BAKARRIZKETA

Levi's-ak garbitzeko manerak

LEVI STRAUSS.
Irune Lasa.
2019ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Levi Strauss burtsara itzuli da asteon. Jeans galtzen konpainiak dirua nahi du bere hazkunde estrategiarekin jarraitu eta urte kaskarrenak atzean uzteko.

1. Levi's-ak galtza guztiak bezala garbituko dira, ala? Anatema! Halako bitxiak behar bezala zaindu behar dira, eta ezin dira edozein modutan tratatu. Behintzat hori esaten zen orain urte batzuk, jeans galtzak,eta batez ere Levi's garestiak, estatus jakin baten ikur zirenean. Markako jeansak Baby boom belaunaldiaren prakak izan ziren. Baina, oraingo gazteak ohituago daude arropa merke eta eskasa erosi, jantzi eta berehala botatzera, eta jeans garestien inguruko jakinduria pikutara joan da.

2. Baina Levi's-ak salerosten dira oraindik. Jeans gutxiago saltzen dira garai batean baino. Joera batez ere AEBetan antzeman da, 90eko urteez geroztik.

3. Jeansak ez daude modan? Ez daude horren modan. Azken urteetako moda joerak, gainera, jeansekin kontrajarriak izan dira, batez ere emakumeen artean.

4. Emakumeek utzi diote Levi'sak erosteari? Baita gizonezkoek ere. Jeans galtzen salmenten jaitsieraren errua athleisure moda joerari egozten zaio. Kirol arropa gero eta gehiago janzten da, material berriak, erosoagoak... Eta Levi Straussek igarri dio. «Ulertu dugu emakumeek praka elastikoak jantzita esaten zigutena», azaldu du Chip Bergh Levi Strauss konpainiaren buruak. Ulertu omen dute emakumeek dotore zein informal janzteko moduko material elastikoak nahi dituztela.

5. Eta asmatu dute? 2018an aurreko urtean baino %14 gehiago saldu du Levi'sek. Txanpa hori baliatu du 1984an utzitako burtsara itzultzeko. Hazi egin nahi du konpainiak, emakumeen artean, sareko salmentetan eta garabidean diren herrialdeetan. Eta xede horretarako, Bergh-ek Levi'sak garbitzeko moduei buruzko mitoekin jarraitzen du, galtza soilak direnak harribitxiak balira bezala tratatu behar direla iradokiz.

6. Baina nola demontre garbitu behar dira, orduan, Levi's galtzak? Berghen aholkuetako asko ezagunak egingo zaizkie gaur egun 40-50 urte dituztenei: Hondatu nahi ez badituzu, Levi's-ak ez dira garbigailuan sartu behar; ez zaie leungarririk bota behar; ez dira lehorgailuan sartu behar, eta ez dira lisatu behar. «Mantxa bat badute, bakarrik mantxa garbitu beharko litzateke; hori egiten dut nik. Oso zikinak badaude, aukera bat da ur hotzetan eskuz garbitzea. Edo haiek jantzita dutxan sartu eta bustitzea. Hala ere, gorputzaren forma har dezaten onena ez garbitzea da», dio Berghek.

7. Milurtekoaren bukaerako urteak ez ziren errazak izan, ezta? ...Gazte ginen gazte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.