UDAKO SERIEA. Euskal Herriko enklabe eta esklabeak (II). Trebiñu.

Eguneroko bizitza, adabakiz josita

Mapa batzuek Arabako bihotzean dagoen zulo gisa irudikatzen dute Trebiñuko barrendegia: 280 kilometro koadroko eremua, bi udalerritan banatuta, eta 3.000 bizilagun baino gehiago dituen zuloa, «borondate politikoak» egoera bideratzeko zain.

Jon Rejado.
Trebiñu
2019ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Tabernan El Diario de Burgos jasotzen zuten, baina aspaldi da ez dagoela».Adibide txiki horrekin irudikatu du Trebiñuko enklabearen egoera Juan Carlos Aguillok, Argoteko nekazariak. Hango herritarrak Arabakoak dira egunerokoan, baina Burgoskoak (Gaztela eta Leon, Espainia) juridikoki. Celia Villanueva Trebiñuko landa eremuko taxi gidariak argi hitz egin du: «Burgosekin dudan harreman bakarra administratiboa da, eta zergekin lotutakoa; hango bizitza politikoari buruz ez dut arrastorik». Villanuevak azaldu du egoera hori landa eremuak berez duen egoerari gehitzen zaiola, eta, hori kudeatzeko moduaz aritzean, «adabaki» hitza erabili du maiz.

Trebiñuko barrendegia Arabako bihotzean dagoen eremua da. 1.850 herritar inguru daude erroldatuta, ia 280 kilometro koadroko eremuan, bi udalerritan banatuta: Trebiñuko konderria eta Argantzon. Erroldatze datuek, ordea, ez dute errealitatea islatzen, Enrique Barbadillo Trebiñuko konderriko alkatearen ustez (EAJ). «Trebiñuko udalerrian 1.300 pertsona baino gehiago daude erroldatuta, baina hemen bizi direnak 3.300 inguru izango dira: erroldatutakoak baino 2.000 gehiago». Horiek guztiak Gasteizen erroldatuta daudela gaineratu du.

Horrek bigarren eragin bat duela azaldu du Maria Eugenia Galarretak, Trebiñuko bizilaguneta udaleko zinegotziak. «Trebiñun ez dago langabeziarik; egoera horretan dauden ia guztiak Gasteizen erroldatzen dira, Lanbiden izena emateko». Horren ondorioz, udalari ukatu izan diote luzaroko langabeak kontratatzeko laguntza.

Adabakiak aipatzean, errolda da Trebiñuko herritar askok baliatzen duten lehena, eguneroko bizitza errazteko. Juan Carlos Aguillok adibide bat jarri du: «Nekazarien erdiak bananduta daudela pentsa liteke», azaldu du, barrez. «Bat Trebiñun erroldatuta dago, eta beste bat Gasteizen; biak ere Gasteizen bizi dira, baina bietako batek behintzat hemen erroldatuta egon behar du, nekazaritza jardunerako laguntzak izateko, besteak beste».

Celia Villanuevak aipatu du hiriburuetan erroldatzea ohikoa dela hirien inguruko landa eremuko biztanleen artean. Ordea, nabarmendu du dena zailtzen duela bi erkidegoko administrazioen artean egoteak. Hor agertzen da Gaztela eta Leongo, Burgosko, Arabako eta EAEko administrazio publikoek egoerari aurre egiteko lortutako adabakien zerrenda.

Hezkuntzak banatuta

Abuztuan, Trebiñuko barrendegiko herri askotako kaleetan urte osoan bizi ez den giroa antzeman daiteke. Etxebizitza bat duten garai bateko bizilagunak eta haien familiak, bigarren etxea bertan dutenak... Gazte taldeak ikusi ahal dira, han-hemenka. Urte osoan ez da hain ohikoa hori ikustea, bizilagunek azaldu dutenaren arabera. Are gehiago, azaldu dute gero eta urriagoak direla enklabeko gazteek osatutako lagun taldeak. Aguillok eman du gakoetako bat: «Seme-alabek Gasteizen ikasten dute, eta han dituzte lagunak; beraz, lagunekin atera nahi dutenean, ez dira Trebiñura joaten, Gasteizera baizik, autobusa hartuta».

Azaldu dute euskara dela ikasleek Gasteizera jotzearen arrazoia. Argantzon Ikastolak euskaraz irakasten du. Ordea, Arabako eskola publikoan euskaraz ikasten dutenak bi lekutara joan daitezke: Gasteizera, Adurtza Ikastolara; edo Langraiz Okako ikastetxe publikora. Derrigorrezko ikasketak dirauten bitartean, Eusko Jaurlaritzak jartzen du garraioa. Hortik aurrera, familiek beren kabuz kudeatu behar dute seme-alabak nola garraiatu. Hor, Arabako landa eremuan ez dagoen arazo gehigarri bat agertzen da. «Dulantzin [Araba] bizi den ikasle batek garraiorako diru laguntza bat eska dezake, baina guk ezin dugu horrelakorik egin».

Trebiñuko hamar ikasletik sei inguru Arabara joaten dira, egunero, ikastetxe publiko batean euskaraz ikasi ahal izateko. Trebiñuko Udalak, Aguillo alkate eta Villanueva alkateorde zirenean, hori saihesteko bide bat bilatu zuen: Trebiñuko ikastetxe publikoan euskaraz ikasi ahal izatea eskatu zuten. Garai horretan, Bierzoko (Gaztela eta Leon, Espainia) ikastetxeetan galizieraz irakasten hasi ziren, Galiziarekin zuten gertutasunagatik. Gaztela eta Leondik ezetz esan zieten. Trebiñuko egoera «ezberdina» zela. Aukera galdua izan zela uste du Villanuevak: «Ikastetxeak komunitatea sortzeko balio du, gazteek tokiko jendearekin lotura izan dezan».

Barbadillok etorkizunerako lan ildoen artean sartu du hezkuntza. «Trebiñuko ikastetxean euskaraz irakastea lortu behar da. Lortu behar dugu eskola herri egiteko modua izatea». Celia Villanuevak gaineratu du Trebiñuko ikastetxean Lehen Hezkuntza baino ez dela ematen. Beraz, amaitzean, Mirandan (Burgos, Espainia) jarraitu behar dute. «Batzuk Gasteizera doaz, itunpekoetara, baina hirira egokitu behar dute, euskara ikasten hasi...».

Medikutik, errepideetara

Adabakiak gainontzeko zerbitzu publikoetara zabaltzen dira. Osasun zerbitzua da horietako bat. Trebiñun zein Argantzonen osasun etxea dago. Gaztela eta Leongo Juntaren ardurapean daude. Dena den, espezialista batengana jo behar izanez gero, aukera ematen diete Gasteizera edo Burgosera joateko. Aguillok adibide bat jarri du: «Bizilagun bati aldakako protesi bat jartzeko ebakuntza egin behar ziotela eta, medikuak aukera eman zion leku batera edo bestera joateko».

Villanuevak gaineratu du inon ez dagoela idatzita zerbitzu hori eman behar denik. «Osasun arreta ematen digute Gasteizen, baina ez dago inolako hitzarmenik, ez ezer». Are gehiago, anbulantzien zerbitzua garai batean bezala mantentzen da. «Txagorritxu ospitalera joan behar badut suspertze saioetara, Palentziako bat bidaltzen dute, egun horretan bertan Arabako Mendialdetik datorren bat etxe aurretik pasatu arren».

Barbadillok gogora ekarri du aurreko legegintzaldiaren amaieran zenbait hitzarmen lotu zituztela Burgosko eta Arabako diputazioek: hezkuntza, genero indarkeria, berdintasun politikak, larrialdiak, babes zibila... Edonola ere, horietan azpiegiturek baldintzatutako zailtasunak daude. Larrialdietan, kasurako, 112ra deitzen den lekuaren arabera Arabako, Burgosko edota Errioxako (Espainia) larrialdi zerbitzuko komunikazioak hartuko du deia.

Maria Eugenia Galarretak, Trebiñuko bizilagun eta udaleko zinegotziak, nabarmendu du genero indarkeriaren kontrako akordioak hutsune handiak dituela. Gogora ekarri du indarkeria matxista pairatu duen emakume bat Arabako etxe batera mugitu ahalko dela, baina soilik hilabete baterako. «Eraso matxista jasanda luzerako egoitza bat beharko banu, Burgos edo Salamancara bidaliko nindukete».

Villanuevak gaineratu du lan egitean adabaki fisikoak ere jasan behar dituela: administrazio ezberdinen ardurapean dauden errepideetan jarritakoak. Hain zuzen ere, Trebiñuko enklabea amaitzen denean, errepidearen kolorea bera aldatu egiten da. «Elurra egiten duenean, Gasteizko mendatearen alde bat elurtuta dago, eta bestea garbitua dute: gauza txikiak dira, baina gertatzen zaizkizunean ohartzen zara egoeraz».

Muga ikusezinek ere baldintzatu dute nekazarien lana. «Lursaila bi probintzien artean duten nekazariek tentuz jokatu behar dute; inoiz, laguntza gabe geratu izan dira». Are, gehitu du ohikoa dela laguntza gabe geratzea Arabako zatian dagoen laboreagatik, nekazaria Trebiñun, Burgosen, erroldatuta baitago. «Abeltzainen kasua ere zaila da, txertatze kanpainak ezberdinak direlako probintzia bakoitzean».

Epe laburrean konponbide zaila ikusten diote egoerari herritarrek. Garai batean, Gaztela eta Leongo politikariekin ere nolabaiteko «jarrera aldaketa» antzeman zuten, baina uste dute garai bateko «gotortzea» dagoela. Guztiek irtenbide bera aipatu dute: borondate politikoa, adabakiak amaitu ahal izateko.

Bihar: Euskal Herriko enklabe eta esklabeak (III): Jeztaze.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.