BAKARRIZKETA

McDonaldsen zabor zergak

MAXIM SHIPENKOV / EFE.
jokin sagarzazu
2022ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Aste honetan jakin da «hanburgesen erregeak» 1.245 milioi euroko isuna ordainduko duela Frantzian: 737 milioi 2009 eta 2020 artean ordaindu gabeko sozietateen gaineko zergarengatik eta 508 milioi interesengatik.

1. McDonaldsek ez du zergarik ordaintzen, ala? Halakorik ezin da esan, baina bai behar baino askoz gutxiago ordaintzen duela. Ez da ezer berria. Multinazional estatubatuar asko baliatzen dira nazioarteko itun ekonomikoez zergapetze bikoitza saihesteko eta beste ihesbide juridiko batzuk bilatzeko: Europan, adibidez, McDonaldsek eta Amazonek Luxenburgon dute egoitza fiskal nagusia, sozietateen gaineko zerga apalagoa delako han; gauza bera Applek Irlandan, Starbucksek Herbehereetan....

2. Legezkoa da hori ? McDonaldsen kasuan, 2018an, Europako Batasunak erabaki zuen baietz. Apple, hasieran, 13.000 milioi euro ordaintzera zigortu zuten, bainaEuropako Batasuneko Justizia Auzitegiak zigorra kendu zion.

3. Eta nola da posible Frantziak zigortzea? Ez du zigortu, epairik ez dagoelako. McDonaldesek akordioa egin du hango justiziarekin. Epaileek ikerketa bat abiatu zuten; haien susmoa zen AEBetako kate horrek artifizialki murriztu zituela bere etekinak, baina hori ez da frogatu. Dena den, McDonaldsek akusazioa ukatu badu ere, ordaindu egingo du. Horrekin, onartu egin du zeozer irregularra egin zuela. Eta baliteke akordioarekin benetan ordaindu beharko lukeen baino gutxiago ordaintzea.

4. Toki guztietan egonda, harritzekoa da ia zergarik ez ordaintzea.Ingeniaritza fiskala esaten zaio horri. Nagusiki mekanismo bat erabiltzen du McDonaldsek: ez ditu bere produktuak zuzenean Europan saltzen, frankizien eredua erabiltzen du, eta negozio horien jabeak dira nagusiki sozietate zerga ordaintzen dutenak. Horrela, multinazionalaren faktura fiskala modu ikusgarrian jaisten da. Ikerketen arabera, legokiokeenaren %2ordaintzen du zergetan.

5. Baina frankiziak izan arren, bera dago atzean! Bai, baina ezkutatzeko estrategia asko ditu, horietako batzuk ezezagunak, edo ikerketapean daudenak. Sozietate sare zabal bat du, irabaziak haien artean banatzeko eta lurrintzeko. Adibidez, maileguak Irlandako sozietate baten bidez ematen ditu; ekipoak eta bere produktuak saltzeko, beste sozietate batzuk ditu herrialde guztietan. Frantzian bezala Espainian ere ikertu dituzte sozietate horiek, baina 2018an, Auzitegi Nazionalak absolbitu egin zituen, ebatzita legezkoak zirela eta ez zutela iruzurrik egin.

6. Negozio eredua susmopean, baina hanburgesak ez. Hanburgesak ez dira McDonaldsen negozio nagusia. Irabazi gehienak ez datoz hortik. Haren negozioa da jabetza bat erostea, berritzea, apaintzea, alokatzea eta hornitzea lokala erosi edo frankizia gisa inbertitu nahi dutenentzat. Negozioen %95 frankiziatuak dira.

7. Azkenean hanburgesak ere ez dira bereak izango! Bai eta ez. McDonaldsek dio hanburgesen «ideia» frankiziatuei saltzen diela, ez haragia. Horrekin ere zerga asko saihesten ditu. Hanburgesarik sinpleena ekoizteak 0,27 zentimo balio du: %370eko mozkina du. Horrekin, denentzako irabazi tartea dago: ideiaren jabearentzat eta saltzailearentzat. Denak irabazle, eta zerga gutxiago ordainduta, gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.