UDAKO SERIEA. Mediterraneoko mugan (III). Adingabeak.

Aterpea baino gehiago

Adingabe izanda iritsitako etorkinak ia baliabiderik gabe geratzen dira 18 urte betetzean. Cadizko Harrera Sareko hainbat kidek etxean hartu dituzte haietako batzuk, eta irakasle boluntarioak oinarrizko trebakuntza ematen ari zaizkie udan, lan etorkizuna bideratu ahal izan dezaten.

Aterpea baino gehiago.
Maite Asensio Lozano.
Puerto de Santa Maria
2019ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Umeen kaligrafiarekin idatzi du izena Alik. Iaz Espainiako hegoaldera seniderik gabe iritsi ziren 7.000 adingabeetako bat da. Ia analfabetoa zen duela bederatzi hilabete Andaluziara heldu zenean, baina orain badaki idazten eta irakurtzen, eta gai da Malitik Andaluziara egin zuen bidaia gaztelaniaz azaltzeko. Are, inguruan arrazakeriarik nabari ote duen galdetuta, Andaluzian ohikoa den esamolde batekin adierazi du mundu guztiak ez duela berdin tratatzen: «Eskuko behatzak ez dira igualak». Puerto de Santa Maria herrian bizi da, Cadizko Harrera Sareko kide baten etxean, eta astelehenetik ostiralera San Agustin gizarte etxera joaten da goizez, oinarrizko trebakuntza jasotzera. «Gure familiak Afrikan daude, eta lagundu egin behar diegu, baina, haiei laguntzeko, geure buruari ere lagundu behar diogu. Pazientzia behar dugu».

Harrituta mintzatu da Elena Delgado: «Izugarri azkar ikasten ari da. Oro har, sekulako gaitasuna dute mutil hauek». Delgadoren etxean bizi da Ali; emakumeak naturaltasunez kontatu du azarotik harreran izan duen seigarren gaztea dela: «Sareko kide batek mutil baten argazki bat bidali zidan, esanez bakarrik zegoela, kalean, eta ea etxera eraman nezakeen». Horrela hasi ziren bizilagun batzuk gazteei abaroa ematen, haiek 18 urte bete berritan. Izan ere, adingabeak, 18 urte betetzearekin batera, aterperik gabe geratzen dira, emantzipaziorako ia baliabiderik ez daukatelako erakunde publikoek. Gazte batzuek egun edo aste gutxi egiten dituzte sareko kideen etxean, baina beste batzuk hilabeteetan geratzen dira. «Sare hau egongo ez balitz, haietako asko kalean biziko lirateke», azaldu du Delgadok. «Ez da elkartasun kontua bakarrik. Gizarte osasuntsuak eraikitzearekin ere lotuta dago: mutil hauek ez baditugu gizarteratzen, baztertuak izango dira, eta gizarte batek ezin du halakorik onartu».

Dena den, aitortu du auzi konplexua dela: «Gazteen migrazioa ez da erraza, espektatiba handiak dituztelako, eta familia batzuek presio handia egiten dietelako dirua bidal dezaten, senideak ere zorpetu egin baitira haiek hona bidaltzeko». Bidea oso zaila izaten da, baina Espainiara iristea ere ez da urrats gozoa izaten. Kexu da Ali, esate baterako, adingabeentzako zentroek ez daukatelako baliabide nahikorik: «Jatea eta lo egitea ziren hango jarduera bakarrak: ez geneukan ikasteko aukerarik, eta gu ez gatoz hona lo egitera bakarrik; zerbait gehiago behar dugu».

Zentro batetik bestera

Aliren alboan, beste lau mutil gazte daude mahaiaren bueltan, San Agustin eraikinean. Azken hilabeteetan bete dituzte 18 urteak. Driss oso lotsatia da: nekez lortu du esatea patera batean iritsi zela iaz. Ahmedek, berriz, ez du hitz egiteko gogorik, haserretu egin baita Mohamedek txantxa bat egin diolako; elkarrekin bizi dira biak, sareko beste andre baten etxean. Halimek, ordea, jario handia du, eta arrapaladan kontatu du adingabeentzako zentro batetik bestera ibili zirela Driss eta biak: «Bornos herriko zentroan egon ginen: herritik urrun zegoen, borrokak izaten ziren etengabe... Handik joan ginenean, bost euro baino ez zizkiguten eman, eta 30 kilometro ibili behar izan genituen, Sevillarako autobus bat hartu ahal izateko. Han, kalean egin genuen lo gau batez, eta biharamunean zentro batera eraman gintuzten hamar egunerako; ondoren, beste batera, Ecijako zentrora, 18 urte bete arte».

Gobernuz kanpoko erakundeen kezka iturri izaten da adingabe zentroetako baliabide falta, eta azken urtean kezka handia eragin du Ceuta eta Melilla hiri autonomoetako harrera egoitzetan dauden gazteen egoerak. Mohamedek hamalau hilabete egin zituen zentro horietako batean. Pateran iritsi ez den bakarra da: Marokokoa da, Nador hirikoa, eta legez sartu zen Melillara, pasaportearekin aukera hori baitauka. Gordin mintzatu da hango zentroaz: «Zapatak kendu ere ezin genuen egin, lapurtu egiten baitzizkiguten. Borrokak, labankadak... Haxixak arazo asko eragiten zituen. Lo ere ezin genuen lasai egin». Salatu du egoitza gainezka egoten dela sarri: «Batzuetan, hiru pertsonak egiten dute lo ohe bakarrean. Hor adingabe bat sartzen den bakoitzean diru laguntzak ematen dizkiete, baina ez dituzte erabiltzen zentroa hobetzeko».

Larrituta erantsi du Mohamedek paperik gabe geratuko dela urte erdi barru: «Ordurako lana aurkitu behar dut». «Ez da hain erraza», erantzun dio Delgadok. Esplikatu duenez, 18 urte baino gutxiagorekin iristen diren nerabeei baimena dagokie adindun bihurtzean beste urtebetez bertan geratzeko. «Adingabeen zentroek gazteak dokumentatu behar dituzte atera baino lehen, baina 16 urte baino gehiagorekin iristen direnekin batzuetan ez dute hala egiten. Arazoa da hemen bizitzeko baimenak ez dakarrela lan egiteko baimena».

Hezkuntza, funtsezko

Hain justu, lan mundurako bide hori egiten lagundu nahi die Cadizko Harrera Sareak gazteei: udazkenean helduentzako hezkuntza sisteman sartu ahal izateko, udan oinarrizko formakuntza ematen ari zaizkie, goizero-goizero. Oporretan dauden irakasle boluntarioekin aritzen dira matematika, komunikazioa —gaztelaniazko ahozko eta idatzizko adierazpena—, geografia eta fisika ikasten. «Gero lanbide heziketan sartzeko eta praktikak egiteko aukera izango lukete, eta, horrela, lan egiteko baimena ere lortu ahal izango lukete». Delgadok aitortu du prozesu luzea dela, bizpahiru urtekoa, baina beharrezkoa dela nabarmendu du: «Ondoen egiten ari garen gauzetako bat da: jaten ematea erraz antzekoa da, baina trebakuntza askoz interesgarriagoa da. Funtsezkoa da gizarteratzeko». Eta fruituak ematen ditu, gainera: «Lortu berri dugu gurekin ibilitako bi mutili kontratu bat egitea».

Bitartean, egokitzen ari dira gazteak, eta eskoletatik kanpo ere ikasten. Azkenean hitza hartu du Ahmedek, adierazteko pozik dagoela harrera egin diotenen etxean: «Gu laguntzeko egiten dute, eta hori oso garrantzitsua da». Muturra okertu du Halimek: «Ez da zure etxean egotea bezalakoa, baina gustura gaude». «Oso pertsona onak aurkitu ditut orain arte», gaineratu du Alik, irribarrez Delgadori begira. Andreak onartu du oso ondo pasatzen dutela elkarrekin: «Bizikidetza ona da, oro har; naturaltasun handiz bizi dugu. Egia da pixka bat baldintzatzen zaituela etxean beste pertsona bat edukitzeak, baina lagungarria da zeure burua berreraikitzeko: printzipioz zurekin ia zerikusirik ez duen norbaitekin topaguneak aurkitzeak sormena eskatzen du, eta prozesu aberasgarria da».

Bihar: Desagertuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.