BAKARRIZKETA

Azukrea, plastikoa eta XXI. mendeko beste pandemia batzuk

WILL OLIVER / EFE.
jokin sagarzazu
2020ko urriaren 18a
00:00
Entzun

Osasuna ala ekonomia. Osasuna eta ekonomia. Garaiotako eztabaida nagusietako bati beste elementu bat gehitu dio Espainiako Gobernuak asteon. Azukreak eta edulkoratzaileak —zero, light eta gisakoak— dituzten freskagarrien BEZa igo nahi du, edari horien kontsumoa murrizteko, azaldu duenez, XXI. mendeko beste pandemia bati —obesitateari— aurre egiteko. Erabaki horrek, gainera, badu beste xede bat: kontsumo masiboa duten produktu horien bidez administrazioen diru sarrerak gehitzea. Asteon Madrilek Bruselara bidali duen aurrekontu egitasmoan jaso du neurria, beste hiru zerga berrirekin batera: plastiko ez-berrerabilgarriarena, eta orain gutxi onartu dituen Google eta Tobin tasak.

 

1. Zenbateko igoera izango dute freskagarriek? Egun, BEZ murriztua dute (%10), eta Espainiako Gobernuak BEZ arrunta ezarri nahi die: %21. Funtsean, nazioarteko erakundeen eskaera beteko du, Europako herrialde gehienetan %19-21eko zerga baitute edari horiek, edo tasa berezi bat —Frantziak eta Kataluniak, esaterako—. Hego Euskal Herrian bildutakoaren parte bat, itundutakoa, bertako administrazioen esku geratuko da, gainerako BEZekin bezala.

2. Sarean zabaltzen ari dira taberna batean 2,5 euroko kostua duen freskagarri batek 2,75 euro balioko duela. BEZa zeharkako zerga bat izanik, badu logika hori esateak, baina ez du zertan hala izan, eta neurriaren kontra daudenen mezu interesatu bat ere bada. Igoeraren parte bat produktoreek eta saltzaileek ere har dezakete, BEZa igota ere etekin handiko produktuak izango baitira. Edari alkoholdunen kasuan, adibidez, %42 dira zergak (BEZa eta beste batzuk); tabakoarenean, %80.

3. Nor dago alde eta nor kontra? Helburua da osasunaren mesedetan edari horien kontsumoa gutxitzea, eta ikerketek diote hala gertatzen dela oro har, baina azterketa batzuek erakutsi dute ez hori ez dela hain modu nabarmenean gertatzen, besteak beste produktu horiek eskuragarriago daudelako, osasungarriagoen alboan. Kontsumitzaileen elkarte batzuek uste dute bigarren horien BEZa ere jaitsi beharko litzatekeela. Edari freskagarrien produktoreentzat, berriz, «ideologikoa» da erabakia, eta ohartarazi dute ostalariei egingo diela kalterik handiena.

4. BEZa igotzea beti izaten da eztabaida politikorako iturri: oraingo honetan ere bai? Ez dirudi hala izango denik, zeharka bada ere Europak inposatutako erabakia da eta. Gobernuaren asmoa da aurrekontuen negoziazioarekin batera adostea —urte hasierarako—. Euskal alderdiek ere ez dute trabarik jarriko, erantzukizuna ez baita bertako erakundeena izango —BEZaren kasuan, inoiz ez—. Hori bai, etekina aterako diote. Euskal ogasunek bazuten aukera tasa berezi bat ezartzeko, 2017an Kataluniak egin zuen bezala, baina uko egin zioten, diru gutxi bilduko zutela argudiatuta. PPko Cristobal Montoro saiatu zen zerga igotzen, baina atzera egin zuen, erremolatxa eta azukre ekoizleen presioagatik.

5. Plastikoak ere zergapetuko ditu Madrilek. Bai. Hori ere Europak eskatuta, eta ingurumen politikek baldintzatuta. Berrerabilgarriak ez diren ontziak fabrikatzeagatik eta inportatzeagatik, 0,45 euro kilogramoko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.