BAKARRIZKETA

Deutsche Banki auzi eskea jarri dio Trumpek, kontuak ez ezagutarazteko

ARMANDO BABANI / EFE.
Jon Fernandez.
2019ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
1. Sastadak goi mailako politikarien eta bankurik handien artean? Uste nuen laztanak ohikoagoak zirela horien artean. Oraingo sastadak iraganeko laztanen ajeak baino ez dira. Hain zuzen ere, laztanak eta mesedeak ezkutatzeko azken ahaleginak dira horrelako sastadak.

2. Argiago kontatzen ez badidazu... Demokratek AEBetako Ordezkarien Ganberako gehiengoa lortu zuten urtarrilean, eta, harrezkero, ganberaren legezko tresna guztiak baliatzen ari dira Donald Trumpen ustezko ustelkeria azaleratzeko. Uste dute ezagutaraz daitekeena eskandalagarria izan daitekeela, Trump hari batean uzteko modukoa.

3. Eskandalagarria? Zer dauka ezkutatzeko ba Trumpek Alemaniako bankuan? Zikinkeria asko, antza denez. Ordezkarien Ganberako Inteligentzia eta Finantza Zerbitzuetako Batzordeak Deutsche Banki galdegin dio Trumpekin azken hamarkadetan izandako finantza harremanei buruzko datuak emateko. Baina presidentea eginahalak egiten ari da bere historia finantzarioa ezagutaraz ez dadin: Alemaniako bankuari jarritako demanda da azken ahalegina.

4. Nahikoa da berori... Ez daukazu xehetasun gehiago eman beharrik. Argi dago badaukala zeozer ezkutatzeko. Utz iezadazu kontatzen. Irakurri dudanez, Trumpek bankuekin izandako harremanak thriller baterako ematen du.

5. Trump erakusten ari den beldurragatik, baita Etxe Zuriko giltzak galtzeko ere. Tira, konta iezadazu. Higiezinen magnateak hainbat bankarrot kateatu zituen, eta AEBetako bankuek ateak itxi zizkioten 1990eko hamarkada hasieran. Ez omen zen fidatzekoa, ez zuelako maileguetako dirua bueltatzen. Trumpek ia 1.000 milioi dolarreko zorra pilatu zuen haiekin. Harrezkero, atzerrian bilatu zituen bere negozioetarako inbertitzaileak eta maileguak eskatzeko bankuak. Reutersen 2017ko txosten batek iradokitakoaren arabera, Errusiako oligarkek dirutzak inbertitu zituzten magnatearen proiektuetan, eta zantzuak omen daude ez ote zituzten Trumpen negozioak erabiltzen diru beltza zuritzeko. Ezetz asmatu zein banku hasi zitzaion maileguak ematen 1990eko hamarkadan?

6. Arriskatuko naiz, ba; ea asmatzen dudan: D letrarekin hasten da, eta K-rekin amaitu, eta joan den astean bertan behera utzi zuen Commerzbankekin egitekoa zen fusioa. Dra! Zelan asmatu duzu?

7. Intuzio hutsa izan da. Badirudi Alemaniako bankuak ez zuela hain intuizio ona eduki Trumpekin, AEBetako bankuak harekin fidatzen ez baziren ere, Deutsche Bankek milaka milioi dolarren maileguak eman baitzizkion; prest zegoen arriskatzeko, bankuaren inbertsioen negozioa handitzeko AEBetan.

8. Begi ona Deutsche Bankekoek; Kapitolioan kontuak ematen amaitu dute azkenean. Bankua prest agertu da ganberarekin lankidetzan aritzeko. Baina ikusi beharko da ea Trumpen auzi eskeak aurrera egiten duen. Presidenteak dio pribatutasuna urratzea dela bankuaren eta bere arteko finantza harremana ezagutaraztea. Demokraten ustez, interes publikokoa da argitzea presidenteak negozio ilunak izan dituen ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.