UDAKO SERIEA. Mediterraneoko Mugan (eta VI). Mugak Zabalduz karabana.

Hari bat, borrokak eta minak lotzeko

Nazioarteko lekukotzen bidez, migrazioaren auziak dituen dimentsio eta lotura globalak agerian utzi ditu aurten Mugak Zabalduz-ek. Sareak indartzeari begira, karabana tresna egokia dela uste dute partaideek.

300 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute Mugak Zabalduz karabanan; Euskal Herritik joan dira horietako asko. MUGAK ZABALDUZ.
Maite Asensio Lozano.
Lepe
2019ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Hamar egun, 2.700 kilometrotik gora, bost hiri eta lau herri, hamaika salaketa, ehunka besarkada... eta aldarri ozen bat: «Inor ez da ilegala». 300 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten uztailaren 12tik 21era Mugak Zabalduz karabanan. Espainiako hegoaldera joan dira aurten, Mediterraneoko mugan gertatzen ari diren giza eskubideen urraketak azaleratzera, Europarako sarbiderik arriskutsuenetako bat bihurtu baitira Gibraltarko itsasartea eta Alborango itsasoa, baita Ceuta eta Melilla hirien inguruan eraikitako harresiak ere. Aurten, gainera, laugarren bidaiarekin batera, karabanaren osaerak pauso bat eman du nazioartekotzean: azken urteetan, Euskal Herritik, Herrialde Katalanetatik eta Espainiatik joandakoei Italiako ekintzaileak gehitu zaizkie, eta, haien eskutik, Magrebeko eta Latinoamerikako ahotsak ere izan dira. Hiru partaiderekin izan zen BERRIA karabanako azken egunean, egitasmoak ekarritakoa aztertzeko.

«Nazioartekotzea beti izan da helburu bat», nabarmendu du Anabel Sanzek. Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kidea da, eta Mugak Zabalduz proiektuan parte hartu du hasieratik. «Beti esan dugu Mediterraneoko muga bat dela, bakarra, oso handia; eta puntu beroetan egon behar ginela». 2015ko udan hasi ziren salaketak tokian-tokian egiten: Grezian izan ziren orduan, eta, hurrengo urteetan, Melillan (Espainia) eta Italian; han Carovane Migranti egitasmoa ezagutu zuten, eta italiarrek aurten bat egin dute Andaluziarako bidaian. Hango kide da Giacomo Donadio: «Garai hauetan, bakartuta bizi gara, kolektibo bakoitza bere lurraldean eta bere jardunean itxita dago. Baina guretzat oso interesgarria izan da Europako periferiako bi herrialde alderatzea, eta berrestea Espainian eta Italian antzekoa gertatzen ari dela».

Baina Europatik kanpora ere egin du jauzi karabanak. Italian ez ezik, Tunisian eta Mexikon ereibilitakoa da Carovane Migranti, eta hango esperientziak ekarri ditu: beste migrazio ibilbide batzuetan desagertutako pertsonen senideak eta giza eskubideen defendatzaileak gonbidatu ditu bidaiara. Donadioren hitzetan, «garrantzitsua baita Mesoamerikako eta Mediterraneoko korridoreak konparatzea». Nadia Azugaghen arabera, ezinbesteko ekarpena egin dute lekukotza horiek: «Desagertuen auzia funtsezkoa dela ikusi dugu».

Marokon jaioa da Azugagh, baina txikitatik bizi da Almerian (Andaluzia, Espainia); Abriendo Fronteras karabanako kide da han. «Migratzaileen desagerpena gai berria da Espainian: ez dago ia ezer araututa. Karabanak ate bat ireki dezake». Gainera, haren ustez, auzi horrek agerian utzi du lotuta daudela kontinente guztietako bizipenak: «Erdialdeko Amerikako eta Magrebeko amak elkartu direnean, harrigarria izan da ikustea denean gertatzen dela berdin: desagerpenen kausak eta ondorioak berdinak dira, eta bilaketan sentitzen duten maitasuna eta sufrimendua berdina da; gobernuen izen-abizenak baino ez dira aldatzen».

Esparru global batean

Hori baita Mugak Zabalduz-en xedeetako bat: tokiko eskubide urraketak sistema zabalago baten barruan ulertzea, eta denak lotzen dituen haria bistaratzea. «Leku batean mara batek bultza zaitzake migratzera, beste batean pobreziak, eta beste batean klima aldaketak, baina azkenean esplotazio egoera bera da», adierazi du Azugaghek. Bat etorri da Sanz: «Migratzaileen eta errefuxiatuen auzia esparru zehatz batean kokatu behar da: lekualdatze behartuak eragiten dituzten kausetan. Horren atzean daude kapitalismoa, patriarkatua eta planetako baliabideen lapurreta, eta esparru hori globalizatuta dago: Trump eta Salvini gauza berdinak esaten ari dira».

Hain justu, Italiako Barne ministroak etorkinen aurka hartutako jarreraz mintzatu da Donadio: «Beti esaten dugu Italian gertatutakoa ez dela ezerezetik sortu, baizik eta ibilbide baten emaitza dela, eta ez soilik Italian. Karabanan izan ditugun testigantzek frogatu dute Europatik kanpo ere gertatzen ari dela, Trumpekin ez ezik, baita Lopez Obradorrekin ere [Mexikoko presidentea]; hau da, eskuinarekin ez ezik, baita sozialdemokraziarekin ere». Sanzek erantsi du ez dela hain urrun joan behar. Karabanak Espainian egin dituen bidaietan Madrilera seinalatu dutela azpimarratu du: «Neofaxismoaz hitz egiten dugunean, segituan datorkigu burura Salvini, baina hori baino gehiago da. Espazio neofaxistetan dauden alderdi politiko batzuk ez dira izendapen horrekin identifikatuko, baina bat egiten dute politika horiekin. Eta migrazio politikak horren adierazgarri dira».

Hori dela eta, hirurentzat garrantzitsua da beste leku batzuetan gertatzen diren urraketen zein borroken berri izatea. «Aukera ematen du fenomenoen dimentsio globalean sakontzeko eta bestelako erantzunak bilatzeko», berretsi du Donadiok. Eta beste elementu bat gaineratu du: esperientziak partekatzea. «Eraldaketa sozial handiak esperientzia praktikoen bidez gertatu dira. Analisi teorikoak behar ditugu, noski, ezinbestekoak dira, baina alde enpirikoak eta praktikoak garrantzitsuak dira, pertsonak bateratzeko gaitasun handia dute».

Tokian ere eragiten du

Izan ere, karabana ez da hasten autobusak abiatzen direnean, eta ez da amaitzen bidaiariak etxera itzultzen direnean. Aurrez lan handia eskatzen du, eta ondoren ere aukera berriak irekitzen ditu. Aurreko karabanek emandako fruituez mintzatzean, Melillako gizarte eragileek 2017ko bidaiaren ondoren helarazitakoa gogoratu du Sanzek: «Oso talde gutxi daude han, eta karabanak elkartu egin zituen, haien arteko elkartasuna sendotu zuen».

Almeriatik ere igaro zen orduko karabana, eta Azugaghek ere nabaritu du arrastoa: «Giza eskubideen aldeko aktibistontzat eragin handia izan zuen hainbeste jende propio etortzea egunero salatzen ditugun urraketak gaitzestera». Dena den, erantsi du ondoren arazoak ere sortu zirela: «Aktibista bati ia bost hilabetez egin zizkioten heriotza mehatxuak, eta beste kide baten semea jipoitu egin zuten... Tokiko eragileontzat oso gogorra izan zen, baina gauzak mugitzen ari garen seinale ere izan zen».

Taldeen arteko tirabirak ere izan zirela oroitu du: «Kolektibo batzuek karabanatik alde egin zuten azken unean, ez zutelako nahi salatzerik berotegietan gertatzen diren eskubide urraketak». Sanzen aburuz, horrek berresten du egitasmoak mezu irmoa duela: «Talde lokalek, noski, badute erabakimena, baina gure mezua erradikala da: ez gatoz pasieran. Karabanak seinalatu egiten du, eta horrek batzuetan gatazkak eragiten ditu».

Hala ere, Mugak Zabalduz eta beste herrialdeetako karabanak mugimendu irekiak direla nabarmendu dute hirurek: «Aniztasun handia dago». Horrek harridura handia eragin du italiarren artean, Donadiok aitortu duenez: «Lurralde, jardun eta tradizio politiko oso desberdinetako jendea elkartu gara, konturatu garelako historia gure balkoien azpitik pasatzen ari dela. Eta gai izan gara elkarrekin zerbait ehuntzeko, sentsibilitate guztiak errespetatuz. Guk ez dakigu halako zerbait posible izango litzatekeen gure herrian, oraingo giroan auzitan dugulako solaskidetzaren kultura, besteen arrazoiak entzuteko gaitasuna».

Urte osoko etapa

Karabanak berak «kutsatze positibo baten antzekoa» eragiten duela uste du Giacomo Donadiok. Ziur dago bertan sortutako harremanek eta sareek lanean jarraituko dutela: «Gure bideak berriro gurutzatuko dira». Bat etorri da Nadia Azugagh: «Karabana ez da amaitu. Hemen hartutako konpromisoei jarraitutasuna eman behar diegu orain. Urte osoko etapa geratzen zaigu».

Hortaz, datorren urtean beste bidaia bat egingo al dute karabanek? Anabel Sanzen ustez, formatuak etorkizuna du: «Gukargi dugu abagune politiko honetan gai hau estrategikoa dela. Eta karabana tresna on bat da hegemoniaren kontrako sareak indartzeko, salaketak ikusgai egiteko, gure kolektiboak aktibistez elikatzeko...». Onartu du bidaia nekagarria dela, baina bestelako energia ematen diola nabarmendu du: «Aktibismoak salatzeko premia dakar. Militatzea sendatzailea da niretzat: ezingo nintzateke bizi inguruan gertatzen den guztiarekin beste albo batera begiratzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.