Gora begira daude biak

Reala eta Levante Anoetan ariko dira gaur. Bi taldeotako jokalari ohi Jose Javier Barkerok nabarmendu du biek «ondo» jokatzen dutela

Miramon eta Merino, lehian, lehen itzulian, Valentzian. JUAN CARLOS CARDENAS / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Realak Levante jasoko du gaur (18:30, Movistar La Liga). Sailkapenean hamar punturen tartea dute, baina gora begira dauden bi talde dira. Realak aurrea hartua du, baina ondo jokatzen duen taldea da Valentziakoa. Hala uste du Jose Javier Barkerok (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1979). Bi taldeetan aritu zen, futbolari zelarik. Partida bizia espero du Anoetan: «Bi taldeak oso ondo dabiltza, eta partida polita izan daiteke. Bakoitzak bere estiloa du».

Levantek Espainiako Kopako finalerdietan esan berri du agur, Athleticen aurka. «Oso ondo dabiltza. Gauza da ez dakidala nola egongo diren Kopakoaren ostean». Gakoetako bat izan daiteke.

Paco Lopezen taldea egiten duen jokoarengatik da ezagun. Baita Reala ere. Biek dituzte aurrelaririk golegileenak. Hamar gol edo gehiago sartu dituzten bi jokalari dituzten talde bakarrak dira ligan: Realean, hamabi lortu ditu Isakek, eta beste hamabi Oiarzabalek. Levanten, berriz, hamar sartu ditu Rogerrek, eta hamar Moralesek.

Aurrera begirako jokoa egiten dute. Barkeroren iritzia da: «Berez, Realak orain dela urte batzuk estilo hori hartu zuen, eta ondo etorri zaio. Levantek ere estilo hori hartu du azken bi urteetan. Oso bertikalak dira biak, eta gol asko egon daitezke. Ea nola moldatzen diren eta nork eramaten dituen hiru puntuak. Levanteren jokalariak oso sartuak daude. Zelai erditik aurrera talde ona du, eta nabari da hori. Golak sartzen ditu, eta gauzak errazagoak dira horrela. Morales oso ondo dabil, eta Rogerrek 10-15 gol sartzenen ditu. Hori ona da taldearentzat».

Atzeko lerroa ere «ona» duela dio Barkerok: «Atzean sendo dabil, eta atezaina ere ona du [Aitor Fernandez arrasatearra]. Kontuz ibili behar du Realak: Han irabazten hasi zen, eta galdu egin zuen gero. Talde gogorra da Levante, eta ez du partida bat galdutzat ematen, galtzen arituta ere».

Reala, goian egoteko taldea

Reala eskas aritu zen 2020. urtearen amaieran eta 2021.aren hasieran. Orain, «ondo» ikusten du Barkerok: «Jokoan oso ondo ari da. Behera egin zuten, baina berriz goian daude. Nabaritzen da Silva itzuli dela, Isak golak sartzen ari dela... Lehen, ondo jokatzen zuten, baina gola falta zitzaien. Baloiarekin oso intentsoak dira. Eta emaitzak ere laguntzen diete. Goian egoteko taldea da».

2020ko Kopa bazter utzita, Realak lehia bakarra du jokoan gaur egun: liga. Horrek txapelketa horretan zentratzeko aukera emango dio taldeari, Bakeroren ustez: «Ez da berdin hiru lehiaketa edo bakarra edukitzea. Azkenean, astean partida bakarra daukazu, eta asko igartzen da. Imanolek txandakatze gutxi egin ditu, eta lesio asko izan ditu. Tarte txar horretan igarri egin zen. Ligan zentratzea ere garrantzitsua da. Bosgarren postuan dago sailkapenean, eta, Sevilla urruti dagoen arren, ikusi egin behar da bolada txarrik duen, eta Realak lehian sartzeko aukera duen. Borroka polita da hori ere».

Levante sasoi urte ona egiten ari da. Ados dago Barkero: «Azken bolada honetan ez dut taldeko inorekin hitz egin, baina egoera aproposean daude. Rogerrekin hitz egin dudanean esan izan dit hori, ondo daudela. Kopak ilusioa egiten zien, baina Ligan ere emaitza onak lortu dituzte, batez ere etxean. Moldatzen ari dira, eta ez dira sufritzen ari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.