UDAKO SERIEA. Europako Batasuna ez den Europa (III). Europa iparraldeko herrialdeak.

Liskarbidea da beti

Bizilagunak estatu kide bilakatu zaizkie, baina Islandiak eta Norvegiak EBn ez sartzea erabaki dute aukera izan duten guztietan. Biak konforme dira egungo harremanarekin.

Liskarbidea da beti.
ander perez zala
2019ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Europa iparraldeko herrialdeak zalantzati agertu dira Europako integrazioaren eta eraikuntzaren auzian, eta horri buruzko eztabaidak agerian utzi du gaia korapilatsua eta nahasia izan dela Finlandiarentzat, Suediarentzat, Danimarkarentzat, Norvegiarentzat eta Islandiarentzat. Harreman estua dute, eta bizilagunak dira, baina bostek ez dute bide bera hartu Europako Batasunarekiko (EB) harremana finkatzeko orduan. Danimarka 1973an sartu zen Europako Ekonomia Erkidegoan —EBren aurrekoa—, eta Finlandiak eta Suediak 1995ean eman zuten pauso bera. Islandia eta Norvegia ez dira EBko kide, baina lankidetza estua adostu dute talde komunitarioarekin: biak ala biak daude merkatu bakarrean, 1994tik baitira EEE Europako Ekonomia Esparruko kide.

Islandiaren eta Norvegiaren artean 1.470 kilometro inguruko distantzia dago itsasoz, baina horrek ez die eragotzi bi herrialdeei harreman estua izatea mendeotan. Norvegiarrek parte hartu zuten Islandiaren kolonizazioan eta horrek eragin zuen emigrazioan —Ingolfr Arnarson norvegiarra izan zen irlan bizitzen geratu zen lehen kolonoa—, eta, harrezkero, bi herrialdeek historia partekatua izan dute. Esaterako, Islandia Norvegiako Erresumaren parte izan zen XIII. mendetik, eta XV.ean biak Kalmarko Batasunean sartu zituzten, Europa iparraldeko bost herrialdeak batu zituen monarkian; XVI. mendean desegin zen, eta, ordutik, bi herrialdeak XIX. mendera arte egon ziren elkarrekin, Danimarka-Norvegia Erresuman; azkenean, XX. mendean lortu zuten independentzia.

Gaur egun, Europa iparraldeko herrialdeak ezagun egin dira daukaten ongizate sistemengatik, eta hainbat ezaugarri komun dituzte:kalitate handiko zerbitzu publikoak, hazkunde ekonomiko egonkorra — salbuespena Islandia izan da, 2008ko krisiaren ondorioz—, langabezia tasa txikia eta kontinentean ospe handia lortu duten hezkuntza sistema batzuk; esaterako, Eurostaten arabera, iaz Norvegiak %3,9ko langabezia izan zuen, eta Islandiak, %2,7koa—Gaindegiaren arabera, Euskal Herrikoa %10,01ekoa izan zen—. Horiek bilakatu dira herrialdearen bereizgarri nagusiak.

Salbuespenen eremua

Europa iparraldea EBren integrazioaren salbuespenen eremutzat har liteke. Finlandia da hango herrialdeen artean gehien sartu dena talde komunitarioaren egituretan, Danimarkak eta Suediak euroa ez erabiltzea erabaki baitzuten, besteak beste. Norvegiari eta Islandiari dagokienez, kontua desberdina izan da, kanpoan geratu baitira; Stefan Ganzle Agder Unibertsitateko irakasle albokoak uste du EBren auziak zatitu egin dituela bi herrialdeetako herritarrak: «1950eko hamarkadatik, auzi hori liskarbidea izan da».

Errealitate horrek azaltzen du, hain justu, batasunarekin adostu duten harremana: «Kontuan hartuta bi herrialdeak ez liratekeela gai izango gehiengo europazale bat osatzeko, Europako Ekonomia Esparrua da lankidetza formarik egokiena».

Iazko inkesta baten arabera, islandiarren %57,3 daude EBn sartzearen aurka; iritzi berekoak dira norvegiarrak, hirugarren erreferenduma egingo balute; horien artean, kopuru handiagoa da: %68.

Iragan mendean, bi galdeketa egin zituzten Norvegian, eta bietan ezezkoa gailendu zen; 1972koan, boto emaileen %53,5 agertu ziren kontra, eta 1994koan, %52,2. «EBko kide izateari buruzko eztabaidak hitzordu horietan egon ziren, eta emaitzak ezagunak dira».

Ganzlerekin bat dator Osloko Unibertsitateko Jarle Trondal. «EEEk babesten du Norvegiaren eta Islandiaren merkatu bakarrerako sarrera, eta bi herrialdeentzat ezinbestekotzat jo da horren parte izatea, estatu horien ekonomia txiki eta irekiengatik. Norvegiak, esaterako, 130 bat arlotan sinatu ditu akordioak EBrekin. Horren ondorioz, Norvegia da kide ez diren estatuetatik talde komunitarioan gehien integratuta dagoena. Gainera, horren ondorioz, estatu kide izateari buruzko dikotomia lauso bilakatu da».

Zer-nolako begirada

Norvegiaren kasuan, herrialdearen historiak azaltzen du, hein batean, EBri buruz zer ikuspuntu duen. Estatua Schengen eremuko, EFTA Europako Merkataritza Librerako Elkarteko —sortzaileetako bat izan zen— eta EEEko kide da, eta horrek modua ematen dio estatu kideekin pertsonen, ondasunen, zerbitzuen eta kapitalen zirkulazio askea izateko.

Erasmus programan eta Frontex EBren mugen zaintzarako agentzian ere parte hartzen du, baina ez du integrazioan gehiago sakondu nahi izan: herritarrek uste dute hori egiteak euren subiranotasunean eragina izango duela, eta hori izan zen arrazoi nagusia bi galdeketetan ezezkoaren alde egiteko. Herrialdeak 1905ean lortu zuen independentzia, Suediaren parte izateari utzi zionean, eta hori duela gutxi gertatu izanak jarrera bat errotu du: subiranotasun nazionalari eustea.

Trondalen ustean, bi herrialdeek badute puntu komun bat EBrekiko ikuspuntuan, ideia horrekin zerikusia duena: «EBren auzia periferia erdiko auzi bat da, non erdigune sozioekonomiko, kultural eta geografikoak periferia paraleloen aurka mobilizatzen baitira. Estatu kide izatearen galdera politizatzen bada, bereizketak herrialdea eta alderdi politikoak zatitzen ditu, eta horrek ezinezko bilakatzen du EBren parte izatea».

Islandiaren saiakera

Islandia izan daEuropa iparraldeko azken estatua EBn sartzeko saialdia egin duena; duela gutxi, gainera. Aurten hamar urte bete dira hango gobernuak eskari formala egin zuenetik, 2008ko krisi gogorrak herrialdea jo eta urtebetera; gertakari horrek eragina izan zuen herritarrek EBrekiko zuten ikuspuntuan, eta askok garai hartako egoerari aurre egiteko irtenbidetzat jo zuten estatu kide bilakatzea. Hau da, islandiarrek zalantzan jarri zituzten euren estatuaren barne eta kanpo politika tradizionalak; ordu hartan, sozialdemokratek eta berdeek osaturiko koalizioa zegoen agintean, eta parlamentuak EBn sartzeko prozesua hastearen alde egin zuen, tarte txiki batez.

Negoziazioak hasi ziren, eta, bi aldeek hainbat arlotan aurrerapausoak egin zituzten arren, urteak pasatu ahala elkarrizketek okerrera egin zuten, 2013an guztiz blokeatuta geratzeraino.

Liskarrik handiena arrantzaren eta nekazaritzaren auziek sortu zuten, sektoreok garrantzi handia baitute Islandiaren ekonomian. Horri gehitu behar zaio gobernu aldaketa bat izan zela 2013ko bozetan, eta Independentziaren Alderdia indar euroeszeptikoa iritsi zela agintera, eskuineko beste alderdi batekin koalizioa osatuta.

Orduan, gobernu horrek behin-behinean eten zuen EBn sartzeko prozesua, eta 2015ean batasunari jakinarazi zion ez zuela estatu kide bihurtu nahi. Tartean, euroaren krisiak eta EBren barne arazoek herritarrei iritzia aldarazi zieten, eta euroeszeptizismora itzuli ziren hainbat eta hainbat.

Islandia EFTAko, EEEko, Schengen eremuko eta errefuxiatuei buruzko Dublingo araudiko kide izatera mugatu da, eta, orokorrean, ez da Norvegia bezainbeste integratu Europako Batasunean.

Beraz, ez dirudi bi herrialdeek estatu kide bilakatzeko beste saiakerarik egingo dutenik. Trondalen iritziz, bi estatuek egungo statu quo-ari eutsiko diote, integrazio maila ezberdinak dituztelako eta bi aldeei komeni zaielako egungo egoera. «Estatu kide gehienek barne bereizkuntzak dituzte, eta Norvegiak eta Islandiak batasunaren kanpo bereizkuntza irudikatzen dute». Ganzle ere uste berekoa da: «Etorkizuna EEEn eta horrek betetzen ez dituen arloei buruzko akordioetan egongo da oinarrituta».

Halere, ikusteko dago brexit-ak zer eragin izango duen, Erresuma Batua Europa iparraldeko bost herrialdeen aliatu historikoa izan baita. Irteera gauzatuz gero, Islandiak eta Norvegiak berrikusi egin beharko dituzte EBrekin eta Erresuma Batuarekin dituzten harremanak; brexit-aren prozesuan agintariek orain arte adierazitakoa ikusita, badirudi Europa iparraldeko herrialdeek lehentasuna emango diotela talde komunitarioarekin lankidetza aritzeari, eta ez Londresekin aritzeari.

Horrek esan nahiko du aliantza berriak egin beharko direla, Erresuma Batua izan baita orain arte EBn izan duten aliaturik garrantzitsuena. Hortaz, ahalik eta onurarik handiena atera beharko diote egoera zail bati.

Bihar: Suitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.