UDAKO SERIEA. Teknologia berriak eta lanbideak (II). Banatzaileak.

Teknologia lanaren lagun, lagunak urrun

Teknologiaren etorrerak laneko zenbait arlotan lagungoa ekartzen badu ere, mezularitzan, postan eta banaketan giza harremanen urruntzea ekarri du: hala ondorioztatu dute ofizio horietan ari diren Jose Manuel Jauregik, Frantxoa Lambertek eta Raimundo Lanasek. Paperaren ttipitzeak eragin handia du.

Frantxoa Lambert. Postari ohia. AINIZE MADARIAGA.
Ainize Madariaga
Izpura
2021eko irailaren 1a
00:00
Entzun
Jose Manuel Jauregi Iturriotzek ongi ezagutzen du mezularitza: BERRIA egunkariaren arbasoaren zerbitzuko ari baitzen jada; Euskaldunon Egunkaria-n, Andoainen (Gipuzkoa). Lana badago. Alta, ez da izan beti bera: «Gutun azal bat ez dakit nora eraman, pakete bat jaso, Donostiako Parte Zaharrera joan giltzen bila edo notariotzara...».

Ofizioaren kanbiamenduak lehen lerroan ezagutu ditu, eta teknologiak eragin du horretan. Izan ere, Interneten globalizazioak errotik inarrosi baititu lan moldea eta kantitatea. Fisikoki egin beharreko lana digitala bilakatu baita: «Orain dena Interneten bidez ateratzen da. Lehen, autobus geltokietara joaten ginen Donostiatik, Iruñetik, Baionatik edo Bilbotik bidalitako argazki filmak bildu eta egunkaria ateratzeko. Argazki filma argazki dendan uzten zen argazkiak ateratzeko: guk eramaten genuen, eta bila joaten. Egunkaria ateratzeko plantxak ere egunkaritik bidaltzen ziren...».

Digitalizazioak Jauregiren lana erabat moldatzea ekarri du, ez baitu gehiago autobus geltokietara joan beharrik, eta gutun azalak ere arras murriztu baitira. Baina ez da lanaren eskasean, hark eta enpresak ukan baitute abilezia garai berrietara egokitzeko: «Papera pila bat jaitsi da, jendeak egunkaria Internetetik irakurtzen du, baina badago lana. BERRIAk zerbitzu berriak abiatu dituelako: agenden, aldizkarien eta publizitatearen banaketa».

Alta, Jauregiriri ez zaio batere laket teknologia, «kostatzen» baitzaio telefonotik mezuak bidaltzea, adibidez. GPSa ere, ahal dela, ez du baliatzen: «Gernikara baldin banoa, baten bati galdetzen diozu non dagoen bilatzen duzun kalea; nik telefonoa justu-justu deitzeko erabiltzen dut». Dena den, hautu pertsonala dela azpimarratu du, zeren eta teknologiaren ekarpena eskertzen baitu: «Hobeto antolatzen laguntzen du; teknologia berriak ekarri du estresaren txikitzea, mezuz jasotzen baituzu zer egin behar duzun, helbidea eta guzti. Lehen askoz ere estresagarriagoa zen lan erritmoa; plana aldatzen bada, badaukazu bestearen telefonoa eta besteak zurea: deitu eta kito. Lehen ezin zen».

Postan kostatzen da

Frantxoa Lambertek bizi osoko esperientzia du postari gisa. Garaien aldaketak bete-betean harrapatu du, eta lana errotik kanbiatu zaiola aitortu du. Errentagarritasunaren izenean postarien lanpostuak murriztu eta turnadak emendatzearekin hasi zen dena. «Teknologiaren estakurua baliatu zuten, erranez gutun gutiago zela. Turnadak handitu zizkiguten orduan, baina publizitate aise gehiago bada! Azkenean, postariak gero eta gehiago aritu behar; galtzaile». Lan zamaren handitzeaz gain, Lamberti gehien dolu zaiona lan sozialaren desagerpena da.

Banaketa bakoitzerako mendratu duten denborak desagerrarazi duelako jendearekiko harremana. «Lan soziala zen pietunen indarra. Ofizio eder bat zirtzikatu dute; gutun gutiago ekarri ditu teknologiak, eta langilearen kontrol handiagoa. Ene turnadan, 85 etxe nituen; orain 400 dituzte! Orain ez nintzateke postan ariko. Jendea agurtu gabe lanean aritzea? Teknologiak berehalako harreman galtzea ekarri du».

Lambert irriaz oroit da, zenbat badituen eginik bere ofizioan, loriatu baita. Diskrezioa erakutsiz gero, jendea pietunaz fida zela azpimarratu du. Telefonorik ez zelarik, konparazione, pietunak zituen herriko berriak ematen: «Absolutuki atxiki beharreko norbait zen pietuna».

Egun hartakoa ez du ahantziko: Eguberri kari, egutegiak saltzera joan zen etxalde baterat. Etxeko andere zaharrak pota eman zion, agurtzeko, baizik eta operatu behar zutela eta ez zela iratzarriko. Ebakuntzatik landa Lambert klinikarat joan zitzaion txokolatea eskaintzera: «Jainkoaren ondotik, ni ninduen!». Halako harremanen akabera ikusi du Lambertek teknologiaren agerpenarekin. Kronometratuak baitira orain: bi minutu eta 15 segundo baitituzte etxe bakoitzeko. Teknologiari abantaila ttipi bat aitortzen dio: gutunak herrika sailkatuak iristen direla. Baina hogei minutu irabazi badituzte ere, turnada emendatu dietenez, uste du ez duela konpentsatzen.

Gutunez gain, Lambertek denetarik garraiatu izan du herritarren alde: gasna, arnoa, konpota, farmaziatik erremedio franko, bai ardi bat ere. «Amatxi batek sagar eta banana konpota izugarri maite zuen; autorik ez zuenez, nik eramaten nion. Trukean, bazkaltzerat gomitatzen ninduen». Hilabeteko sariak ere eskurat helarazten zituen, bankutik pasatu nahi ez zutenek hala galdaturik: «Goxo zen, bi ele egiten zenituen, eta beti zerbait ematen zizuten ordainetan». Orain, ordea, postak zerbitzu horiek ordainarazten ditu. Are gehiago, naturaltasunez egiten zena ere burokratizatu, eta kobratuz egiten du: adineko jendearen berri hartzea.

Bi anaia mutilzahar eta arreba mutxurdina urruneko baserri batean bizi ziren. Ez zuten ikusten pietuna baizik. Behin, han zela, etxeko anderea ikusi zuen lurretik tanpez zutitzen, soinean zuen zaia luzea bere lekuan ezartzen, etxe aitzinean: «Bixkotxa hortxe egina zuen, etxe kantoian, eta arto zokorra gainean landatua! Ipurdia xahutzeko baliatu zuen! Belar ona ateratzen zen hor!».

Ironiaz aitortu du teknologiaren faltan egon zela behin: Ostankoako (Nafarroa Beherea) herriko etxeko bortan zerrama bat zegoela: «Argazkia merezi zuen!».

Teknologiaren mugak

Badu bulta bat Raimundo Lanas Oraintxe banaketa enpresan lanean ari dela, Iruñean: duela 24 urte. Hiriko berehalako garraio zerbitzua dute berezitasun; hala ere, nazioarteko banaketak ere egiten dituzte.

Teknologiak «barne burokrazian» ekarri die aldaketa; papera murriztearekin, lana «bizkortu» die: lehen ez bezala, emate agiriak eta bezeroen izenpeak, konparazione, telematikoak baitira orain. Hala ere, «berdin mugitu behar duzu toki batetik bertzera paketea eramateko», azpimarratu du Lanasek. Oroitu da lehen ez zela kasik telefonorik, eta zeudenak arras sinpleak zirela; «eskaera komunikatzeko baliatzen genuen doi-doia». Orain, karriketan aise kurritzeko baliatzen da, nahiz eta Lanasek nahiago duen mapekin aritu; Iruñeko karrikak errotik ezagutzen ditu. Dena den, kasu bakanetan bada ere, GPSa darabil, Erripagaña edo Lezkairu auzo berriztuetan, adibidez, duda gehiago sortzen baitzaio: «Pentsatzen dut adin kontua izanen dela, gazteek Google Maps erabiliko baitute segur aski».

Hori bai, teknologiak aparteko gorabeherak kudeatzeko aiseria ere ekarri du: «Paketearekin iritsi inora eta hetsia bazen, lehen, gure bulegora deitu beharra genuen: handik bilatzen zuten kontaktua, deitzen, eta gero guri berriz ere... Orain, ez; denbora irabazten da.

Alta, mundu telematikoak kalteak ekarri dizkio enpresari; izan ere, berezitasuna baitzuen dokumentazioa garraiatzea. Fisikoa zena telematikoa egin denetik, igorketa asko galdu dute. Gainera, COVID-19ak fenomenoa areagotu du: «Instituzio publikoetan dokumentazio telematikoa derrigortzen hasi baitira; beraz, paperaren aukera ezeztatu dute».

Hala, teknologiak lan zama murriztu eta lan moldea aldatu die Oraintxeko langileei: banaketak «zerbait bizkortu» badizkie ere, fisikoki joan beharrak bere mugak baititu; oren bakarrean zenbat pakete banatu behar dituzte? 60? minutu bat eskaera bakoitzeko? Emate agiria eta izenpe bilketaren zama «arindu» bazaie ere, helmugara haiek baitute joan behar, eskailerak eta guzi. «Orduko banaketa gehiago egin behar dugu, eta gutxiago ordainduak gara. Horretan teknologia langilearen kontra aritu da».

Lanas oroitu da lehengo maneran tramiteak geldoagoak zirenez harremanak humanoagoak ere bazirela, nahi ala ez, eskuz bete beharreko paperak zuzeneko elkarrekintza zekarrelako: ordua galdegitea, bolaluma eskatzea: «Teknologiak sekulako laguntza ekarri du gauza askotarako; hala ere, egia da harremanei gizatasuna kendu diela; inpertsonalizatu eta azalekoagoak egin ditu, eta horretara ohitu gara».

Azkenik, Oraintxe enpresak sentitu du globalizaziorako joera: gehienetan, tokian tokikoaren kaltetan. Badituzte nazioarteko enpresekin hitzarmen batzuk; horri esker, hala ere, lan zerbait kausitzen dute: kanpotik ekarria dena bertan banatzen baitute. Dena den, azpimarratu du merkatu telematikoari esker, tokian tokiko enpresekin ere ari direla, gozotegiekin, adibidez: Internetez eskatutako pastizak, adibidez, Iruñean berean banatzen dituzte. Gomendio bat egin du: «Gure ekintza guziek badute inpakturik; beraz, lokalki eragin dezagun, globalki pentsatuz!».

Bihar: Garraiolariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.