UDAKO SERIEA. Teknologia berriak eta lanbideak (IV). Irakaskuntza.

Oreka, eskolen ikasgaia

Teknologia berriek goitik behera aldatu dute irakaskuntza azken 50 urteetan. Denbora aurrezteko eta eskolak erakargarri egiteko baliagarri izan dira, baina berehalakotasunak eta irakurtzeko gaitasunak kezkatzen ditu irakasleak.

Rakel Oteiza, Biki Nuin eta Izadi Oroz; hiru belaunalditako irakasleak San Fermin ikastolako gela batean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2021eko irailaren 3a
00:00
Entzun
Hiru irakasle. Hiru belaunaldi. Rakel Oteiza (Zudaire, Nafarroa, 1952) duela 46 urte hasi zen irakaskuntzan, baina erretiroa hartua du. Izadi Oroz (Iruñea, 1990) duela hiru urte hasi zen irakasle. Batetik bestera, mundu bat; teknologiek goitik behera aldatu dute ogibidea. Eta, prozesu horretan, etengabe moldatzea egokitu zaien irakasleak daude; Biki Nuin (Iruñea, 1966), tartean. Teknologiek aukera anitz ekarri dituzte: denbora aurreztea, edukiak bestela lantzeko parada... baina arriskuak ere baditu ikasle bakoitzak bere chromebook ordenagailua izateak. Oreka da gakoa, baina oraindik ez dute aurkitu.

San Fermin ikastolan egiten du lan Orozek, bigarren hezkuntzan. Lanean hasi zen egunean, hiru gauza eman zizkioten: erabiltzailea, pasahitza eta chromebook-a. Libururik ez. Ikasgelan sartu zenean, ikasle guziek ordenagailu bat zuten. Libururik ez. Koadernoa ateratzeko esan zienean, ikasleek harriturik erantzun zioten: «Artxibategi bat dugu, dena ordenagailuan egiten dugulako».

Oteiza lanean hasi zenean, bestelakoa zen egoera. Eskola ertain batean eta txiki batean aritu zen hasieran; liburuekin lehenengoan, berak sortutako materialarekin bigarrenean. Haur hezkuntzan hasi zen. Arratsaldero, eskolatik atera eta materialak prestatzen zituen: «Argi naturala bazegoen, kristalean egiten nituen kopiak; bestela, kalkoekin». Asteburuan ere aritzen zen.

Gero, Ezkaba ikastetxera joan zen, Antsoainera (Nafarroa). Lehen hezkuntzan aritu zen. Liburuak erabiltzen zituzten nagusiki, opakuen proiektagailua eta fitxak. «Etxeko fotokopiagailu bat» zuten kopiak egiteko: «Ore bat egiten genuen arrain jelatinarekin. Erretilu batean zabaltzen genuen, eta hozten zenean prest zegoen kopiak egiteko. Kopia nagusia gainean jartzen genuen, hor inprimatuta geratzen zen, eta gero jartzen genituen hurrengo folioak, banan-banan. Hori tinta ezabatzen zen arte; orduan, berriro prestatzen genuen orea».

Gogoan du eskolara lehenbiziko fotokopiagailua ailegatu zen eguna: «Festa bat izan zen». Geroago etorri ziren ordenagailuak. Horren aurretik, idazteko makinarekin prestatzen zituzten fitxak. «Hori ere lana zen. Ezin zinen okertu; bestela, errepikatu egin behar zenuen, edo zuzentzailea erabili». Beraz, ordenagailuak lan dezente aurrezteko aukera eman zien. «Pixkanaka, ordenagailuekin moldatu behar izan genuen, nerbioak airean, azkar eta estresatuta ikasten genuelako. Kanpotik esaten ziguten premiazkoa zela, berehala ikasi behar zela, eta hori ez da ona».

Nuinek ikasle garaian erabilia zuen idazteko makina, baina irakaskuntzan hasi zenerako ordenagailuekin aritzen ziren. Disketeak erabiltzen ziren orduan. Opakuen proiektagailua eta diapositibak ere ibiltzen zituzten. «Tokatu zait egokitzea poliki-poliki teknologiaren mundura, beti sentsazio horrekin: presaka edo zerbait ikasi orduko beste zerbait ikasi beharra zegoela».

Frankotan, ikasleak aurreratuago ziren haiek baino, konplexu txiki bat izateraino. Baina moldatu dira: «Denborarekin ikusi dut behar dudan hori ikasten dudala», kontatu du Nuinek. Oteiza ere etengabe moldatzen aritu da, nahiz eta azkenengo saltoak erretiroa hartuta harrapatu duen: «Arbel digitala ez dut inoiz erabili, baina moldatuko nintzen. Beldurrik ez diot izan horri. Askotan neska-mutilei eskatzen nien laguntza».

Pantailen iraultza

Hasieran, ordenagailuak irakasleek erabiltzen zituzten, materialak eta apunteak prestatzeko. Azkenean, gelaren parte bihurtu dira arbel digitalak eta chromebook-ak. Hori izan da aldaketarik handiena Nuinentzat: «Behartzen zaitu metodologia eta dena horretara egokitzera». Eztabaida ere izan zuten: arbel klasikoa, digitala edo deus ez? Azkenean, erdian digitala eta alboan klasikoa.

Orozek adi-adi entzun ditu garai bateko teknologia analogikoekin egiten zutena. «IKTek denborarekin asko lagundu digute: nik denekin partekatzen dut fitxa, eta, konturatzen banaiz akats bat dagoela, momentuan ezabatu eta guztiei ezabatzen zaigu». Ez hori bakarrik: aukera gehiago dituzte edukiak azaltzeko. Bideoen bidez, adibidez. «Irudiaren indarra da gehien eskertzen dudana. Gizarte emateko, lehen pentsatzen zenuen: hau erakutsiko nieke, baina eraman behar duzu telebista gurditxoan, zinta jarri, bilatu... Gero ez zen ongi ikusten eta entzuten», esan du Nuinek. Orain, klik batean paratu daiteke bideo labur bat, sarrera moduan.

Orozek aipatu duen beste onura bat da integraziorako lagungarri izaten ahal direla teknologiak: ikusmen arazoak dituenari letra handitu dakioke, edo laguntza behar duen ikasleari moldatu dakioke ariketa, gainerakoekin batera aritzeko arazorik izan gabe.

Baina zalantzak ere sortzen ditu teknologiek gela hartzeak. Orozek azaldu du: «Badut sentsazioa ikasleak gauza askotan gure aurretik joaten direla. Ez dakizu zer egiten ari diren pantailaren atzean. Oso tresna indartsua dute esku artean, eta nahi dutena egiten ahal dute». Askotan sortzen da eztabaida irakasleen artean: «Ikusi dugu bat-batean aldatu dela dena ordenagailura; agian behar da tarteko bide bat».

Eskola eta institutu guzietan ez da jauzia berdin eman. Batzuk digitalean ari dira guztiz; beste batzuk poliki sartzen ari dira horretan. Badira digitalera pasatu ondoren atzera egin dutenak ere. Orozen ikasleek chromebook bat eta artxibategia daramate motxilan. Nuinen ikasleek liburuak ere badituzte. Arkatza ez da falta: azterketak eskuz egiten baitituzte oraindik. Papera alde batera uzteak kezkatzen du Nuin: «Ikusten dut geroz eta gehiago kostatzen zaiela testu bat irakurtzea. Ohituta daude dena irudien bidez jasotzera, eta oso begirada azkarra dute gauzak bilatzeko». Batzuetan behar da «paperaren patxada»: «Niretzat, pantaila oso azkarra eta berehalakoa da».

Bada beste kezka bat: Interneti esker, ikasleek informazio ozeano bat dute eskura, baita fidagarria ez dena ere. «Informazio hori kudeatzen jakin behar dute; hori da erronkarik handiena», esan du Nuinek. Orozek aipatu du webguneen fidagarritasuna lantzen dutela. Iturri egokiak hautatu, irakurri eta alderatzen irakastea ezinbestekoa da, ikasleek jakin dezaten datua eta ustea banatzen. Orozen aburuz, «gidari» lana egin behar dute: «Eduki batzuk jakin behar dituzte, baina gehiago erakutsi behar dizkiegu konpetentzia batzuk iritzi kritiko bat izan dezaten, orain dena Googlen begiratu baitaiteke».

Azkenengo salto handia

Arbel digitala da ikasgeletako aldaketa digitalaren ikurretako bat. Horrek ere baditu zenbait onura: irakasleak ez die bizkar eman behar ikasleei bertan idazteko. Orozek kontatu du chromebook-ean idazten duena ageri dela arbelean; beraz, gelaren atzeko aldetik idatz dezake, ikasleak eta haien pantailak bistatik galdu gabe. Ez hori bakarrik; eskola bukatutakoan, arbelean idatzitakoa gordeta geratzen da, eta, beraz, biharamunean irakasleak ez du dena berriz idatzi beharrik.

Metodologian ere abantaila handiak sumatu ditu Orozek. Berak ez du libururik erabiltzen, edo, hobe esanda, zenbait liburu erabiltzen ditu, eta horiekin sortzen du ikasleek ordenagailuan irekiko duten materiala. Esan liteke Oteizaren hasierako garaira itzuli direla zentzu batean: «Edukiakeman behar dira, baina zerekin eta nola gure esku dago», esan du irakaslerik beteranoenak. «Zeure burua goitik behera sartzen baduzu, prestatzen baduzu eman behar duzuna, seguru gai hori erakargarria izango dela neska-mutilentzat. Hori ez da gertatzen liburuekin. Liburuek zaituzte bide itxiago batetik eramaten dute».

Konfinamendua izan da irakasleak teknologietan jauzi handiena egitera behartu dituen egoera. Egun batetik bestera etxetik etxera aritu behar izan zuten. «Ezusteko saltoa» izan zen, gainera, Nuinek azaldu duenez: «Asko ikasi dugu. Oso garbi dut gure lana, lan gehienak bezala, etengabeko formakuntza dela. Uste nuen aldaketa asko ez zitzaizkidala tokatuko, baina auskalo oraindik zer egin beharko dudan». Oroz ohituago zegoen ordenagailuak denerako erabiltzera, baina denbora izan du hausnartzeko: «Tresna horietan baliabide gehiago bilatu ditugu». Tarteka youtuber sentitu zela aitortu du.

Etxetik eskolak emateko aukera izan da berritasunetako bat. Baina izan daiteke kalterako ere: «Dagoeneko ez daukate gaixorik gelditzeko aukerarik», esan du Orozek. «Nik beti galdetzen nien lehenbizi ea zer moduz zeuden», gehitu du Nuinek. Eta, noski, teknologiaren gabeziak agertu dira azalera: «Bertatik bertarako arreta zer garrantzitsua den ikusteko balio izan dit», esan du Nuinek. «Haien arteko interakzioa, gurekin dutena... Nahiz eta zaila izan musukoarekin eskola ematea eta muga batzuk ditugun, eskolan egotea ez nuke ezerengatik aldatuko».

Bada agertu den beste gabezia bat: ikasle denek ez dituzte baliabide berak. Orozena da aldarrikapena: «Teknologiak bai, baina mundu guziarengana iritsi behar dute». Izan ere, etxe guzietan ez dago Interneterako sarbiderik, ezta ordenagailurik ere. «Erriberan, adibidez, zailtasun handiak izan zituzten. Nafarroako Gobernuak hori ziurtatu beharko luke». Berdin uste du Oteizak: «Inor ezin da atzean gelditu bere etxean ez dutelako aukera hori».

Gogoetarako baliagarria izan zaie hiru belaunaldien bilkura. Nuinek eskertu egin du: «Polita da belaunaldi ezberdinetako lankideekin esperientziak trukatzea. Zorionez, ikastetxeetan hori badugu: jende gaztea eta eskarmentu handikoa». Horrek bultzatzen baitu etengabeko hausnarketa: dagoena zalantzan jarri, eta berria nola ezarri eta noraino. Haiek ere ez dute argi. Eskoletan gainditzeko dute orekaren ikasgaia.

Bihar: Musikariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.