Lanbroak ezkutatzen duena

Euskal Herriari eta euskarari buruz zekitena argitzen lagundu die turistei Euskal Herriko egonaldiak. Etorri aurretik, gehienek gutxi zekiten kulturari eta hizkuntzari buruz.

Guggenheim. Turistak Bilboko museoaren kanpoaldean.
Guggenheim. Turistak Bilboko museoaren kanpoaldean. LUIS JAUREGIALTZO / @FOKU

June Romatet - Zihara Jainaga Larrinaga, - Igor Galarza -, Oihana Teyseyre Koskarat -

2019ko irailak 5

Turista asko ibili da aurten ere Euskal Herrian. Horietako askok Euskal Herriari eta euskarari buruzko informazio gutxi zuten iritsi aurretik. Euskal Herria hobeto ezagutzeko balio izan die egonaldiak, nahiz eta gehienek euskara gutxi entzun duten.

Donostiako turismo bulegoa gainezka dago abuztuko azken egunetan; kanpotarren eskuetan mapak eta kamerak daude, eta ahoetan, hamaika hizkuntza. Bulegoaren kanpoan, Erresuma Batutik iritsitako familia bat dago: «Euskal Herriari buruz pixka bat irakurri nuen, eta bertako hondartzak eta mendiak ezagutzeko gogoa genuen senarrak eta biok», esan du emakumeak. Euskal kulturari buruz irakurtzen aritu zenean, Donostiara joateko gogoa piztu zitzaion. Gainera, euskal kulturari buruz irakurritako liburuan, hizkuntzaz zerbait irakurri zuen: «Liburuak euskarari buruz hitz egiten zuen, baina hemen daramagun denboran ez dut asko entzun. Hala ere, ez dakit nolakoa den; agian entzun dut eta ez naiz konturatu».

Patrick Sintobin
Euskal musikak eta naturak erakarrita etorri da Sintobin Euskal Herrira. Zihara Jainaga

Pablo Gilek, berriz, lehenago entzuna zuen zerbait euskarari buruz, baita euskara bera ere. Madrildik Zarautzera (Gipuzkoa) joan da oporretara, semeekin eta emaztearekin. Donostiara egun-pasa joan direnez, turismo bulegora joan dira, «Zarauzko lagun batzuk ditugu, eta beti esaten ziguten Euskal Herria oso polita zela eta ondo jaten zela, eta, azkenean, etortzea erabaki dugu», azaldu du Gilek. Madrilgoak izanik, euskara lehenago entzuna zutela azaldu du: «Lehenago entzuna nuen; hemen daramagun denboran, Zarautzen asko entzun dut, baina Donostian ez hainbeste».

Donostian, «jende asko»

Gilek eta bere familiak bost ordu inguruko bidaia egin behar izan dute Euskal Herrira iristeko, baina Myint Myint Than Juk hemezortzi ordu eta laurdenekoa egin behar izan zuen. Myanmarretik lagun bat bisitatzera joan nahi izan zuen. Hori aprobetxatuz, hiru hilabeteko bidaia bat hasi zuen Europan: «Euskal Herriaren inguruan irakurri nuen, eta asko gustatu zitzaizkidan kultura eta eraikinen historia; batez ere horregatik etorri naiz», azaldu du Juk. Bakarrik ari da bidaia egiten, kulturan barneratuz eta hizkuntza berriak ezagutuz: «Hona etorri baino lehen, ez nuen euskararen berri, eta hemen daramadan denboran kalean entzun dut».

Bostongo bikote batek ere gutxi zekien Euskal Herriaz: «Ez genuen ezagutzen, eta, beraz, ondo ezagutzeko, bidaia bat egingo dugu bizikletaz», azaldu dute. Euskal Herria txikiagoa zela uste zuten. Informazio bila zebiltzala, ez zuten ezer topatu euskararen inguruan: «Nik ez nekien hemen euskara hitz egiten zela, baina nire senarrak bai; hala ere, ez dakit nolakoa den», aitortu du emakumeak. Donostia «oso nazioartekoa» iruditu zaio; hizkuntza eta kultura asko entzuten ari da: «Gustatzen zait hemen dagoen dibertsitatea». Myanmartarrak ere iritzi bera du, baita Erresuma Batukoek ere. Pablo Gil, aldiz, ez da guztiz iritzi berekoa: «Madrilen ere turismo asko dago, eta masifikazioa handia da. Hemen ez da hainbesterakoa, baina hala ere jende asko dago, ni barne, eta agobiatzeko modukoa da».

Myint Myint Than Ju
Myanmarkoa da Than Ju eta Donostia bisitatu du. June Romatet


Bizkaiko hiriburuan ere turistak edonon aurki daitezke udan: Zazpikaleetan, itsasadarren inguruan, Plaza Barrian, Arriagan... Baina badago gotorleku bat hirian non turistak besterik ez den ageri: Guggenheim museoa. Iraileko lehen astean ere, lorez egindako Puppy txakurraren inguruak jendez beteta daude, gehienek momentua betikotzeko kamera edo telefonoa eskuetan dutela.

Euri zaparradak harrapatuta, argazki bat atera nahian dabil Kordobatik (Espainia) etorritako familia bat. Antonio Cordobak eta Mercedes Muelak, Mertxe alabarekin, eguraldi «txarraren» bila zebiltzala aukeratu zuten oporretarako helmuga. Lehen aldia dute Euskal Herrian. «Erabat harrituta gaude; ilunagoa espero genuen, industrialagoa». Debako Lastur auzoan (Gipuzkoa) hartu dute ostatu egun hauetan, eta aitortu dute bertan euskara etengabe entzun dutela: «Bilbon, aldiz, ez dugu entzun oraindik».

Kate Morgen hegoafrikarra ere museoaren kanpoaldean dago. Euskararen inguruan zerbait entzuna zuen: «Euskal Herrian inolako loturarik ez duen hizkuntza bat hitz egiten dela entzun nuen». Donejakue bidea egiten ari da Morgen: «Ez nuen hiriarekiko bestelako ikusminik, baina kaleetan ikus daitekeen eraikin zahar eta berrien arteko nahastea gustatu zait». Denbora gehiagorekin berriz bueltatzeko nahia agertu du.

Alemaniako familia bat
Wolfram Sproesser eta Andrea Annkathrine, alabarekin. Igor Galarza


Patrick Sintobin belgikarra, aitzitik, euskal musikak eta naturak erakarrita etorri da Euskal Herrira, «baita Guggenheimek ere». Museoa begitantzeko tarte bat hartu du, euri lainoak desagertu eta eguzki izpiak atera bitartean. Bilbon daramatzan hiru egunetan euskararik entzun ez izanak harritu du Sintobin: «Ez dut euskararik entzun egun hauetan, eta pena da, Europako hizkuntzarik zaharrena dela jakinda. Ezta ingelesa ere, gaztelera jakin beharra dago Bilbon egoki moldatzeko», gaineratu du.

Lapurdiko kostaldean ere jendetza biltzen da urtero. Baionako katedralaren inguruan ibiltzen dira, argazki tresna eskuan, kasketa buruan. Frantziatik etorriak, Euskal Herria bisitatzera. Udako turismo masibotik ihes egin nahian, iraila hastapena nahiago dute zenbaitzuk. Franche-Comte eskualdetik etorriak dira Ghislaine eta Dominique Hany senar- emazteak. Euskal Herrian ezagutu zuten elkar, 1985ean, Senperen (Lapurdi), eta, erretretan direnez geroztik, urtero egiten dute bidaia hara. Hala ere, Dominiquek nahiago du «egoera politikoa alde batera utzi». «Frantziako eskualde guztietan arazo politikoak daude, baina oporretan etortzen gara, eta ez dugu horretan sartu beharrik. Gu plazerarentzat heldu gara». Errealitate politikoari uko bai, baina irratian entzun du euskara bikoteak, baita Getarian ere (Lapurdi), aterpetuak diren lekuan.

Dominique Dubois Bretainiatik etorri da Euskal Herrira, Naonedetik (Nantes). Lehen aldia du Lapurdiko kostaldean, eta aitortu du egoera ez duela batere ezagutzen: «Badakit bere lurraldeaz harro den lekua dela, eta zuri-gorri-berdez koloreztatua dela». Bezperako arratseko pilota partidan entzun du Euskara, eta erdi irriz erran du «adineko jendeak turistek ez ulertzeko» baliatzen duela.

Ghislaine eta Dominique Hany senar-emazteak
Baiona bisitatu dute Ghislaine eta Dominique Hany senar-emazteek. Oihana Teyseyre


Lisa Legard 30 bat urteko neska bat da, eta Parisen bizi da. Hiru lagunekin batera etorri da aurten Euskal Herrira, baina txikitatik gurasoekin etortzeko parada izan du: «Badakit hemengoek euskaraz egiten dutela eta haien nortasuna aldarrikatzen dutela, baina, hala ere, ez dut karrikan asko entzun».

Gasteizen, masifikaziorik ez

Masifikazio handirik gabe pasatu da uda Gasteizen, baina ibilbide gidatuen bezero kopuruek goia jo arterainokoa izan da. Hala adierazi dute turismo bulegoko langileek. Turista gehienak Iberiar penintsulakoak eta Frantziakoak izan dira: «Europako beste herrialdeetatik jende gutxitxo» .

Gasteizek interes puntu ugari dituela nabarmendu du Jaume Rodriguezek. Bartzelonatik (Herrialde Katalanak) joan da Gasteizera, astebete igarotzera. Harentzat, Gasteizek duen gauzarik deigarriena da hiri «berdetsua» dela, eta «parkeen ugaritasuna» nabarmendu du. Hiri «polit» bat bisitatzea espero zuen, baina uste zuen baino «dezente politagoa» iruditu zaio egunotan Gasteiz: «Ez diot akatsik ikusi, oraingoz», gaineratu du. Euskal eta euskara giroa apenas nabari daitekeela adierazi du Rodriguezek. «Oso euskara gutxi entzuten da kalean», eta gaztelera da gehien entzun duen hizkuntza: «Nik behin bakarrik entzun dut euskara astebetean: pertsona bat telefonoz hizketan ari zen».

Baiona
Turistak Baionako katedralaren inguruan. Guillaume Fauveau


Cuencako (Espainia) bikote bat dira Minerva Rubio eta Jose Repollo. Eguna igarotzera etorri dira Gasteizera. Lehen aldiz egon dira Gasteizen biak, eta «polita eta lasaia» iruditu zaie hiria. Etorkizunean gustura itzuliko liratekeela esan dute Rubiok, Repollok eta Rodriguezek. Azken horrek orain Agurain du bideko hurrengo geltokia; bikoteak, berriz, Donostia.

Izan ere, Iberiar penintsulako kosta ezagutzera joan denik ere bada Gasteizen. Bidaia luzea egin dute Wolfram Sproesserrek eta Andrea Annkathrinek bere alabarekin: Alemaniatik etorri dira. Hamar egun pasatu dituzte Euskal Herria eta Kantabria ezagutzen, eta, Gasteizen ikusi zutena eta gero, katedralak nabarmendu ditu Sproesserrek: «Oso politak dira katedralak eta, orokorrean, hiriaren alde zaharra». Euskaldunak ez dituzte edonola bereizten, baina Annkathrinek euskara entzun du kalean: «Jendea hizkuntza arraro batean hitz egiten entzutean, haiengana hurbildu naiz, zer eta nola esaten zuten entzuteko». Sproesserrek esan du Euskal Herrira bidaiatu aurretik «zerbait irakurri» zutela euskararen eta Euskal Herriaren historiaren inguruan, «Euskal Herriko egoeraren eta kulturaren berri izateko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna