Irune Lasa.
BAKARRIZKETA

Gizentasuna, pisua ekonomiarentzat

2019ko urriaren 13a
00:00
Entzun
OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen arabera, bere kide diren 36 herrialdeetatik 34k gehiegizko pisua dute eta ia erdiek obesitatea.

1 ...Herrialde batek obesitatea izan dezake? Hitz egiteko modu bat da. Gizentasunaren arazoa larria dela erakusten duen txosten bat argitaratu du OCDEk. Erakundeak azaldu duenez, obesitatea borrokatzea bultzagarria izango litzateke ekonomiarentzat eta ongizatearentzat. OCDEko herrialdeetako biztanleriaren %60 dago gizenegi, eta obesitatearen ehunekoa hazten ari da etengabe. 1994an, %15,4 ziren obesoak; 2006an, %18,1; eta 2016an, %23,2. Kalkulu horien arabera, gaur egun munduan 50 milioitik gora dira obesitatea duten pertsonak.

2. Ados. Beste guztiak berdin dio, baina ekonomiarentzat txarra bada... Zenbateko zehatzak eman ditu erakundeak. Gizentasunaren ondorioz, OCDEko herrialdeek%3,3ko galera dute euren barneproduktu gordinean. Horri gehitu behar zaio gizentasunaren hedatzearen eraginez osasun sistemen gastua nabarmen ari dela handitzen. Txostenaren kalkuluen arabera, OCDEko herrialdeetako osasun sistemen gastu osoaren %8,4 doa gizentasunarekin lotutako gaixotasunak artatzera. AEBetan datua okerragoa da: gaixotasun horiek osasun gastuaren %14 hartzen dute.

3. Baina ez litzateke ahaztu behar gizentasunaren atzean arrazoi ekonomikoak ere egon daitezkeela. Arrazoi. Hori ere badio txostenak. Europako Batasuneko 28 herrialdeetan diru sarrera txikieneko taldeko gizonak obesoak izateko probabilitatea %90 handiagoa da. Eta diru sarrera txikieneko emakumeentzat obeso izateko probabilitatea %50 handiagoa da.

4. Desberdintasunen ondorioa. Baina, aldi berean, gizentasunak desberdintasun hori sendotu egiten duela uste du OCDEk. Eskola garaian gizenegi dauden haurrek errendimendu txikiagoa izaten dute. Hazterakoan, goi mailako ikasketak amaitzeko probabilitate askoz txikiagoa dute. Lan munduan ere, gizentasunak desorekak indartzen ditu, finkatu. Hurrengo urtean lanik gabe egoteko probabilitatea %8 handiagoa da gizentasunari lotutako gaixotasun kronikoren bat dutenentzat.

5. Jakina da gizentasuna lotuta dagoela osasun arazoekin. Hurrengo 30 urteetan, obesitateari lotutako gaixotasunengatik 90 milioi pertsona hilko dira OCDEko 36 herrialdeetan. Gaixotasun horiek hiru urte murrizten dute bizi itxaropena.

6. Eta konponbidea? Txostenaren arabera, dentsitate handiko elikagaien —patata frijituak, pastelak…— kaloriak %20 gutxituz gero, urtero milioi bat gaixotasun kroniko gutxiago izango lirateke munduan.

7. Eta ekonomia, gaur egun dagoen bezala, kaltegarria balitz jendearen osasunarentzat? Eragozpena balitz osasungarriago jateko? Astirik ez balu utziko bizimodu aktiboago baterako? Uf, denbora behar da horri buruz pentsatzeko, eta astirik ez. Mokadu bat eta lanera?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.