UDAKO SERIEA. Ibilian-ibilian, goxo-goxo, dastatu nahi? (V). Baiona eta xingarra.

Baionako xingarra, txerriaren dohaina

Aspaldikoa da Baionak eta xingarrak duten lotura hertsia; Erdi Arotik dator tradizioa. Aurten, 557. feria antolatu da Errobi ibaiaren altzoan. Baionatik urrun ez, Pierre Oteiza xerri hazlea su eta ke dabil Aldudeko ibarrean. Hura bisitatzea da asmoa ibilbideari segika. Euskal txerri arrazaren atzetik ibilita, Kintoa sor-marka eskuratu zuen Oteizak, 2016an.

Baionako xingarra, txerriaren dohaina.
Josean Gil-Garcia.
Baiona
2019ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Milaka pertsona batu ohi dira Baionako azokara Aste Santua iritsita, urtero-urtero. 200.000 lagun inguru ikusi dira aurten, herriko karriketan, aurrera eta atzera, urdaiazpikoaz eta Euskal Herriko produktuez gozatzeko irrikan. Ez da inozokerietan ibiltzeko momentua: bezero zorrotzak izaten baitira azoka gastronomikora bildutako guztiak. Lau egun irauten du Erdi Arotik datorren ospakizunak. Lehiaketak, hitzaldiak, dastatze-saioak, bisita gidatuak eta, oro har, hamaika aitzakia eskaintzen dira Errobi ibaiaren altzoan. Inork ez baitu galdu nahi azokaren inguruko xehetasunik, leku pribilegiatua hartzen dute bisitari goiztiarrek. Xingarrak jakin-mina sortzen duen seinale.

Eric Ospital, Jean Codega eta Chistian Montauzer epaimahaikideak Baionako Xingarrari eskainitako azokan asko ibiliak dira. «Begiarentzat atseginak diren kalitate handiko xingarrak aurkeztu dira aurten, eta aski kontent gara», aitortu du Montauzer adituak, xingarren inguruan 25 urte eman ostean. Xingarretan osoko jakina direnak ez ezik, turistak ere ibiltzen dira Roquebert moilan ordenatuta dauden 34 trofeoak ikusteko ahaleginetan. Kalakarien antzera, iritzia emateko beldurrik ez dago, nahiz eta jende orok dakien azken hitza epaile taldeak duela. Azoka historikoak daukan ekitaldirik zirraragarriena lehiaketarekin batera hasten da. Maila onean dago Lapurdiko feria, hogei urte bete baitira sor-marka jaio zenetik. Azokaren oihartzuna, gainera, Euskal Herriko mugetatik haratago joan da,arian-arian, eta, gaur egun, Frantziako 22 departamendutan ere ekoizten da Baionako xingarra.

Ohi den bezala, urdaiazpiko txapelduna enkantean jarri da, tribunalak azken erabakia jakinarazita. Azkenik, 557. azokaren irabazlearen izena ezagutu da. Jendetza, isil-misil. Nicolas Etxeberria saratarrak txalo zaparrada jaso du, tupustean. Biba eta ohorezko hitzak, nagusi. 17,5 kiloko pieza ederra ekarri du azokara, eta pozarren hartu du berria. Finean, plazer handia izaten da lanaren emaitza bizilagunekin partekatzea. Zapore onekoa eta etxean egindako lana dela, Sarako xingarrak interesa suspertu du apustulariengan. Tradizioak hala eskatuta, urdaiazpikoa eskuratzeko norgehiagoka hasi dira. Azkenik, Baionako auzapezak eskuratu du trofeo desiratua, 1.300 euro eskainita.

Pierre Oteizaren abeletxea

Pierre Oteiza xerri hazlea da, eta Aldude herrian bizi da. Baionako ospakizunera ez du hutsik egiten. Baionako azokara gerturatu ohi da Oteiza, betiere, Aldudeko abeletxean egindako lanaren berri ematearen kariaz. Animoso-animoso dago Baionako karpa zuriko saltegian. Film luzerik onenek hasiera sosegatua duten legez, Aldudekoa esfortzuaren bidea jorratzen hasi zen orain dela hamarkada batzuk. Nekazarien semea izaki, Paris aldera jo zuen lanbidea ikasteko. Euskal Herrira itzulita, familiaren abeletxea aurrera ateratzeko ahaleginean aritu zen. Gero, 1980ko hamarkadaren hondarrean, euskal txerria desagertzeko zorian zegoela, kosta ahala kosta berreskuratu beharra zegoen. Ibarreko lagun askoren indarra batu,eta ongi baliatu zuen tradizio luzeko animalia berpizteko.

Aldude ibarrean ez ezik, Capbretonen, Ainhoan, Donibane Lohizunen, Bordelen eta Parisen ere Oteizaren arrastoa ikus daiteke. Urdaiazpiko lehortegia muntatu ondotik, xingarraren sor-markaren atzetik ibili zen gizon saiatua. Harik eta ahaleginaren aitortzea 2016an etorri zitzaion arte: denen pozerako, Kintoa sor-marka jaio zen.

Txerrien ibilbidea

Baionan ez baita xingarrik ekoizten, Lapurditik irten, eta Nafarroa Beherera jo behar da Pierre Oteiza xerri hazlearen lana ezagutzeko. Baionatik 50 kilometrora Aldude ibarra dago: larreak, baserriak eta abeletxeak sakabanatuta dabiltza han eta hemen, paisaia pintoreskoan zehar. Baigorri herrira iritsita, hegoaldera hartu eta, Bankako behialako meategiak eta kobrea urtzeko lantegiaren aztarnak atzean utzita, Aldudera iritsiko da bisitaria.

Aldude herrian emango zaio hasiera ibilbide gidatuari. Herria zeharkatuta, Urepele aldera egin, eta Pierre Oteizaren abeletxeko aparkalekuan utzi behar da autoa. Mendian gora hasi aurretik, komeni da Oteizaren saltegian eta informaziogunean sartzea. Ibilbidearen berri izateaz gainera, abeletxeko produktuak dastatzeko aukera ere izango du txangozaleak.

Abeletxean bertan hasiko da ibilbidea. Xenda batek bazterrik bazter bideratuko ditu bisitariaren lehen urratsak. Lursailetan banaturik dauden txerrama eta haren kume ipurkolokak zokorik zoko ibiliko dira. Batzuk-batzuk etzanda egongo dira, sabela zurbilak bistan, Aldudeko paisaiaz bapo-bapo gozatzen ibiliko balira bezala. Ipurdantzari eta jostalari zenbaitzuk, ordea, zokorik zoko ibiliko dira, txerramaren pauso geldoen atzetik. Euskal txerria, baina, ez da erraz ahazten: belarri zabalak bezain luzeak erakusten ditu, begiak estaltzeraino. Orban beltzak ditu bai buruan, bai atzealdean, bai eta hanka laburretan ere. Gizentzea ez baita azkar gertatzen, ohiko txerriak baino hazkuntza motelagoa izaten du.

Aldudeko zirkuitua

Aparkalekuaren ondoko errepidea zeharkatuta, bide seinaleak gogaide —txerri txiki bat erakusten duten afixak daude—,Menddia baserri paretik igaroko da oinezkoa. Astoek atseden hartzen duten lekura helduta, bidean aurrera egin beharko da, aldatsean gora. Hegazti harrapariak ikusteko behatokira iritsiko da laster. Aire zabalera begiratzea komeni da: garaiaren arabera, belatzak, arranoak, sai arreak edota zuriak, ikusi ahalko dira. Aurrerago, hainbat txerri agertuko dira lizarrek eta urkiek mugaturiko larre zabalean. Erromesen antzera, bata bestearen atzetik ibiliko dira, hara-honaka: hazte prozesuan daudenak baino ez dira eremu horretan. Errepideari eutsirik, goratasuna hartu eta, ezkerrera bihurgunea eginda, bideak banandu egingo dira. Asfaltoa uzteko tenorea da. Ezkerretik abiatzen den basabidean aurrera egin behar da. Hurrengo bidebanatzean, langa xume bat izango da bidea oztopatzen. Alduderako itzulera egiteko bideari muzin egin, langa zeharkatu, eta belardian aurrera egin behar da talaia eder batera heltzeko xedez. Orientazio mahai bat egokitu baitute balkoi naturalean, Aldude inguratzen duten gainak eta bazterrak aurkitzeko abagune aproposa izango da.

Langa zegoen tokira itzulita, eskuinera egin, eta behera doan bideari ekingo zaio. Bide zabala amaitzean, xendari ekin, eta sigi-saga ibarrera bideari eutsi beharko zaio. Ibarrera iristean, Banka, Aldude eta Urepele lotzen zituen bide zaharrarekin bat egingo da. Ezkerrera jo eta, haritz sendoak gogaide, Aldudera iritsiko da bisitaria.

Bihar: Ibilian-ibilian, goxo-goxo, dastatu nahi? (eta VI): Plentzia eta perretxikoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.