BAKARRIZKETA

Libra, eta nola aliatuek bizkarra eman dioten

MICHAEL REYNOLDS/ EFE.
Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Nazioarteko diru merkatua aldatzera datorren proiektua da Libra, Facebook konpainia erraldoiaren kriptodirua. Hasierako 27 aliatuetatik zazpik alde egin dute azken asteotan, eta Mark Zuckerbergen proiektuak hasieran zuen asmoa aldatu behar izan du.

1. Zein dira proiektutik alde egin duten enpresak? Ekainean jakinarazi zuen Facebookek kriptodiru propioa sortzeko asmoa zuela. Norbanakoen arteko diru truke eta erosketetan erabiltzeko dirua izango da, eta Whatsapp eta Messenger-en integratuta egongo litzateke. Hori errealitate izateko pisuzko aliatuak aurkeztu zituen, proiektuari sinesgarritasuna emango ziotenak. Urrian, hala ere, Mastercard, Visa, eBay, Paypal, Mercado Pago, Booking Holdings eta Stripek egitasmoa baztertu dute.

2. Kriptodiru bat sortzeko pisuzko aliatuak galdu dituela bistan geratu da, bai. Zazpi horietatik bostek, gainera, aldi berean jakinarazi zuten Libraren proiektua utziko zutela. Facebookek bultzatu duen kriptodiruak erregulazio aldetik zalantza eta kritika asko sortu dituelako hartu dute erabaki hori.

3. Adibidez? Uztailean bertan, esaterako, AEBetako Erreserba Federalak esana zuen Librak munduko banku eta finantza sistema zalantzan jar dezakeela. Donald Trump AEBetako presidenteak ere Twitter bidez esan zuen Librak «garrantzi eta fidagarritasun gutxi» zeukala. AEBetako bi senatari demokratek, berriz, Mastercard, Visa eta Striperi gutun bana bidali zieten proiektuak sor zitzakeen arriskuez ohartaraziz.

4. Tira, horrelako testuinguru batean zalantzak sortzea normala ere bada. Hale ere, egitasmoak aurrera jarraituko du? David Marcus da Libra proiektuaren arduradun nagusia, eta hark argi utzi nahi izan zuen ez zutela kriptodiruaren proiektua martxan jarriko sortzen dituen erregulazio zalantza horiek guztiak uxatu artean.

5. Ez dirudi, ordea, zalantza horiek argitzea lortu dutenik. Ez, baina hasierako asmoa aldatuko duela esan berri dute. Diru global bat izateko asmoa azaldu zuten ekainean, baina proiektuak eragin dituen zalantzak hedatu eta gero, Marcusek esan berri du Libra herrialde bakoitzeko dibisetara egokituko dela.

6. Horrek eragin dezake kriptodiruaren proiektua alboratu duten konpainiak berriz ere Librara bueltatzea? Hori ikusi beharko da, baina Libratik alde egiteko emandako arrazoien artean konpainia askok diote proiektuari gertutik erreparatuko diotela, eta erregulazioaren inguruko zalantzak argituz gero bertara itzultzeko jarrera eduki dezaketela. Hori errealitate bihurtuko den, beste kontu bat da.

7. Aurretik esan duzu galdutako pisuzko aliatu horiek sinesgarritasuna ematen ziotela proiektuari. Orain daudenen pisua halakoa da? Beste hogei konpainiaren babesa dauka Librak, eta tartean daude Uber, Vodafone eta Spotify. Hala ere, finantza aldetik sinesgarritasuna ematen zioten Visa, Mastercard eta Paypal enpresek, eta haiek galdu izana kolpe handia izan da proiektuarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.