UDAKO SERIEA. Soldatak (IV). Balio bereko lanaren ertzak.

Diskriminazioa, sotiltasunez

Legeak esaten du ordainsari berbera merezi dutela balio bereko lanek; alabaina, lan merkatuko bestelako faktore batzuek lausotu egiten dute agindu hori. Soldata osagarriek eta lanpostuak baloratzeko erabiltzen diren irizpideek, esaterako, soldata arrakala eragiten dute maiz.

Gatazka. Garbiketako langileen protesta bat, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Miren Garate.
2020ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Zuzenbidean hainbat printzipio eta balio egon arren, horiek kontraesanak eta zailtasunak izaten dituzte errealitatean. Hala uste du, behintzat, Angel Elias EHUko Lan Harreman eta Gizarte Langintza fakultateko dekano eta juristak. Eta hori gertatzen da balio bereko lanek soldata berbera izan behar dutela esaten duen legediarekin ere. «Alde batetik, berdintasunaren printzipioa dugu, emakume eta gizonen artekoa nahiz bestelakoa; baina horrekin batera, lan munduan lan merkatua dugu, merkatu hitza erabiltzen dugu, eta haren printzipio nagusia askatasuna da. Berdintasuna eta askatasuna uztartu behar dira, beraz».

Ekuazio horretan, legeak berdintasuna babesten duen arren, zehaztu du gutxieneko batzuetara mugatzen dela hori, hau da, gutxieneko ordainsari batzuk bakarrik finkatzen dituela enpresa horretan aplikagarria den sektoreko edo enpresako hitzarmenak. «Baina hortik aurrera, lan merkatu batean gaudenez, enpresak eta langileek nahi dituzten osagarriak eta abar negozia ditzakete». Horregatik da posible, adibidez, enpresan denbora asko daraman langile batek antzinatasun osagarria izatea eta lanpostu berean aritzen den hasiberri batek baino soldata handiagoa izatea; edo horregatik da posible gauez aritzen den batek egunez aritzen den lankideak baino gehiago irabaztea. «Oinarrizko soldata berbera izango dute, baina soldata osoa ez».

Halaber, kontuak zerikusi handia du soldata arrakalarekin ere, osagarri horiek eta lan kategoriak zehazteko erabiltzen diren irizpideek markatzen baitute askotan emakumeen eta gizonen artean dagoen aldea. Sarri erabiltzen den adibide bat aipatu du Eliasek: garbiketakoa. Makinaren bat erabiltzeagatik edo gidatzeagatik osagarriak egon ohi dira sektore horretan; berez, lan hori egiten duten guztientzat. «Baina nork egiten du lan hori? Orain arte, normalean, gizonek. Orain, berdintasun planen bidez eta abarrez, aztertu egiten dira halakoak, eta aldaketa bat ari dira bultzatzen. Badago halakoak salatzeko aukera ere. Baina argi dago kultur mailan eta gizartean gure artean dauden desberdintasunak mantentzen direla enpleguan eta lantegietan ere».

Lanpostuak nola baloratu?

Balio bereko lana zer den jakiteko, batik bat lanpostuen balorazioari begiratu behar zaiola esan du Elena Perez Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendariak. Prozesu tekniko nahiko konplexua izaten da hori, baina balorazio horretan kontuan hartu beharreko irizpide batzuk finkatzen ditu langileen estatutuak. Haren arabera, lan batek beste baten balio bera izango du baldin eta baliokideak badira honako hauek: agindutako funtzio edo zereginen izaera; lan horiek egiteko eskatzen diren hezkuntza maila eta lanbide eta prestakuntza baldintzak; lan horiek egitearekin hertsiki lotuta dauden faktoreak —arriskua, arreta...—, eta jarduera horiek gauzatzeko baldintzak —ordutegia, kokalekua...—.

Balorazio horretan, zeharkako diskriminazioak ere saihestu egin behar direla esaten du legeak. Horri lotuta, enpresetan dauden zenbait ohitura aipatu ditu Perezek; esate baterako, esfortzu fisikoari balioa ematea eta lan errepikakorrei ez ematea, edo kualifikazio batzuk ez baloratzea, berezkoak direlakoan, hala nola pertsonen arteko harremanetarako trebetasuna, komunikatzeko gaitasuna edo eskuz lan egiteko trebetasuna. «Jaiotzatikoak direla pentsatzen da, eta norberaren gaitasuntzat hartzen dira lanbide konpetentziatzat hartu beharrean. Erizaina izateko, adibidez, pazientzia eta enpatia handia behar dira; idazkari izateko, beharrezkoa da hizkuntza ondo menderatzea, eta hori askotan ez da behar bezala baloratzen».

Luzea da lanpostu feminizatuetan kontuan hartzen ez diren gaitasunen zerrenda: bulegoko ekipamendua erabiltzeko eta mantentzeko gaitasuna, eskuz lan egiteko trebetasuna, dokumentuak eta txostenak idazteko eta gainbegiratzeko gaitasuna, dokumentu garrantzitsuak ondo antolatuta edukitzeko gaitasuna... «Zeharkako desberdintasunak dira, eta eragiten dute emakumeek gutxiago irabaztea balio bereko lanetan, ez lanpostu berberetan».

Hain zuzen, Balio bereko lanpostuak genero akatsik gabe identifikatzeko gida praktikoa argitaratu berri du Jaurlaritzak, lanpostuen balorazioak egin behar dituztenek orientazio moduan erabiltzeko. Eliasek bezalaxe, garbiketako adibideari heldu dio Perezek ere, eta halako egoerak salatzeko eskatu du. «Demagun garbiketa enpresa horretan gizon guztiek egiten dutela lan kristalak garbitzen eta osagarri bat dutela, eta emakume guztiek bestelako espazioak garbitzen dituztela eta ez dutela osagarri hori, eta, gainera, emakume horietako batzuek eskatu dutela kristalak garbitzea nahi dutela eta ezetz esan zaiela. Halakoetan, esku har dezake Lan Ikuskaritzak». Lanaren Nazioarteko Erakundeak (OIT), bulegoetako garbitzaileen eta kaleko garbitzaileen lana ez ezik, balio berekotzat jo ditu, besteak beste, eskoletako jantokietako begiraleen eta haur parkeetako ikuskatzaileen lana, gizarte gaien kudeatzaileen eta ingeniarien lana nahiz bidaiarien arreta egiten dutenen eta aireontzien gidaritza eta mekanika egiten dutenen lana ere.

Salaketa gutxi

Soldata arrakalari aurre egiteko hanketako bat da Lan Ikuskaritza Jaurlaritzarentzat, eta generoan espezializatutako unitateak sortu ditu. Iaz jaso zuten prestakuntza, eta gainerako lankideak trebatu zituzten ondoren. Alabaina, salaketa gutxi jasotzen dituztela aitortu du Perezek. «Eta pena da, asko lagunduko ligukeelako gure lanean». Kasu bakanen batzuetan, bai; baina, oro har ,gutxitan aurkitzen dituzte ikuskariek lehen ohikoagoak ziren diskriminazioak, hala nola lanpostu berean emakumeek gizonek baino oinarrizko soldata txikiagoa izatea. «Diskriminazioa sotilagoa da orain».

Besteak beste, hitzarmen kolektiboetara begira dago jarrita Jaurlaritza, lanpostuen balorazio ezberdin hori, sarri, itun horietatik etortzen dela iritzita. Sindikatuek azken urteetan egindako lana goraipatu du Perezek. «Ia guztiek dituzte jada genero idazkariak. Aurrera egitea lortu da, baina, oraindik, hitzarmenetan badaude emakumeen aurka egiten duten alderdiak». Batzuk aipatu ditu: kontziliazio neurrien bidez erantzukidetasuna bultzatu beharrean emakumea lan merkatutik ateratzea bultzatzea, gora egiteko emakumeek duten aukera falta, prestakuntza jasotzeko dauden zailtasunak... Horri lotuta, programa pilotu bat ari dira prestatzen. «Erregistratuta dauden hitzarmenak aztertuko ditugu, genero ikuspegitik. Hau da, generoan adituak diren pertsonek esango dute hitzarmen hori neutroa, positiboa edo negatiboa den». Hori egingo duten lehen aldia izango da, eta Perezi behar-beharrezkoa iruditzen zaio egitasmoa, enpresek eta eragile sozialek dutelako itun horiek neutroak izateko giltza.

Oinarrizko errenta

Soldata arrakalari aurre egiteko nahiz oro har lan baldintzak hobetzeko, bestelako proposamen bat du Eliasek. Izan ere, lan merkatuan soldatak negoziatzeko askatasuna dagoen arren, «askatasun teorikoa» dela uste du. Haren esanetan, bai hitzarmen kolektiboetan, bai lan kontratu indibidualak sinatzean, bi alderdi egoten dira, baina bietako bat boteretsuagoa denean, mendekotasuna sortzen da. «Eta azken hamarkadetan, oro har, botere ekonomikoa dutenek gero eta botere handiagoa dute, lan arauetan izan diren aldaketen eta bestelakoen bidez; aldiz, langileek eta haiek ordezkatzen dituzten sindikatuek gero eta txikiagoa». Desoreka hori medio, prekaritatea areagotu egin dela uste du.

Hala, guztientzako oinarrizko errenta eskatzen du. «Ez diru sarrerak bermatzeko errenta edo beharra dutenentzako laguntza bat bakarrik, errenta unibertsala». Horri esker, langileek botere handiagoa lortuko luketela uste du, bai eta askatasuna eta banakako hitzarmenak nahiz hitzarmen kolektiboak negoziatzeko ahalmen handiagoa ere. «Modu arrunt batean bizi izateko ez bagina derrigor gure soldatak baldintzatuta egongo, hau da, oinarrizko errentari esker gutxieneko babesa izango bagenu, merkatuan dauden lan baldintzak onartzeko edo ez onartzeko aukera izango genuke, eta horrek ziur aski aldatuko luke lan merkatuko errealitatea. Hobera egingo lukete baldintzek».

Finean, aberastasuna banatzea dela kontua uste du, eta ikusten du errenta unibertsal hori indarrean jartzeko aukera. Tartean, OITk eta Sindikatuen Nazioarteko Konfederazioak ere aipatu izan dute neurri hori. «Teknologiari esker eta abar, aberastasuna esponentzialki ari da hazten, baina zoritxarrez banaketa oso desorekatua dago. Errenta horrek, lan baldintzak hobetzeaz gain, denon duintasuna hobetzea ere ekarriko luke, bai eta demokrazia hobetzea ere».

Bihar: Norbere lanaren prezioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.