BAKARRIZKETA

Pobreentzako dirua, paradisu fiskaletara

STEPHANIE LECOCQ / EFE.
jokin sagarzazu
2020ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
1. Azkenaldian politikari batzuen azalpenak entzunda, berriz ere sortu zait zalantza hau: ardura kargu batzuetarako ez ote diren hobeak gai jakinetan adituak diren pertsona independenteak politikari profesionalak baino. Aspaldiko eztabaida da hori, eta nik ere ez dut argi. Baliteke hasieran erakundeei eta politikagintzari oro har mesede egitea halakoen parte hartzeak, baina egia da, halaber, gatazkatsua izaten dela harremana, zail izaten dutela intelektualek independentzia mantentzea eta politikagintzaren logikan ez erortzea. Denetarik dago, halere.

2. Jarriko zenidake adibiderik? Ezagutzen duzu Penny Goldberg Munduko Bankuko ekonomistaren kasua?

3. Ez. Urrun geratzen zait instituzio hori, eta ez naiz fidatzen. Bada, ez gehiegi fidatu, Goldbergen dimisioaren atzean egon daitekeenari kasu egiten badiozu bederen.

4. Nor da Goldberg? Yaleko Unibertsitateko irakasle bat. Asko ikertu du herri pobreetan globalizazioak zer eragin duen, eta esan daiteke jarrera kritikoa duela. Neurri batean, harrigarria da bera bezalako pertsona bat Munduko Bankua bezalako instituzio batean, baina gertatzen da. Joseph Stiglitz, gogoratzen? Kargu bera izan zuen, eta hark ere dimititu zuen, 2000. urtean. Etsai asko zituen erakundean. Urtebetera, Nobel Saria eman zioten.

5. Eta zergatik dimititu du Goldbergek? Bertsio ofizialik ez dago. Zarata atera gabe alde egin zuen iazko martxoan. Baina The Economist astekariak argitaratu berri duenez, Munduko Bankuak agindutako ikerketa bat dago atzean. Baina horren emaitzak ere ez dituzte ezagutarazi.

6. Eta zer dio ikerketa horrek? Betiere The Economist-en arabera, funtsean, herri txiroentzako eta garapen bidean direnentzako Munduko Bankuaren funtsen zati handi bat herrialde horietako eliteen eskuetan geratzen dela, eta diru hori, azkenean, paradisu fiskaletara eramaten dute.

7. Helburu hori zuten ikertzaileek? Ez preseski. Ikertu nahi zuten 1990-2010. urteen artean laguntzen beharrik handiena zuten 22 herrialdeen diru fluxuak nora joaten ziren azkenean, zein beste herrialdetara. Eta hara sorpresa! Ondorioztatu dute bereziki paradisuetako bankuetan egon daitezkeela, petrolioaren aberatsen irabaziekin batera.

8. Baina horrek, berez, ez du erakusten aberatsen eskuetan geratzen direla. Ados. Gainera, paradisuetako bankuek asko zaintzen dituzte euren bezeroen datu pertsonalak. Baina Munduko Bankuak zantzu susmagarri batzuk topatu ditu.

9. Zein? Herrialde txiro horietako batek bere BPGaren %1aren pareko laguntza jasotzen duenean, hango aberatsek paradisuetan dituzten gordailuak %3 baino gehiago handitzen direla, laguntzarik jasotzen ez duen herrialdeekin alderatuta. Aldiz, paradisuetan dauden gordailuetan ez da igoerarik nabaritzen. Gainera, fluxu horiek gertatzen dira, hain justu, Munduko Bankuaren laguntzak jasotzearekin batera. Horrek esan nahiko luke laguntzaren %7,5 inguru iragazten dutela.

10. Izugarria da! Dena den, zaila zait ulertzea zergatik dimititu duen Goldbergek. Baita niri ere. Izan daiteke Munduko Bankuaren eraginkortasunik ezarekin kritikoa delako, presioengatik, ala bere burua eta instituzioarena babesteko. Zeinek daki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.