Rikardo Barkala. Athleticeko presidentegaia

«Ez daukat anbizio pertsonalik»

Iraia Iturregi eta Ainhoa Tirapu emakumezkoen talderako eta Ramon Planes Lezama zuzentzeko dira Rikardo Barkalaren apustuak. Gizonezkoen entrenatzailea ere lotuta dauka.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
haritz gallastegi
Bilbo
2022ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Rikardo Barkala (Portugalete, Bizkaia, 1955) izan zen Athleticeko presidente izateko hautagaitza aurkezteko pausoa eman zuen lehena. Aurrez zuzendaritzan ibilitako da, eta eskarmentu handiko taldea osatu du.

Zein da Rikardo Barkala?

67 urte ditut. Merkataritza ontzien kapitaina naiz. Hamaika urtez aritu nintzen itsasoan lanean. Gogorra bezain ederra izan zen. Nire izaera moldatu zuen. Ordutik eskarmentu dezente pilatutakoa naiz. Kargu asko izan ditut, gehienak erakunde publikoetan. Egun, Bilboko Portuko presidentea naiz. Bestalde, hiru alaba ditut, eta 46 urte ezkonduta egon ostean, iaz Garbiñe bidelaguna galdu nuen. COVIDak eraman zuen. Hutsune handia utzi dit, baina aurrera egin behar da.

Zergatik gura duzu Athleticeko presidentea izan?

Ardura postuetan bildu dudan eskarmentua baliagarria izan daiteke futbolean gertatzen ari diren aldaketa eta erronkei aurre egiteko. Enpresen kudeaketan gaitasun handia duen taldea dut. Athleticen alde lan egiteko gogoak eraman gaitu pausoa ematera.

Athleticeko presidenteak ez dauka soldatarik, bere ondasunak arriskuan jartzen ditu, buruko min handiak izaten ditu... eta, hala ere, asko dira Ibaiganera iritsi gura duten bazkideak. Zer dago horren atzean?

Garai onean harrapatzen nauen erronka da. Arlo profesionalean bide luzea egin dut; ez daukat aparteko premiarik. Horretaz gain, ikusten dut sasoian nagoela. Egunero joaten naiz gimnasiora, eta buruz ere indartsu ikusten dut neure burua. Garai aproposa da nire denbora Athletici eskaintzeko.

Zer premia du Athleticek?

Bere-bereak dituen sustraiak abiapuntu izanda, garai berrietara egokitu behar du. Modernizatu egin behar dugu kluba. Gure indarguneak garatu behar ditugu, baina klubak ez dauka iraultza edo esperimentu beharrik.

Klubak ez duela iraultzarik behar diozunean, Jon Uriarteren proiektua izan duzu buruan?

Ez. Ni ezagutzen nauenak badaki ez naizela nire aurkariez gaizki esaka ariko. Hiru hautagaiok gura dugu onena Athleticentzat. Klubaren kudeaketa ulertzeko era ezberdinak ditugu, baina ez dut eurekin lehia pertsonaletan sartzeko asmorik. Nire proiektua garatzea dut lehentasun.

Zer dauka zure hautagaitzak beste biek ez daukatena?

Nik ez daukat anbizio pertsonalik. Arlo profesionalean egin beharreko guztia egin dut. Gainera, lantalde bikaina osatu dugu. Iñaki Aretxabaletarekin daukagun lehia tradizionala da, eta Jon Uriarteren estrategia ezberdina da. Ezin dugu irabazteko anbizioa galdu.

Beste hautagaietako batekin bat egiteko aukera sortzen bada, prest egongo zinateke?

Behin baino gehiagotan pentsatu dut, baina zaila izango da. Azken finean, hautagaitza bakoitzak bere lantaldea osatu du. Jende askoren konpromisoa daukagu.

Garbia izaten ari al da Athleticeko presidente izateko lehia?

Politikan aritutakoa naiz, eta neurri batean lehia hauetara ohituta nago. Hala ere, kritika batzuk mingarriak izan dira. Beste bi hautagaiekin hitz egin dut, eta argi esan diet ez naizela trapu zaharrak azaleratzen hasiko. Bazkidea gure proiektua onena dela konbentzituta irabazi gura dut.

EAJren hautagai ofiziala zarela aurpegiratu dizute.

Besteei etiketak jartzea erraza da. Gainera, ez da egia. Nik ez diot EAJko inori entzun bere hautagaia naizela esaten. Denok dituguetiketak, denok. Intentzio txarrarekin botatako argudio sinpleak dira. Ez dauka ez buru ez hanka.

Kirol arloan zein ekonomikoan ezin da iraultzarik egin. Zer aldatu eta berritu daiteke?

Kirol arloan belaunaldi berriak kudeatzen jakingo duten arduradunak aukeratzen asmatu behar dugu. Halaber, futbolaren teknifikazioan garatzeko erremintak jarri behar ditugu. Horrez gain, ezinbestekoa da Lezamarako iraupen luzeko proiektu baterako oinarri sendoak jartzea. Harrobiko lana hauteskunde kanpainan eztabaidagai izatea kaltegarria da. Arlo ekonomikoan kirol emaitzei lotu bako diru sarrerak eskuratzeari jarriko diogu azpimarra. Klub ezberdina izateari etekina atera behar diogu.

Ramon Planes da zuen apustua kirol zuzendari kargua hartzeko. Zer emango dio Athletici?

Goi mailako profesionala da. Talentua aurkitu eta garatzen espezialista da. Harrobiko lana maite du, Lezama oso ondo ezagutzen du. Proiektuan sinesten du. Harentzat ametsa da Athleticen lan egitea. Beste klub batzuen eskaintzari uko egin dio. Martxotik ari gara elkarlanean.

Entrenatzailea lotu duzue?

Futbolean gauzak asko aldatzen dira denbora gutxian, baina akordioa daukagu teknikari batekin. Laster jakingo duzu.

Bilbon ezaguna al da entrenatzaile hori?

Futbol munduan ia denok ezagutzen dugu elkar.

Athletici urtero Europarako sailkatzeko edo lehia horretan egoteko eskatzea ez al da gehiegi?

Ezin dugu etsi. Talde irabazlea izan behar dugu. Ondo lan egiten badugu, talentua sortzeko kapaz gara. Borroka horretan egoteko eskatu behar zaio taldeari. Bestalde, beharrezkoa da arlo ekonomikoan bideragarri izatea. Diru sarrerak asko handitzen dira, eta leku askotan ezagunak izateko erakusleiho egokia da. Klub erakargarria izan behar dugu inbertitu gura duten marka guztientzat.

Etxean ez dagoena ekartzeko 30 eta 40 milioi gastatzearen aldekoa zara?

Aztertu egin beharko litzateke: taldeak dituen premiak, jokalariaren maila, fitxaketaren kostua, jokalariaren gogoa eta balioak... Hori aintzat hartu eta interesgarria baldin bada, inbertsio handi bat egiteko aukera legoke.

Kanpaina honetan ez dago filosofiaren gaineko eztabaidarik. Hura aldatzeko proposamenak botoak kenduko lizkizueke.

Kuadrilla guztietan dago filosofia aldatzearen aldekoa den bat edo beste; gurean ere bai. Baina ni ez naiz aldatzearen aldekoa. Egungo filosofiarekin lehiakorrak izaten jarrai genezake, sailkapenaren goiko postuetan egoteko aukera dugula uste baitut. Eta, gainera, bakarrak izaten jarraituko genuke. Gure filosofia gure indarra da.

Talentua bereganatzeko ahalegin berezia egin behar du klubak. Nola jokatu beste klubekin?

Athletic euskal jokalari onenak erakartzen ahalegindu behar da. Nola? Aurrez aurre joanda. Denek dakite zein den gure filosofia.

Helburuei lotutako kontratuak jartzearen alde agertu da Jon Uriarte. Jokalari onenen kasuan posible ikusten duzu?

Jokalari batzuekin beste batzuekin baino errazagoa izango litzateke. Berez, helburuei lotutako kontratuak orain ere badaude. Kontua da taldeak lortzen duenari lotutakoak direla. Jokalariak taldeak lortutako helburuen arabera saritzearen aldekoa naiz.

Iñigo Martinezen kontratua luzatzea lehentasuna da?

Goi mailako jokalaria izateaz gain, oraindik ere adin onean dago. Gure asmoa berritzea da.

Fitxaketaren bat egiteko aukera izango zenuke?

Ari gara lanean. Talde batean aparteko arrakastarik izan ez eta gurean izar izan direnak ere baditugu: Aritz Aduriz, adibidez.

Ainhoa Tirapu aukeratu duzue emakumezkoen futbolaz arduratzeko. Zergatik?

Emakumezkoen futbolean gure proposamena maila handikoa eta errepikaezina dela esan daiteke. Gure xede nagusia da emakumea protagonista izatea emakumezkoen futboleko zuzendaritzan. Horregatik, Ainhoarekin batera, haren ondokoak eta talde guztietako entrenatzaileak emakumeak izango dira. Zaila da hori topatzen egungo futbolean. Proiektu on bat daukagu, edukiz beterikoa. Iraiak [Iturregi] lehen taldea entrenatzen segitzea nahi dugu, eta Joseba Agirrek ere klubean segitzea nahi dugu, baina ez dakigu zein kargutan.

Emakumezkoen taldean ere zaila da talentuari eustea.

Bai. Emakumezkoetan ere aldaketa eta hazkunde sasoian dago futbola. Azkarrago mugitu behar dugu. Ezin dugu lo hartu.

Arlo sozialean zertan hobetuko duzue kluba?

Atlhetic bazkideena da, eta eurengandik gertuago egon behar dugu, eta partiden inguruan gauza gehiago egin behar ditugu.

Euskarak zein leku izango du?

Gure proiektuaren zutabeetako bat da. Indar handiagoa izan behar du. Klubaren egunerokoaren parte izan behar da, euskara arnastu egin behar da.

Zein mezu bidaliko zenioke Athleticeko bazkideari?

Kluba hobetuko dugun bermea eskaintzen dugu. Egoera zailetan ez dugu burua galduko. Ez dut ezkutuko helbururik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.