BAKARRIZKETA

'Hemls-Burton legea' indarrean sartu zela 25 urte dira asteon

BERRIA.
xabier martin
2021eko martxoaren 14a
00:00
Entzun
1. Zein da Kubarentzat kalte historikoa ekarri duen abizen bikoitz horren jatorria? AEBetako senatari biri erreparatzen die, Jesse Helms errepublikanoari eta Dan Burton demokratari. Berez, Askatasunaren Legea da Kubaren enbargoan beste maila bat igo zuen neurria, baina legea sustatu zuten senatari bien izenak geratu dira historiarako.

2. Eta zergatik ari gara hau gogoratzen orain? Bill Clinton presidenteak Helms-Burton legea sinatu zuela 25 urte bete direlako, ostiralean, eta Kuban ondo gogoan dutelako urteurren hori. Miguel Diez-Canel presidenteak Kubako gobernu iraultzailearen ikuspegia gogoratu du asteon: «Legearen kontrako munstro bat da, kolonia izatera itzuli nahi gaituena, esklabo izatera. Inboluzio bat historian».

3. Hainbesterako al da uharteari egin dion kaltea? Habanak berak kalkulatu du enbargoak, indarrean denetik, zenbateko kalte ekonomikoa eragin dion, ez bakarrik Helms-Burton legeak. Habanak dio 2019. eta 2020. urteen artean 5.000 milioi dolarretik gorako kaltea ekarri diola: 4.183 milioi euro gutxi gorabehera. Baina kontuan hartu behar da Helms-Burtonen aurretik indarrean zegoela enbargoa bera, 1962. urtean John F. Kennedyk onartu zuenetik, eta Habanak kopuru bat finkatu du ordutik Kubak jasotako kalte ekonomikoa zehazteko: 144.413 milioi dolar (120.807 milioi euro).

4. Zer dio Helms-Burton legeak? Lau ardatz ditu, eta denak helburu bera lortzeko pentsatuak. Labur esanda, Kubarekin harreman komertzialak izateko debekua ezartzen die AEBetako enpresei, eta AEBetan negozioak egiten dituzten atzerriko enpresek ere arazoak izan ditzakete Karibeko uhartean negozioak egiten badituzte. 1962an indarrean jarri zuten enbargoari lege egitura ematen dio, alegia, betiere Kuban sistema aldaketa bat gerta dadin. 1959an, iraultzak garaitu zuenetik, Alderdi Komunistak gobernatu du han, Fidel Castro zenaren (1926-2016) gidaritzapean urte gehien-gehienetan.

5. Baina, legeak lege, Habanak eta Washingtonek harremanak onbideratzeko aroak ere izan dira, ezta? Batez ere Barack Obama presidentearekin (2009-2017). Kubako Desizozte gisa (Cuban Thaw) ezagutu zen prozesua 2014an abiatu zen, eta Barack Obama Kuban bisita ofiziala egindako AEBetako lehen presidentea bihurtu zen 2016an. Urtebete geroago bukatu zen aro hori, Donald Trump Etxe Zurira iritsi zenean.

6. Zer egin zuen eskuin muturreko agintariak? AEBak eta Kuba lotzen zituzten hegaldi ia guztiak debekatu zituen, eta, Kubaren aurkako bere politika inorena baino gogorragoa zela garbi uzteko, beste maila batera igo zuen Helms-Burton legea. 1996an jasotako lau ataletatik bi indarrean sartu gabe geratu ziren, eta Trumpek indarrean jarri zituen biak. Haien arabera, estatubatuarrek eskubidea dute auzitara jotzeko edozein enpresaren aurka, bereak edo beren familiarenak izandako jabetza kubatarrekin negozioak eginez gero. Beraz 1959. urtean Kubako gobernu iraultzaileak konfiskatutako jabetzei erreparatzen diete atal horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.