BAKARRIZKETA

Bankariak, espioiak, eta Zurich lakua

Tidjane Thiam, Credit Suisseko buruzagi exekutiboa. ENNIO LEANZA / EFE.
Irune Lasa.
2019ko urriaren 6a
00:00
Entzun
1. Suitzan ez da inoiz ezer gertatzen. Aste honetan, Suitzako bi bankurk handienetako bateko presidenteak agerraldia egin du, eta aitortu du bankua arduradun ohi bat espiatzen jardun dela, bankuko buruzagietako bat eta segurtasun burua kaleratu egin dituztela, eta aholkulari batek bere buruaz beste egin duela.

2. Villarejo? BBVA? Ez, ez. Espioitza eskandalu hau Credit Suissena da.

3. Bai zaletasun xelebreak dituztela bankari batzuek. Nor espiatu dute oraingoan? Credit Suisseko arduradun ohi bat; aberatsen ondareen negozioko burua izandakoa uztailera arte: Iqbal Khan. Joan den irailaren 17an, Khan Zurichen zebilen, eta jabetu zen auto bat jarraika zuela. Azkenean, Suitzako Banku Nazionalaren parean, «Polizia!» oihuka, Khan autotik jaitsi zen, eta argazkiak atera zizkien autoari eta barnean zihoazenei. Poliziaren arabera, autoa Investigo detektibe agentziarena zen.

4. Eta haiek kontratatu zituena... Credit Suissek egindako barne ikerketa baten arabera, Pierre-Olivier Bouee bankuko eragiketaburuak bere kabuz erabaki zuen Khan espiatzea. Remo Boccali segurtasun buruak lagundu zion detektibe agentzia topatzen —biak kaleratu ditu Credit Suissek—. Bitartekari izan zuten segurtasun pribatuko aholkulari bat, zeinak bere buruaz beste egin duen.

5. Zergatik espiatzen zuten Khan? Credit Suisseren arabera, Boueek ikertu nahi zuen ea Khanek bankuaren informazioa eta bezeroak lapurtu zituen, urriaren 1ean Suitzako beste banku handian, UBSn hasi behar baitzuen lanean. Baina...

6. Baina? Baina beste iturri batzuen arabera, Bouee, ezer baino gehiago, arrain handiago baten lotinanta zen Credit Suissen, Tidjane Thiam buruzagi exekutiboaren albokoa, praktikoki. Bankuak ukatu egin du Thiamek espioitzan parte hartu duela. Baina Khanen eta eta Thiamen arteko ezinikusia ezaguna da Zurichen; batez ere, joan den urtarrilean biak muturka bukatu zutenetik Thiamek berak, bere etxean bankuko buruzagientzat egindako festan. Azkenean, Urs Rohner Credit Suisseko presidenteak Khani baimena eman zion uztailean bankua uzteko, eta sei hilabetetik hirura murriztu zion beste nonbait lan egitea eragozten zion klausula.

7. Elkar joka festa batean? Bai zaletasun xelebreak dituztela bankari batzuek. Zergatik ibili ziren muturka? Zuhaitz batzuengatik.

8. Zuhaitzak? Duela bizpahiru urte Khanek Thiamen aldameneko etxea erosi zuen Herrlibergen, Zurich lakuaren urrezko kostan. Bi urtez egin zituen obrak Khanek, goizetan eta asteburuetan zaratak eraginez, auzoaren haserrerako. Dena den, gauzak baretu nahian edo, Thiamek etxeko festara gonbidatu zuen lankidea. Baina gau hartan, Khanek Thiamen neska lagunari kargu hartu zion, Zurich lakuaren ikuspegia galarazten zioten zuhaitz batzuek landatu omen zituen lorategian. Eta bi bankariek muturka bukatu zuten.

9. Auzoen arteko ezinikusi bat; hori zen? Ikusten, Suitzan ez da inoiz ganorazko ezer gertatzen. Edo hori sinetsarazi nahi dute Suitzako bankariek.

10. Dena den, espioitza izan edo auzo borroka, berdin dio; aberatsek jende horren esku uzten dute euren dirua? Bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.