BAKARRIZKETA

Aireko gerra Frantziaren eta Herbehereen artean

CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE.
Iker Aranburu.
2019ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
1. Zer patu makurra belgikarrena: berriro ere atzerritarren arteko gerra frontea bihurtu dira. Egia da Belgikaren historiaHerbehereen eta Frantziaren artean egoteak baldintzatu duela, baina ez zait iruditzen kasu honetan gerrak zipriztinduko dituenik. Enpresa gerra bati buruz ari naizelako, Air France-KLM sozietatea kontrolatzeko borrokari buruz.

2. Zer gertatu da? Herbehereetako Gobernuak aire konpainiaren akzioen %14 erosi ditu burtsan, inori ezer esan gabe, 744 milioi euroren truke. Erosketa oso gaizki hartu du Frantziak: «Oso harrigarria da, eta ez da batere lagunkoia».

3. Noski, ez du gustuko izan gobernu batek enpresa pribatu batean parte hartzea... Tira, ez zaio gustatu beste gobernu batek muturra sartzea Air France-KLMn, dagoeneko berak barruraino sartuta daukalako. Air France Frantziako konpainia publikoa zen; 1999an hasi zen pribatizatzen Lionel Jospinen gobernu sozialista, eta 2004an egin zuen bat KLM herbeheretarrarekin. Baina, ohitura duenez, Parisek parte hartze esanguratsua gorde zuen (%14,3), eta boto eskubideen %23 dituenez, botere handia du konpainian.

4. Zergatik sartu da Herbehereetako Gobernua konpainian? Ezohiko mugimendua da, Hagako gobernua oso liberala delako horrelako kontuetan, Frantzia ez bezala. Baina KLM eta batez ere Schiphol Amsterdamgo aireportua ikurrak dira herbeheretarrentzat. Eta Hagako gobernua beldur zen, Benjamin Smith zuzendariaren plan baten ondorioz, KLMk gaur egun duen autonomia galdu etabigarren mailako konpainia bat ez ote zen bihurtuko, Air Franceren menpe.

5. Susmo horrek badu funtsik? Baietz dio Herbehereetako Gobernuak, eta ezetz Frantziakoak. Gogorarazi duenez, 2004ko batasun itunak esaten du Air France-KLMk ezin dituela hegaldiak Schipholetik Frantziara eraman. Berez, frantziarrek diote Amsterdamgo aireportuari egin diola mesede batasunak: 2004tik 2018ra 44 milioitik 71 milioira handitu da han bidaiarien trafikoa; Parisko Roissy-Charles de Gaullen, berriz, 51,2 milioitik 72 milioira.

6. Zer egin du Frantziako Gobernuak? Bere parte hartzea handitzeko tentaldiari eutsi dio, operazioa garesti aterako zitzaiolako, eta elkarrizketak hasi ditu. Ostiralean bildu ziren Parisen Bruno Le Maire Frantziako Finantza ministroa eta Wopke Hoekstra herbeheretarra (goiko irudian). Azken horrek onartu zuen operazioa ez zela «oso ortodoxoa» izan, baina krisia ez sakontzeko asmoa adierazi zuen. Lantalde bat osatuko dute, eta ekainean argitaratu nahi dute bi aldeak gogobeteko dituen plan bat.

7. Langileen artean izan du eraginik borroka horrek? Ez, akziodunen arteko gatazka bat baizik ez da izan. KLMko pilotuek eta beste langileek Air Francekoek baino baldintza hobeak dituzte gaur egun, eta, hala ere, batasunaren irabazien %80 haiek lortzen dituzte. Bake soziala txikiagoa da Air Francen: iaz hainbat greba egun egin zituzten udaberrian eta udan, eta horien ondorioz eman zuen dimisioa Jean Marc Jainallac orduko buruak. Urrian sinatu zuten soldatak igotzeko akordioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.