BAKARRIZKETA

'Streaming'-ak izozturik utzi ditu bideoklubak

HBO.
xabier martin
2019ko martxoaren 31
00:00
Entzun
1. Noiz izan da bideoklub batera joan zaren azken aldia? Zer da hori?

2. Nerabe lotsagabe hori! Baina, baina... ez dakit zer den eta.

3. Filmak alokatzeko dendak, noski. Eta zertarako nahi dugu hori Netflix badago?

4. Bada, horregatik galdetzen nuen, streaming-ak desagerrarazi egin dituelako. Ez denak, ez pentsa, Oregonen (AEB) Blockbuster kate ahaltsua izan zenaren azken bideoklubak eutsi egiten dio inbaditzaileari.

5. Baina ez al duzu esan ez dakizula zer diren bideoklubak? Eta zuk sinetsi egin duzu, inuzente hori... VHS eta DVD zer diren ere badakit, baita euskarri batetik bestera pasatu zenean bideoklubek eutsi egin ziotela ere. Baina streaming plataformak iritsi zirenetik bideoklubak iraganeko kontuak dira.

6. Eta zer da Oregonen zabalik dagoen bideoklub horrena, argiuste hori? Blockbuster bideokluben konpainiarik handiena izan zen munduan 1990eko hamarkadan. 9.000 denda baino gehiago izan zituen, eta ba al dakizu zenbat gelditzen diren?

7. Bakarra esan duzu, ezta? Ez, bi geratzen dira.

8. Adarra jotzen ari zara berriro? Pixka bat... Oregongo dendaren arduradunak kontatu du Twitterren Australiako azken Blockbusterrak itxi egingo duela egun batzuk barru, eta, bai, egun gutxian bakarra izango da, baina oraindik bi dira. «Gure Blockbusterra da munduko azkena», idatzi du estatubatuarrak.

9. Eta 9.000 denda baino gehiago izan zituela esan duzu? Bai, eta horietan 84.300 langilek jarduten zuten, harik eta 2004an gain behera joan zen arte. Urte horretan merkaturatu zuten lehen smartphone-a; Youtube jaio zen, Facebook eta Twitter, eta Netflixek bazituen milioi bat bezero.

10. Eta nolatan ez zuen jakin Blockbusterrek merkatu berrian lehiatzen? Saiatu zen bideoklub bat on line jartzen, baina pare bat urte geroago Amazon video iritsi zen, eta, ordutik, streaming bidezko kontsumoa igo eta igo besterik ez da egin, eta bideoklubak eta zinema aretoak itxi eta itxi baino ez dira egin.

11. Erromantizismo guztia galdu du zinemak... Zuretzat erromantizismoa eta niretzat streaming plataformen erosotasuna. Ikusiko dugu etxean zeinen erromantiko jartzen zaren Games of Thrones-en azken denboraldia hasten denean hamabost egun barru.

12. Albiste txarrak dauzkat zuretzat... Zer?

13. HBO go plataforman emango dute, eta ez Netflixen. Hurrengo batean hobeto aukeratu zuk eta zure lagunak, kar-kar-kar... Tira, hori ez da izango arazo handia nerabe azkarrontzat. Berdin zaigu HBO go, Netflix, Amazon Prime Video edota serieen negozioaren gurdira igo nahi duen azkena:Apple Tv+. Guk badakigu mugitzen sarean. Zuk ere bai...? Kar-kar-kar.

13. Ez dut beharrik ere, zu nire etxean bizi zaren bitartean... Ongi da, amore ematen dut: nahi dituzun serie guztiak jarriko dizkizut ikusgai, baina zuk ez utzi Netflixen kuota pagatzeari, e?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.