BAKARRIZKETA

Azukre koskor batekin eta lan baldintza duinekin

JORGE FUENTELSAZ / EFE.
Irune Lasa.
2021eko abenduaren 12a
00:00
Entzun
«Langileria onginahiez tratatzea ez da ikusi behar etekinak murrizten dituen kostu erantsi gisa, baizik eta enpresa bat lider batek imajina dezakeena baino zerbait handiagoa bihurtuko duen energia dinamizatzaile baten gisan».

1. Igande goizetan entrepeneur-keriarik ez, mesedez; kafeak kalte egiteko ere... Kafea, horixe. Halako esaldien oso zalea da Howard Schultz, Starbucks markaren eta kafetegi sarearen sortzailea.

2. Bedi. Baina zertara dator Schultzen sasifilosofia-laboral-paternalista orain, jakin badaiteke? Schultz 2018. urtean apartatu zen Starbucksen negozioetatik. Baina atzera azaldu da, hitzaldia ematera sindikalizatu ala ez erabaki behar zuten Buffaloko (AEB) Starbucks kafetegietako langileei... Bueno, Starbucksekoak ez omen dira langileak, «bazkideak» baizik; hala deitzen die konpainiak, nahiz eta ez duten inolako parte hartzerik, baldintza batzuen truke lan egitea besterik. «Orain arte entzun gabeko gauza batzuk entzun ditut zuetako batzuek lan egiten duzuen toki batzuetako baldintzei buruz», esan zien Schultz aberatsak, eta ziurtatu arazo horiek konponduko zirela.

3. O, hori bai onginahia. Baietz? Starbuckseko zuzendaritzak ere iragarri ditu aldaketak, soldata igoerak, antzinatasunak, bonusak, hobekuntzak formazioan... Buffalo hiriko kafetegietan.

4. Hori lidergoa. Eta jakina, horrek guztiak ez du zerikusirik izango langileen sindikalizaziorako asmoekin, ezta? Kasualitatea izango da, baina hobekuntza iragarpen guztiak sindikatuari ezezkoa emateko mezuarekin batera iritsi dira. Schultzek eta Starbucksek berak kanpaina handia egin dute, langileek sindikatuaren kontra bozka zezaten. Langileen eta enpresaren artean bitarteko norbait jartzea ez omen dator bat enpresaren filosofiarekin. Jazarpena ere salatu dute langileek, eta, besteak beste, lan orduetan sindikatuen kontrako hitzaldiak entzutera derrigortu dituztela. Konpainiak behin baino gehiagotan egin ditu mugimenduak bozketa eteteko.

5. Erraldoiak langile gutxi batzuk konbentzitu nahian. Baina hainbesterako da? Starbucksek AEBetan egin dituen 50 urteetan ez da sindikaturik egon, eta, ondorioz, ezta haien baldintzak adosteko hitzarmen kolektiborik ere. Gaur egun, Starbucksek 8.000tik gora saltoki ditu AEBetan, eta sindikatuak uste du Buffaloko garaipenak bidea zabaldu diola AEBetako gainerako saltokietan.

6. Sindikatua bai, orduan? Bai. Buffaloko hiru kafetegietatik bitan onartu dute langileek Worker United sindikatua eratzea, zeina SEIU handiagoaren babesean jardungo den. Bozketa horietako bat oraindik auzitan dago, baina Elmwood etorbideko kafetegiko garaipenarekin zalantzarik ez dago. Sindikalismoarentzat garaipen sinbolikoa da AEBetan; batez ere, zerbitzuen sektorean, pandemiak erakutsi baitu zein baldintzatan ari diren lanean funtsezko langileak. «Umm. Kafe sindikal baten usaina bezalakorik ez goizean», esan du Alexandria Ocasio Cortez senatari demokratak.

7. Hori da, azukre koskor batekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.