasun eta praktika aldetik gazte denak berdinak balira bezala. Horrek ere ez du asko laguntzen.

Ez baita berdin euskalduna izatea arnasgune batean edo euskaraz apenas hitz egiten den ingurune soziolinguistiko batean.

J.M.H.: D ereduaren zabalpenak aniztasuna ekarri du erkidegora [EAEra]. Zorionez, gazte asko hiztun berriak dira, eta hori guztia irensten ari gara, errealitate oso berria delako euskararen ikuspegitik. Beste garai batean, alde batetik zeuden euskaldunak eta bestetik erdaldunak; oso polarizatuta zegoen, nolabait esateko. Denentzako da zerbait berria, baita gazteentzat ere! Pentsa, orain D ereduko ikasgela batean era guztietako hiztunak daude.

Gazteen artean zer pertzepzio topatu duzue euskararen biziberritzearen inguruan?

O.A.: Galdetu diegunean hizkuntzaren egoeraz edo hizkuntza plangintzez, askotan zer esan ez dakitela geratu dira, edo betiko aurreiritziekin erantzun digute. Adierazgarria egin zaigu, adibidez, eurak baino gazteagoak direnez diotena: okerrago eta gutxiago hitz egiten dutela euskaraz. Hain justu helduek haiei buruz diotena! Dena den, euskaraz egiten den herrietan, denek euskaraz egiten dute, natural. Gazteek identifikatuta daukate euren herria euskalduna den ala ez, eta lanketa horraino iristen da.

Kezkatuta daude egoerarekin?

J.M.H.: Bai. Behin eta berriz esaten dute errua eurei egozten dietela, eta hori sinesten dute. Ardura badute, baina inertzietan murgilduta daude. Hizkuntza ohitura horiek lotuta doaz gertuko harremanekin edo kuadrillarekin duen erabilerarekin. Hortik atera eta inertziak iraultzea zaila denez, ezintasun irudipena badute, gehiago egin nahiko luketelako. Batzuetan baliabideak behar dituzte ohitura horiei buelta emateko, eta askotan ez dauzkate. Herri batean kirol esparrua guztiz erdalduna bada, zuk zure hizkuntza ohitura aldatu nahi izanda ere, sostengua behar duzu. Gazte moduan dituzun aukerak gehienbat gazteleraz badira, ohiturak eta inertziak apurtzea zaila da.

O.A.: Ez da borondate kontua bakarrik. Gazteei ez bazaizkie erraztasunak eskaintzen, ez da bidezkoa esatea ez dutela egiten.

J.M.H.: Askotan, gazteek presio soziala dute inguruan, eta eremu batzuetan euskaraz hitz egitea gutxietsi egiten da. Horri buelta emateko, borondatea baino zerbait gehiago behar da.

Naturaltasunaren kontzeptua ere agertu da ikerketan: eremu batzuetan euskaraz egitea dela naturala, eta beste batzuetan, ez. Zer dago horren atzean?

J.M.H.: Naturalizazioaren aiparmen hori gazteen ahotik jaso dugu, eta hein batean kezkagarria da. Zergatik? Inertzia batean sartzen garelako. Naturala da Gernikan eta Zumaian euskaraz egitea gazteen artean, eta, aldiz, naturala da ez egitea Pasaian edo Zornotzan. Dena den, naturalizazioaren kontzeptua ez da hemen topatu daitekeen zerbait bakarrik: hizkuntza gutxitu gehienetan dago. Interesgarria da horretaz jabetzea eta horren ondorioak ikustea. Orain arte, berreskuratzearen zentroan hiztun natiboak jarri dira. Hori izan da eredua, eta hori da [Jose Maria Sanchez Carrion] Txepetx-ek esaten zuena. Bere garaian, hori interesgarria izan zen, baina, gaur egun, hiztun natiboak gutxiengoa direnean, erdigunean jarri beharko ditugu beste hiztun mota batzuk. Bestela, hiztun horiek desaktibatzeko arriskua izan dezakegu.

Aipatutako erdigune horretatik kanpo sentitzen dira gazteak?

J.M.H.: Gazteei buruz hitz egiten ari garenean, jakitun egon behar dugu gehienak hiztun berriak direla. Bere garaian, berreskuratzearen erdian hiztun natiboak jarri ziren, eta gazteek hori dute buruan. Hortik datorkie lotsa, eta honelakoak esaten dituzte: «Nire euskara plastikozkoa da»; «ez dakit hitanoa erabiltzen»... Eredua hiztun natiboa bada, eta hori badago erdigunean, hiztun berri asko desaktibatzen ari gara.

O.A.: Ikuspegiak berak urrutiratu egiten du, edo desaktibatu. Egoera bat emantzat ikusten badute, hala da eta ez dira aurka joango. Hortaz, ez badaukate oinarri bat horri aurre egiteko, naturala izango da Zumaian euskaraz egitea. Baina zergatik? Eta zergatik ez da naturala Pasaian? Historia bat dagoelako hori horrela izatera bideratu duena, eta hori aldatzeko ez badago hausnarketarik, inertziaz jarraituko dute. Naturalizazioak hori dakar, gelditze bat.

J.M.H.: Naturalizazioak ezkutatu egiten du, gainera, urteetan gizartean egindako lana. Hemen gauza asko lortu dira naturaltasun horren kontra egin delako.

Aisialdia euskararekin lotzeko euskara planak gazteekin egin behar direla diozue. Nola?

O.A.: Gazteen errealitatea aldatzeaz ari bagara, edo praktika bat bultzatzeaz, hori haiekin landu behar da. Begi bistakoa dirudi, baina gutxi egiten da.

J.M.H.: Gauza txikiekin hasi beharko da. Baditugu antzeko proiektuak kirolaren arloan, eta garrantzitsua izan da hasieratik gazteen ahotsa eta erabakiak biltzea. Proposatu zitzaien erronka bat, eta eurek erabaki zuten nola eta noiz egin. Halako gauza txikietatik abiatu behar da.

Euskara, ahal den heinean, ikastetxetik eta etxetik ateratzeko?

J.M.H.: Haientzat, lagunartea da familia, eta lokala dutenentzat hori da euren etxea. Hor sentitzen dira eroso: kirolean, musika taldean, lagunartean... Eremu horietan eragiteko, hausnarketa egin beharko dugu. Ziurrenik, helduok isildu egin beharko dugu, eta momentu batzuetan gauzak egiteari utzi. Esparru bat eman haiei.

Horrek beldurra ematen du...

J.M.H.: Eta hemen are gehiago, hiperaktiboak baikara! Gure belaunaldia horrela sozializatu da, eta haiena ez. Kostatuko zaigu, eta ez dakit lortuko ote dugun...

Feminismoaren basamortua aipatu duzu lehen. Euskalgintzak ere igaro beharko du halakorik?

J.M.H.: Ez dakit. Basamortua ere kudeatu daiteke, eta, ziurrenik, feminismoan emaitza batzuk lortu dira hori kudeatu delako. Esaten denean gauzak egiteari utzi behar zaiola, modu ezberdinetan egin daiteke hori. Baina orain hausnarketa baten beharra dago.

Ikusitakoak ikusi ondoren, itxaropentsu al zaudete gazteekin?

O.A.: Agian ikuspegi ezkor hori jaso dugu ikerketan, baina uste dut gazteen errealitatea ulertzeko gakoak eskuratu ditugula.

J.M.H.: Nik gazteekin ez daukat inongo arazorik, helduekin baizik. Bakoitzak hartu behar ditu bere ardurak, eta banatu behar dira. Ariketa hori ere interesgarria dela iruditzen zait. Gai izan behar dugu konturatzeko eurek jartzen digutela helduoi ispilua, eta eurek interpelatu egiten gaituztela. Hori onartu beharra daukagu, eta badakit hau ez dela erraza barneratzen. Ez naiz bereziki ezkorra, baina agian egia da tonua ez dela oso baikorra. Egoeraren argazkia egiten saiatu gara.

Egia da, era berean, kale erabileraren neurketetan gazteak izan ohi direla euskara gehien erabiltzen dutenak...

J.M.H.: Gazteen erabilerari buruz ari garenean, zehaztu behar da zertaz ari garen. Hau da, kale neurketak egiten direnean, euskararen erabilera publikoa biltzen da, harreman publikoa. Baina hortik kanpo, pentsa zenbat euskara erabiltzen duten: eskolan euskaraz ari dira. Badakigu hori ez dela nahikoa, baina erabili, erabiltzen dute. Euskaraz irakurtzen dute, euskal musika entzuten dute... Horiek ez ditugu aztertu, baina ñabardura hori ere kontuan hartzea interesgarria da.

O.A.: Ikerketa honekin, argazki bat erakutsi dugu, eta besteak beste hau esaten dugu: gazteek ez daukate erraza euskarara gerturatzea, eta hori ez da gazteen kontua, gizartearena eta helduena baizik. Erantzukizun orokorragoak dituztenen gaia da gazteena, eta egungo panoramak ilunetik baldin badu, ez da gazteengatik.

J.M.H.: Gazteek egin beharko dituzte euren autokritikak ere. Ardurak banatu behar dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.