BAKARRIZKETA

Hartu zure bitcoina, eta ospa

JUSTIN LANE / EFE.
jokin sagarzazu
2021eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Aste honetan Turkian gertatutako iruzurrak agerian utzi ditu, berriz ere, bitcoinaren edo kriptodiruaren arriskuak.
1. Lehen, bankuetako lapurrek diru poltsak eskuetan zituztela alde egiten zuten; orain, bitcoinekin? Ezin da esan Turkiako iruzurgileak bankuei lapurreta egin dienik, ezta bitcoinekin alde egin duenik ere. Thodex dibisa digitalen trukerako plataformako buruak 300.000 inbertitzaile utzi ditu esku hutsik, eta diru freskoarekin joan da herrialdetik, bezeroen 1.700 milioi dolarrekin. Ez Turkiako lirarik, ez dolarrik, ez bitcoinik, ezer ez du utzi plataformaren kontuetan: lapurrak dena eraman du berekin.
2. Kriptodibisekin loturiko halako iruzur kasuak ere entzun dira aurretik. Bai, iruzur piramidalak eta gisakoak. Dena den, Turkiakoak baditu bereizgarri batzuk. Azken urteetan bitcoinak sekulako arrakasta izan du herrialde horretan, eta diru trukerako plataforma ugari sortu dira. Zergatik gertatu da hori? 2018tik, Turkiako monetak (lirak) balioaren %55 galdu du, eta inflazioak izugarri egin du gora herrialdean. Gobernuak kanpoko dibisak erosteko zergak handitu ditu bere dirua gehiago debaluatu ez dadin, eta turkiar asko kriptodibisei erreparatzen hasi dira balio seguru gisa eta erosteko ahalmena ez galtzeko.
3. Eta halako egoeren aurrean iruzurgileak beti daude adi, ezta? Bitcoinen kasuan, jendeak ez daki zehazki zertan inbertitzen duen, horren oinarrian benetan zer dagoen, baina, beste gauza askorekin gertatzen den moduan, artalde jokaera irrazional eta, aldi berean, gizatiarra nagusitzen da. Turkian gertatu da, baina beste edonon gerta zitekeen.
4. Eragina Turkiatik kanpo ere nabaritu da, hala ere. Bai, beldurrak ez du mugarik, ekonomia globalak ez duen bezala.
5. Baina hori burtsako edozein aktiborekin gerta daiteke. Bai, baina bitcoina berezia da. Zer balio du? Bada, salerosleek ematen diotena. Erosle gehiago, balio handiagoa; erosle gutxiago, balio txikiagoa. Horregatik badago esaten duenik bitcoina edo kriptodibisaren funtzionamenduaren oinarrian iruzur piramidal bat dagoela. Turkiakoaren moduko iruzurrak izaten direnean, aldendu egiten dira bezeroak. Azken egunetan %20 inguru erori da diru mota horren balioa, horregatik eta Joe Bidenek iragarritako kapital irabazien gaineko zerga berriarengatik.
6. Baina bitcoina ez al zen salerosketarako asmatu? Oraindik oso gutxi erabiltzen da diru arruntaren gisa: inbertsiorako erabiltzen da, bereziki. Munduan gehien kapitalizatzen duen zazpigarren aktiboa da gaur egun, Amazon eta Googleren atzetik. Eta pandemiarekin izugarri hazi da bere balioa. Baina oso ezegonkorra da, eta ez dago ezer fisikoari lotuta.
7. Baina ez dute esaten urre berria dela? Badu antza: urrea bezala, mugatua da bitcoinen kopurua. Algoritmoak hala erabakita, 21 milioi bitcoin izan daitezke gehienez zirkulazioan. Banku zentralen kontrolik gabeko dirua denez, gainera, diru politiken mendekotasunik gabekoa da. Baina funtzionamenduagatik oso espekulatiboa da, eta hori arautzeko beharra ikusten dute banku zentralek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.